Itzuli orri nagusira Bidali hau

Koldo Mitxelenaren izena daraman katedra Chicagoko unibertsitatean

© cc-by-sa  Etxepare Institutua ¦ 2012-04-09 ¦ 10:37 ¦ hezkuntza

Etxepare Euskal Institutuak apirilaren 11n emango dio hasiera Koldo Mitxelena Elissalt euskal hizkuntzalari bikainaren izena daraman katedrari Chicagoko Unibertsitatean, Estatu Batuetan. Ipar Ameriketako unibertsitate-esparruan euskal ikasketak zabaltzea izango du xede katedrak. Udazkenean, berriz, Euskal Artearen inguruko Eduardo Chillida Katedra zabalduko du Institutuak Frankfurteko Goethe Universität-ean. New Yorkeko CUNY Unibertsitateko Bernardo Atxaga Katedraren aurtengo egitaraua ere zehazten hasita dago Institutua.

Publizitatea

Koldo Mitxelena Katedra Chicagoko Unibertsitateko Division of Humanities izeneko sailean txertatu da, eta ikasturtero entzute handiko euskal irakasleren bat joango da bertara, lauhileko batez University of Chicago-n eskolak ematera. Euskal Herriko Unibertsitateko fonologiako katedraduna, Lourdes Oñederra, izango da katedra honetako lehen irakaslea, eta halaxe aurkeztuko da Chicagon hasierako egitarauaren baitan egingo den ekitaldian.

Katedrari hasiera emateko ekitaldiak Etxepare Euskal Institutuak antolatu ditu, Chicagoko Cervantes institutuarekin eta Chicagoko Unibertsitateko Division of Humanities atalarekin batera. Ekitaldi horiek apirilaren 9tik 22ra bitartean egingo dira (ikus egitarau osoa, hainbat tokitan: Chicagoko Cervantes institutuan, hiri bereko Reva and David Logan Center deritzan gunean eta Illinoiseko Unibertsitatean, Urbana-Champaign-en. Doakoak izango dira, eta jende ororentzat irekiak.

Egitarauari Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuak eta Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatzeko eta hedatzeko zuzendariak emango diote hasiera. Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, aldiz, programazioari amaiera emateko jardunaldietan hartuko du parte.

Honako ekitaldiak izango dira, besteak beste, egitarauan: euskal kulturaren esparruan aditu diren kazetariek emandako hitzaldiak, Paddy Woodworth-ek emandakoa, esate baterako; Arantxa Urretabizkaia edo Eider Rodriguez bezalako euskal idazleen mahai-inguruak, Helena Taberna eta Asier Altunaren euskal filmen proiekzioak, Latino Film Festival izenekoan, edo Erlea Maneros Zabalaren erakusketa Chicagoko Unibertsitatearen Reva and David Logan Center for Creative and Performing Arts gunean. Erakusketa maiatzaren 13ra arte izango da ikusgai. Etxepare Euskal Institutuak Chicagoko Unibertsitatean duen irakurleak ere, Amaia Gabantxok, ekitaldietan hartuko du parte.

Aste honetan zehar antolatutako irekiera-egitaraua Etxepare Institutuaren webgunean.

Euskal Artearen inguruko Eduardo Chillida katedra sortu da Frankfurteko Goethe Universität-ean

Atsegin handia da Etxepare Euskal Institutuarentzat Eduardo Chillida katedraren sorreraren berri ematea. Katedra Frankfurt-eko Johann Wolfgang Goethe Universität-en emango da, 2012-2013 ikasturtetik aurrera. Katedra euskal artearen ingurukoa izango da eta, oro har euskal artea eta, bereziki, Eduardo Chillidaren obra, esparru akademikoan ikertzen eta zabaltzen laguntzea izango du xede.

Katedrak Frankfurteko Unibertsitateko Artearen Historiaren Institutuan izango du egoitza, eta Frankfurteko Arteetako Liburutegiak berariazko atal batean bilduko du artistari buruzko bibliografia osoa. Horri esker, Chillida Lekurekin batera, eta horrekin elkar hartuta, erreferente izango da Chillidaren obra ikertuko dutenentzat.

Urtero nazioartean garrantzia duen ikertzaile bat gonbidatuko da, mintegia edo hitzaldien zikloa eman dezan, aurretiko edo aldi bereko ikerketen emaitza gisa, ikerketa sustatzea baita, ororen gainetik, helburua. Ikasketa kuratorialen nazioarteko masterrean txertatuko da eskaintza akademiko hau, hain zuzen ere, unibertsitateak eta Städelschule-k hiriko museoekin eta Frankfurter Allgemeine-rekin lankidetzan antolatutako graduondoko programan.

Horrezaz gain, bertako fakultateak konpromisoa hartu du lehen bi urteetan nazioarteko maila handiko sinposioa egiteko, Educardo Chillidaren obraren inguruan. Etxepare Euskal Institutuak ezinbestean agertu behar du ekimen hau, hain justu ere 2012an, Chillidaren heriotzaren hamargarren urteurrena dugun honetan, gauzatzeak eragin digun poza.

Etxepare Euskal Institutuak, halaber, eskerrak eman nahi dizkio benetan Clara Montero Telletxeari, bere lankidetzarik eta aholkularitza artistikorik gabe ezinezkoa zatekeelako katedra hau bideratzea. Eta, jakina, Chillida familiari, hasierarik bertatik eman baitio babesa ekimen honi.

2012ko udazkenean New Yorken emango den Bernardo Atxaga katedraren egitaraua zehazten hasita

Bernardo Atxagak berak eman zion hasiera 2011ko irailean bere izena daraman katedrari City University of New York-eko Graduate Center-en. Beraz, aparteko hasiera izan zuen, oro har euskal ikasketak eta, zehatzago, euskal literatura, sustatzeko xedea duen katedrak. Aurrera eginda, 2012-2013 ikasturteari begira, gonbidatua euskal zinemagintzan aditu den pertsonaren bat izateko interesa agertu zuten Ipar Ameriketako unibertsitateko katedraren arduradunek.

Hainbat aukeraren artean, gonbidatu hori Joxean Fernandez izatea adostu zuten, Etxepare Euskal Institutuko arduradunekin batera. Beraz, Nanteseko Unibertsitateko irakasle eta Euskal Filmategiko gaur egungo zuzendari dena izango da irakasle gonbidatua, urritik aurrera emango diren eskoletan. Baina horrezaz gain, euskal zinemaren eta zinemagileen programazioa ere izango da bertan aldi berean, irakaskuntza akademikoa osatze aldera.

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz