Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

LAUGARREN JARDUNALDIA

 

Lengoak eta ANTTON (Keleo'ren aita)

 

PERU JAUNA: Orra or Antton zaharra bere kañabera ta guzi.

KALAMAX: (ANTTON'i, sartzean.) Ori da umoria, Antton, zure urtiakin.

ANTTON: Itxasoan jaio dena, itxasoak azi ta bizi dik.

KALAMAX: Bai, neu tabernak bezala. Bakoitzak bere gustuak izan oi ditu.

ANTTON: Gustuak eta estuasunak, Kalamax. Nik, itxasoan igaro dizkiat makiñabat eta aitzea dutanez ik ere pasatu duk bart ire estuasuntxoa... ardandegi atarian.

KALAMAX: Ba, ba, ba. Itxurak egin.

ANTTON: ltxurak ez, Kalamax. Gaur, mediku jauna nirekin egona duk eta ark kontatu zidak zeatz-meatz.

PERU JAUNA: Zer baiña? Zer duk alako ori?

ANTTON: Zera... Atzo arratsean komedianteak ziran erriko plazan, Kalamax'en ardandegi aurrean ain zuzen ere, eta delako komediante batek makiñabat katramil egiten zitun'bere tresnakin. Alako batean, arrautz bat atera du eta abotik sartu ta zeratik... «popa»'tik atera asi da. Orduan, Kalamax'ek... Tira, baiña ontaz aurrera berak obeki kontatuko ziguk.

KALAMAX: «Nik ere ori egin baietz», esan nion eta gero plazako jendeari: «Ekarri errian den arrautzik aundiena eta aboko zulotik sartuta atzekotik atera baietz nik ere.» Ekarri zidaten, gezurrik esateke, kalabaza baiño aundiagoko arraultza eta orduntxe bai damutu nintzala nire ollarkeriaz. Larritasun artan izerdi tantoak ere atera zitzaizkidan. Baiñan, jende guzia begira nun eta zerbait egin bear lotsagarri geldituko ezpa'nintzan. Begiak itxi nitun eta geiago pentsatu gabe, zapla! sartu nun oso-osorik eztarrian barrena.

ANTTON: Zintzurreko zulotik sartu bai, baiñan irentsi ezin... Zer uste ukan? Arrautza irestea ire tabernako ardua zanga-zanga artzea zela? Ai, gizajoa!

KALAMAX: Gizonak olloak baiño aulagoak ote gera ba, Antton? Olloaren ip... tzulotik ain aisa lerratzen den gauzak nire eztarriko zuloan planto egin? Alakorik Kalamax'i beste iñori ezin gerta.

PERU JAUNA: Astolapikoa alakoa!

KALAMAX: Bai, ni astolapiko, baiñan nik eman nion komedianteari lezioa.

PERU JAUNA: Zer lezio?

KALAMAX: Zagoz pixkabat, Peru jauna... Nun ari giñan? A, bai! Egundoko estuasunean arkitu nintzan nire arrautzarekin, ez aurrera, ez atzera. Minutu bat geiago orrela eta nireak egin zun. Bearrik, Bixente mediku jauna nire alboan suertatu zen. Itobearrean somatu niñunean, eman zidan nirebiziko bizkarrekoa eta arrautza abotik bala bailitzan aterata, aurreko paretan josita gelditu zen. Orduan, ollar-ollar eginda esan nion komedianteari: «I, komediante, ezetz ik onelako azañik egin.» Eta egin ere, etzun egin, inguruko guztiak testigu. Ez ote lezio polita, Peru jauna?

PERU JAUNA: Lezioa ire ustean polita duk, Kalamax, baiñan. nik, ba'ezpada ere, eman baiño artu naiago nikek.

KALAMAX: Nik ere bai une batean, baiñan, geroko puztutasunak ez al du deus merezi?

ANTTON: (Kai aldera begira.) Orra, nire seme ta billobak kaieratu. Ziur naiz, berak dira. Txalopa ere ezagun dut bertatik.

PERU JAUNA: Gozemakio ongi etorria egitera.

KALAMAX: Ni, arrain otarrarekin etxera joango naiz.

ANTTON: Goazen, Pello.

PERU JAUNA: Bai, goazemazu lenbailen, Antton.

KALAMAX: Arratsarte, beraz.

PERU JAUNA - ANTTON: Bai, agur.

 

(Bijoaz auek itxaso aldera eta KALAMAX urira.)

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958