Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

ZAZPIGARREN JARDUNALDIA

 

Lengoak, PABLO eta mutil bat maletakin

 

PABLO: Jainkoa'k arratsaldeon, aizpatxo maiteak. (Besarka bitza bi matrailletan musu bana emanaz.) Zuen kunplimentua neurriz gaiñerakoa da.

ANDRE KATTALIN: (Irritsu.) Kartan esaten zeñidan dilijentzi ontan elduko ziñala eta billa atera gatzaizkizu. Andre on batek zer gutxiago eginen du bere senar maiteagatik?

ANDRE KONTXESI: (Irripartsu au ere.) Ni berriz, goizean eldu naiz Deba'tik nire aizpa maitearekin eguna pasatu ustean eta berarekin kalean arkitu naizelarik, esan dit oraintxen zentozela txangotik. Dakuskezunez, gure kunplimentua ezta neurriz gaiñerakoa, neurrikoa baizik... Ta txango ori ondo egin al-duzu?

PABLO: Txit ongi, Jaungoikoa'ri eskerrak eta nire eginkizunak ere txit ongi atera dira. Au dala-ta, biziki pozik natorkizute zuen artera. (Morroiari.) I, mutil, eramaitzak maletok etxera, nik izketan luzetsiko baitiat bearbada.

ANDRE KATTALIN: Konta zaizkiguzu lenbailen zure ibilierak, entzuteko jakimiñez gaituzu-ta.

PABLO: Agata ez al-duzute zuekin ekarri?

ANDRE KATTALIN: Ez, etxean utzi dut laguntzalle ingelesarekin. Konta bildurrik gabe.

PABLO: Orra ba; emendik aterata Madrillera joan nintzen, bai-baitut an mediku ospetsu bat, Lucientes jauna, nire lagun aundia izana eta dena oraindik ere. Batxillerra alkarrekin egin genun Jesuiten ikastetxean eta gero berak medikutzara jo zun eta nik legetara. Baiñan, bera Madrillen bizi izanarren eta ni emen, beti gutarteko artu-emanari eutsi izan diogu. Gaiñera, politikak asko alkartu izan gaitu gaztetatik eta gure adiskidetasunaren oiñarririk sendoena auxen dela esango nuke. Delako Lucientes jaun onek, orain bospasei urte eroetxe bat zabaldu zizun Madrilleko inguruetan eta gure asmoak betetzeko gizonik egokiena bera gendula buruak emanik, beregana jo nun. Gure zorigaitz ikaragarria adierazi nion eta bere laguntasunaren bearrean giñala esan ere bai. Berak, ahal zun guztia egingo zula agindu zidan eta orduan nire asmoa agertu nion.

ANDRE KATTALIN: Otoi, itz bitan esplikaiozu Kontxesi'ri gure berri, ezjakiñean baitago.

PABLO: Gure asmoa auxen zen ba, Kontxesi: Joxe Migel indarrean artu eta Lucientes jaunaren eroetxera eraman. Onek, mutillari buruzko ero-agiri bat eginen zun guk agindu artean mutilla bertan eukitzeko. Artean, Salamanca'ko adiskide batek, gure aginduz, eskutitz bat eginen dio Agata'ri (eskutitz au egiña dago onezkera eta biar edo etzi elduko zaio gure neskari), Joxe Migel eritasun luze baten ondoren il egin dela adieraziz...

ANDRE KATTALIN: (PABLO'ri erakutsiz.) Emen ditut Joxe Migel'en azkeneko eskutitzak.

PABLO: Eztut uste besterik jasoko dunik, Madrilletik ezpainintzen erten Joxe Migel eroetxean sartu zutela jakin arte. Apupillo zegon etxean, gure aginduz, edarian narkotiku bat ezarri zioten eta lo ar-erazita eraman zuten zalgurdi batean Salamanca'tik Madril'eraiño bi gizonen artean ondo zainduta. Eroetxean lo sartu omen zen, beraz, esnatzea gela batean atxilloturik egin bide zun...

ANDRE KONTXESI: Zuk daukazu buru argia, Pablo, gauzak ain tajuz egiteko.

PABLO: Jaungoikoa'ri eskerrak, ondo atera da beñepein.

ANDRE KONTXESI: Eta noiz arte euki bear duzute eroetxean?

PABLO: Esan bezala, Agata'k biar edo etzi artuko du eskutitza Salamanca'tik Joxe Migel il dela eta bertako kanposantuan lur eman diotela adieraziz. Agata'k, berealakoan ezpa'da ere, gerora beintzat, etsipenez artuko du ezbear au eta bost edo sei illabete baiño len, aundiki baten semearekin ezkontza prestatuko dugu... Eta bein Agata ezkondu ezkero, txoriari kaiolako atea zabaldu genezaioke.

ANDRE KONTXESI: Zu baiño gizon burutsuagorik ezta munduaren jiran, Pablo. Gaiñera, guziorretan eztiozute iñori kalterik egiten.

ANDRE KATTALIN: Gu ere uste orretan gera. Ez genituzke beintzat eskuak txarkeriz zikindu nai.

PABLO: Orrelakorik egin ezkero, bizi guztia kezketan biziko giñake.

ANDRE KONTXESI: Eztaukazute bada zertan kezkaturik. Aitzitik, aurki Jaungoikoa'k bedeinkapenez beteko zaituzte, deabruaren tentaketak uxatuz bide zuzena aukeratu duzutelako... Eta nor pentsatu duzute Agata'ren senargaitzat?

ANDRE KATTALIN: Ba-ditugu begiz jota mutil on batzuk leñargi goitar askuak. Adibidez, Almudena'ko markesaren seme zaharrena, Pinohermoso'ko markesaren bigarrena arekin moldatzen ezpa'gera, Sotomayor'eko markesak ere ba-ditu semeak ezkongai...

ANDRE KONTXESI: Eztituzute nolanaikoak begiz jo. Baiñan, zuen alaba bakarrarentzat nai litzake ainbeste... Eztei goitar ontarako soiñekoak prestatzen asi bearko dut. Eskerrak garaiz ibilli zeratena, gaiñerakoan beintzat, ez niñuzuten arrantzale orrekiko ezteietan errez ikusiko... Eta aipatutako norbaitekin... zertu, mintzatu al-zerate dagoneko?

PABLO: Oraindik ez, baiñan, laister asiko naiz eginkizun ortan urratsak ematen. Niretzat ezta lanbide zailla, Españi'ko aundikitasunik bereizienarekin artu-emana eta laguntasuna baidaukagu eta batekin ezpa'da bestearekin, bost illabete baiño len alaba ezkondurik daukagu, berari dagokion maillan eta leñargitasunean.

ANDRE KATTALIN: Niri gauza batek ematen dit bildur: Joxe Migel askatzen dugunean zer gertatuko da?

PABLO: Ez izutu, Kattalin. Aginduta daukat Joxe Migel eroetxean errege bat bezala eukitzeko nire kontura. Zertaz salatu bear digu, beraz, andik etorrita, burutik eri zegolako an euki dugula adierazten ba'du Lucientes jaunak? Gaiñera, sendagille jaun au Madrilleko gobernadorearen adiskide aundia da eta bi edo iru ministrukin ere ba-du artu-emana. Ala're, zalapartarik sortu ba'ledi, kalte-ordain bat emanda dena zuzenduko da eta kalte-ordain au ezta izango iñolaz ere guk onez-onean Keleotarrai eskeiñi genienaren laurdena.

ANDRE KONTXESI: Oso ederki egin duzu, Pablo. Zer uste zuten mariñel aundiputz oiek? Utsaren urrengo izan eta gabetik goizera gure pare jarriko zirala?

PABLO: Ori gerta baiño len obe litzake gure buruai azken gaizto ematea.

ANDRE KATTALIN: Etzazula orrelakorik, Pablo, Jaungoikoa'k zigorkatuko zaitu-ta.

PABLO: Beste biderik ez genuke ba, munduaren azkeneraiño ez itzul egitekotan, Kattalin. Gure onorea, aundikitasuna, leñargitasuna oinpetuta, lokaztuta, kirastuta, nola agertu jendearen aurrean?

ANDRE KATTALIN: Jaungoiko on-onari eskerrak ezta orrelakorik gertatu eta ez dezagun geiago orretan pentsa.

PABLO: Niri, Joxe Migel'ek baiño bildur geiago ematen dit zuen anai ziraun orrek.

ANDRE KONTXESI: Pello'k?

PABLO: Berberak. Gure urratsak arrek susmo txarrik artu gabe eman bear ditugu; bestela. idealista zoruorrek estuasun gorri batean jarri gaitzake. Agata ezkonduta gero bere ostikada guziak alperrikakoak izanen dira, baiñan, Joxe Migel'en berri jakin ba'leza ura ezkondu aurretik edo Agata'ri kaskoa berotu ba'lezaio iñolako ezteirik ez onesteko...

ANDRE KATTALIN: Bitarte guzian eztiogu etxetik ateratzen utziko neskari. Obeakiago oraindik: Monja komentu batean sartuko dugu animaren pakea arki dezan aitzekian eta orrela eztio osabak atzaparrik erantxiko.

PABLO: Orrek ere bere arriskua dauka. Monja sartuta bertan geldituko litzake seta utsez. Ez, Inglaterra'ra igorriko dugu naigabeak ahaztu eta inglesez obeki ikasi dezan aitzekian.

ANDRE KONTXESI: Ori da arrazoia, Pablo. Era ortaz Pello'ren atzaparretatik aterako duzute. Ikusiko litzake, goikuok bera eta bekuak gora ikusi nai lituzken anarkista orrekin! Euskaldun guziak berdiñak gerala, goikorik eta bekorik eztala Euskalerria'n eta beste orrelako zozokeriak esaten eztitu ba?

PABLO: Esan eta egin. Ez al-dabil apika, goizetik gabera gure aundikitasunaren lotsagarri arrantzaleakin bere burua bat egiñik? Ezkondu ere, zeñekin ezkondu zen? Xotero'ren alabarekin, Mutriku'ko dendari baten alabarekin eta babuorrek arro-arro eginda titulurik aundienarekin ezkondu zela zion, alegia, Euskalerri'o alaba garbi batekin eta ori beste leñargitasunik ez omen du aitortzen berak.

ANDRE KONTXESI: Jaungoikoa'ri eskerrak ez giñan bere ezkontzara azaldu ere egin.

ANDRE KATTALIN: Orixe bear genuke ba, gure onorearen garbitasuna zikintzea orrelako eztei batean arrantzale ta dendariakin nahasi.

PABLO: Eta guztiori gutxi bailitzan, orain gure alaba bakarra arrantzale batzuen semeasekin ezkontzea nai. Ori iritxi ba'leza, bere ustean, Euskalerria'ren gurendarik aundiena izango litzake noski.

ANDRE KONTXESI: Buru zoruorrek obe luke Gernika'ko Arbolpera ezkurrak jatera joan eta guri pakean utzi. Orain dela milla urteko legeak jarri nai eztizkigu bada Euskalerria'n? Abarkak jantziz eta taloak janaz «progresu» ederra ekarriko dio orrek Euskalerria'ri... Baiñan, ara bera!

PABLO: Eta guregana dator zuzen-zuzen. Izango du zerbait.

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958