Itzuli orri nagusira Bidali hau

200.000 galaxia argazki bakar batean

© cc-by-sa  Sustatu ¦ 2012-04-13 ¦ 12:21 ¦ zientzia

Txileko Paranalen dagoen VISTA teleskopioak espazioari sekula atera zaion argazkirik zehatzenetakoa aurkeztu du. 17.000 × 17.000 pixeleko zabalerako argazkia da (guztira 290 megapixel), eta 200.000 galaxia erakusten ditu. Asko dirudien arren, unibertsoaren %0,004a besterik ez da. Atera kontuak.

Publizitatea

VISTA (Visible and Infrared Survey Telescope for Astronomy) teleskopioa Txileko Paranal astronomia-behatokian duten teleskopio erraldoia da. 4,1 metroko diametroko izpiluak ditu (ezaugarri beretsuak dituztenen artean handiena, askogatik) eta uhin infragorriak jasotzen ditu.

Duela egun batzuk sekula atera duen argazki-sorta handiena plazaratu du, ESO agentziak adierazi duenez. 290 megapixeleko irudia da, 6000 argazki desberdinekin osatutako irudi bakarra (ESO agentziaren webgunean jaitsi daiteke).

Irudia "erdi hutsik" dagoen espazio zati bati atera diote, UltraVista izeneko proiektu bati esker. Lehenago ere behatu izan da espazio-zati hori beste teleskopio batzuen bidez, baina ez oraingo zehaztasunarekin. Izan ere, zeru-sabaiaren zati nimiño bat besterik ez dute aztertu (unibertso osoaren %0,004) eta inoiz ikusi diren elementurik ahulenak ere jaso ditu.

Lortutako zenbakiek zorabioa sortzen dute: 200.000 galaxia inguru bistaratu omen dituzte. Eta horietako bakoitzean milaka milioi izar daudela kalkulatzen da. Esan bezala, Unibertsoaren zati txiki-txiki bat besterik ez da, guztira 100.000.000.000 galaxia daudela uste baita, tartean gurea, Esnebidea, bere baitan 300.000 izar inguru dituena (gure eguzkia horietako bat). Eta Unibertsoan bakarrik gaudela?

Unibertsoaren "benetako" neurria zein den jakiteko (edo gerturatzeko, bederen) hona hemen bideo argigarria:

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz