Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

IRUGARREN JARDUNALDIA

 

PERU JAUNA eta KALAMAX

 

(PERU JAUNA, berrogeitabost urte inguruko gizaseme itxurazkoa itxaso aldetik agertu bedi arrantzako kañaberarekin eta otarra bete arraiñez. KALAMAX, ogeitamar-ogeitamabost urte inguruko gazte arlotea kontrako aldetik, au da, erri aldetik sar bedi. Urian, ardandegi baten jabe da eta lana eztu sobera maite. Neskazale larregia izana eta tximeletak bezala lorez-lore ibilli zalea iñun kokatu nai-ezta.)

 

PERU JAUNA: Eup, Kalamax!

KALAMAX: Itxaso aldetik, Peru jauna?

PERU JAUNA: Bai, eta eu legorretik... itxasorantza edo itxasokoak etortzen ikustera?

KALAMAX: Ez bat eta ez beste, Peru jauna. Itxasoak ez nau erakartzen eta itxasokoen ardura aundirik eztaukat.

PERU JAUNA: Ez ukek orrelakorik esan bear, Kalamax. Ez al-dakik arrantzalien lepotik bizi aizena? Aiek arraiñik ekartzen ba'ditek, ire ardoa barra-barra nori saldu izanen duk, baiñan, «sekantza» baldin ba'da, nori saldu bear diok ire ur zikiña?

KALAMAX: Poliki ortxe, Peru jauna. Nire ardoa jatorra da gero, eztu iñolako kristau kutsurik.

PERU JAUNA: Kristau kutsurik ez? Jentilla ote duk apika?

KALAMAX: Ardoak jatorra izateko jentilla, judua edo alako zerbait bear du. «Bataiatu» bagea beñepein.

PERU JAUNA: Bapo Kalamax! Nik bildutako arraiñakin eta ik jarritako ardo jentil orrekin gaur arratsean lagunarteko apari koxkor bat egingo al-diagu?

KALAMAX: Bai gizona! Zeintzuk bilduko gera?

PERU JAUNA: Keleo zaharra, nirekin izana baita arrantzan. Potiña atrakatzen gelditu duk eta laister da emen. Keleo eta bere seme Joxe Migel itxasotik gaur etortzen ba'dituk, etorriko al-dira. Mediku jaunari ere esango ziokat. Pertxal ere gaur zetorrek itxasotik eta ba-dakik tartekoa dena. Albaiteruak ere eztik olakotan uts egiten...

KALAMAX: Santa Kruz bezpera ospatzeko arrain utsa urritxo egiten da eta okela ekarri bearko dugu.

PERU JAUNA: Okela ta gaiñerakoak. Eu antolatzalle, Kalamax.

KALAMAX: Utzi niregain; eginen dugu zerbait.

PERU JAUNA: Arrain saskia jaso zak erorrek eta aukera egokienak. (Eman bezaio.)

KALAMAX: (Begiratuz.) Ba-dago emen arraiñik ugari: txatxarru, buztanbeltz, berdel txistu, luxana, kraba, pantxo... (Eskuartean erabil bitza esan ala.)

PERU JAUNA: Nun nai ere ugaritasuna ziokan gaur. Erten orduko, kala-txoriak erakutsi zigutek txatxarru bitsa eta sail guzia sardan atxeman diagu. Ordu pare batean kazean arita otarra bete diagu eta sobera genikan ezkeroz kaiera ekin diagu. Niretzat jolas ederragorik etzegok arrantzan jardutea baiño.

KALAMAX: Nik baiño arrantza obea egin duzute, alajañetan!

PERU JAUNA: Ago lo ta jango duk me.

KALAMAX: Ondotxo erne nabil ba aspaldian, Peru jauna, baiñan, txoriak itzul egin dit.

PERU JAUNA: Neska koskorren bat ote duk orain ere begiz jota?

KALAMAX: Bai, eta emen zela esan didate, baiñan, nunbait, etzen egia.

PERU JAUNA: Emen, batto egona duk eta eder askoa. Beraren usaiñean ba'abil...

KALAMAX: Pertxal'en alaba?

PERU JAUNA: Inaxi.

KALAMAX: Berbera.

PERU JAUNA: Aspertu al-aiz Buruzuri'ren alabarekin?

KALAMAX: Ura, jolaserako poliki zegon, baiñan, ez nun beraganako egiazko maitasunik sentitzen. (Osc benatsu.) Maitasunak sendoa eta iraunkorra bear du eta arenganako maitasuna azalekoa, itxurazkoa besterik etzan.

PERU JAUNA: Eta Inaxi'renganakoa benetakoa al-duk?

KALAMAX: Bene-benetakoa. Ezagutu orduko igarri nion uraxe zela Jaungoikoak betidanik niretzat aukeratutako neskatxa. Joan den igandean zortzi Deba'n berarekin dantzan egin nun eta arrezkeroz nire biotzak eztu atsedenik, eta eztu izango bere jabe egin artean.

PERU JAUNA: (Parrari ezin eutsika.) Naiko lana izango duk ba «ezitzen».

KALAMAX: Zer ba?

PERU JAUNA: Aitzea dutanez Inaxi Jose Migel'ez maitemindurik dagolako.

KALAMAX: Ezta posible!

PERU JAUNA: Ezta izango, baiñan ala duk.

KALAMAX: Baiñan, burutik egin al-zaio neska orri? Joxe Migel'ek zer eman dezaioke nire aldean? Lana franko! Nik berriz, dirua eta patxadazko bizimodua. Erriko tabernarik ederrenaren Jaun da jabe naiz eta nire aita zenak Ameriketatik ekarritako ontzako urre ederren jabe ere bai.

PERU JAUNA: Eta bereganako daukaken maitasun sutsu orrek iraungo al-dik ezkontzako eguneraiño? Gaur batekin eta biar bestearekin ba'abil, zer konfiantza euki dezake neska batek ire itzetan?

KALAMAX: Oraingoan egitan nabillela, Peru jauna.

PERU JAUNA: Orixe esaten ukan eta orain bezin bero enbillen Buruzuri'ren alabarekin asi intzanean. Eta gero, zer da? Urrengo neska ezagutu orduko suzko maitasun ura itzali, suntsitu, deuseztu, keia eguratsean galdu oi den gixa berberan. Ire begira dagon neskatxak jai zeukak, Kalamax!

KALAMAX: Peru jauna, orain sentitzen dutan maitasun au eztut beiñere sentitu...

PERU JAUNA: Eztiat ukatzen. Baiñan, gaur sentitzen dukana, biar eta etzi ere sentitu egin bear duk eta ortarako eztuk balio, Kalamax,.. Urrengo dantzaldian, Deba'n ezpa'da Ondarru'n, begi beltxaranen batek zoratuko dik burua eta... agur, biotzeko Inaxi!

KALAMAX: (Parre antzean.) Ondarrutarrakin nork dauka segurantzia, Peru jauna? Gizonik santuena ere galduko lukete. Ain zuzen ere, orain urtebete batek lerde jario utzi niñun. Berriz ikusiko ba'nu...

PERU JAUNA: Ez ago alproja txarra i, Kalamax.

KALAMAX: (Asperenka.) Alprojak ere bizi egin bear, gaiñerakoak bezala...

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958