Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

ZORTZIGARREN JARDUNALDIA

 

PERU JAUNA eta ANTTON

 

Abagune batez, PERU JAUNA ta ANTTON sartu arte utsik geldi bedi antzeztokia. Auek, gertakizunen berri jakiteke sar bitez arrantzako tresnak eskutan dituztela itxasoratzeko ustean. Izketan diardutela, bat-batean oar bitez gertatzen'denaz.

 

PERU JAUNA: Itxasoa bare eta eder dago. Atzo arratsean ez nukean esango gaur goizean arrantzara atera bear genunik. Baiñan, abendu beltz onek ustekabean eskeiñi digun giro eder au ezta galtzen uztekoa.

ANTTON: Ez orixe; nire zahartzaroko jolas bakarra auxen dut eta joandaneko amostaldi ontan eztu itxasoratzeko girorik egin. Orregatik, nire billa etorri zeranean itxasora erten nai nun galdezka, umeak baiño pozago jarri naiz.

PERU JAUNA: Etsituta nengon aspalditxoan arrantzara ertetzeko girorik ez ote zun egin bear. Ain egualdi kaxkarrak egin baiditu bolara ontan.

ANTTON: Bai, alaxen da, baiñan, negualdiko ateraldiok, tarteka egin oi diranez, askozaz gustagarriagoak izan oi dira. Eguneroko jolasak aspertu egin oi du eta noizik beingoak zoratu.

PERU JAUNA: Ori ala denik ezin uka, baiñan kostakumeok itxas gezalak bizi gaitu eta au kendu ezkero arraiñak legorrean bezala itotzen gera. Baiñan gaurkoa gurea da ta ase gaitezen itxasoaz urrengo txandaraiño.

ANTTON: Bai, goazen lenbailen, potiña zai daukagu-ta. (Abia bitez.)

PERU JAUNA: (Bat batean geldituz.) Baiñan, Antton, ori da jendez kai muturrean.

ANTTON: Izan ere, zerbait gertatu ote da?

PERU JAUNA: Itxura ala da. Gizonezkoak txapela kenduta dute. Nunbait, errezuan diardute.

ANTTON: Itxasoan zerbait gertatu da, antza. Itoak edo dira.

PERU JAUNA: Aztoratuta dagozela dirudi... Larrikara nabaitzen da euren arpegitan... Otsak, ojuak, gizonak negar zotinka... Baiñan, Jaungoiko maitea, zer gertatu ote da?

ANTTON: Lagun nazazu, Pello, olakotan, zutik irauteko indarrak uts egiten baitit. (Lagun bezaio.) Ainbestekoa da, izan ere, nire zaharreri ontan itxasoan itoak egiten didaten zirrara.

PERU JAUNA: Atxiki niri, Antton, belaunak uts egin baiño len. (Gizaldrari begira.) Gizonezkoen artean emakumeak ere ba-dira. Oker ezpa'naiz, onera begira dagon ori Luixa da. Orain ere saltsa billatu du emakume orrek. Nola moldatzen ote da gertakizun guzietan lenengo jakille bera izateko? Sorgiña esan zion arrek, arrazoi pixkabat ez ote du berarekin?

ANTTON: Urbil gaitezen gizatalderaiño, Pello. Eriotza anai bekigu gure billa datorkigunerako.

PERU JAUNA: Bai, urbil gakizkion Eriotzari gizonki, bere ostean Bizi berri bat ba-delako usteak sendotuta. Ken ditzagun txapelak eta erreza dezagun «Aita Gure» bat itxasoak irentsiak Bizi ori goza dezaten... (Aita Gurea errezaka bijoaz eta oiala jetxi bedi.)

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958