Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

IRUGARREN JARDUN ALDIA

 

PERU JAUNA eta AGATA

 

(Alkarrekin sartu bitez, naiz eskerretik, naiz eskubitik.)

 

AGATA: Bai, osaba, benetan nago kezkaturik. Illabete bat ba-da Joxe Migel'en albisterik eztaukatala.

PERU JAUNA: Askotxo da.

AGATA: Orain arte, astean bi edo iru eskutitz jasotzen nitun eta orra bat-batean aren berririk gabe gelditu.

PERU JAUNA: Eranegun Keleo'rekin egon nintzan eta arek ere, aspaldian mutillaren kartarik eztutela esan zidan. Nik agindu nion zure bitartez mutillaren berriak emango nizkiela eta orain arri ta zur uzten nauzu zu ere Joxe Migel'en albiste gabe zagozala jakinda.

AGATA: Samintasun oñazetan bizi naiz aren albisterik gabe gelditu naizen ezkeroz, osaba.

PERU JAUNA: Sinisten dizut, Agata.

AGATA: Gaixorik ote dago ba?

PERU JAUNA: Ori pentsatu bear.

AGATA: Baiñan, ala izanik, ez ote da arritzeko bera bezero dagon etxekoai ez esatea niri jakiñerazteko?

PERU JAUNA: Gaiñera, nire azkeneko eskutitzetan esaten nion bere berririk gabe naizela eta arren, idazteko zer gertatzen zaion esanaz. Ainbeste eskari eginda gero nola liteke Joxe Migel'ek ez erantzutea?

PERU JAUNA: Agata, garbi mintzatuko natzaizu; bere azkeneko eskutitzetan ez al-zenun ozkeri edo itxurakeririk nabaitu?

AGATA: Ez, osaba, lengo beroan idatzirik zegozen. Baiñan, zer esan nai duzu orrekin?

PERU JAUNA: Ba-dakizu, Agata, oraindik gaztetxoa zeranarren, gizonaren leialtasuna emakumeaganako eztala sarritan egitazkoa izaten. Nik eztut Joxe Migel'ez orrelakorik pentsatu nai, baiñan, mundu biurri ontan gerta ditekena da emakume gaiztoren batek burua nahastea eta zuri zor dizun zintzotasunari uko egitea...

AGATA: (Negarrez) Joxe Migel'ek orrelakorik! Osaba, otoi, etzaidazu biotz au oñazez erdibitu.

PERU JAUNA: (Illoba laztanzduz eta malkoak txukatuz.) Agata, txuspertu zaitez, zuk diñozunez ezpaita orrelakorik izango.

AGATA: (Negar-zotinka.) Ez, ez, ezin diteke...!

PERU JAUNA: Egingo nuke beste zerbait ba-dela tartian... Baiñan ez estutu, Agata, egun asko baiño len jakingo baitut nik zer gertatzen den. Salamanca'raiño joan bear ba'da Salamanca'raiño joango naiz, baiñan, nire itza ematen dizut Joxe Migel'en berri aurki jakingo dugula...

PERU JAUNA: Amari esan al-diozu gertatzen zaizuna?

AGATA: Zertako? Nire samintasunaz poztutzeko? Ez, eztiot esan eta eztiot esango.

PERU JAUNA: Aitatxo Madrillen da, ezta?

AGATA: Gaur eguerdiko dilijentzian elduko da, Madrilletik egindako azkeneko eskutitzean esan zunez, atzo iritxiko omen zen Gazteiz'era trenian eta gaur etxera andik onako zalgurdian.

PERU JAUNA: Gaur bertan zure aitarekin egongo naiz. Ain zuzen ere, dilijentziaren ordua laister da. Kalamax'enian zai egongo natzaio eta zalgurditik jeixten dakustanean, agurtzeko aitzekian itzeginen diot. Zuk ez al-diozu itxoin bear?

AGATA: Ez, osaba, Lagun-dama zai daukat eta etxera joan bear dugu. Amatxok esan baitu bera bakarrik aterako dela aitaren billa.

PERU JAUNA: Zuaz ba etxera, amak agindu bezala. (Matrail batean musu bemaio.)

AGATA: Agur, osaba.

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958