Euskadi Ta Askatasuna

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau euskal erakunde armatuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus ETA (argipena).
Euskadi Ta Askatasuna
Eta logo.jpg
ETAren anagrama
ETAren zigilua
ETAren zigilua
Siglak ETA
Sorrera 1958. urtearen bukaera[1]
Kide ezagunak
Ideologia Sozialista iraultzailea eta abertzalea
Kokapena  Euskal Herria
Ekintza eremua  Euskal Herria
 Espainia
 Frantzia
Aurkari nagusiak Espainiako estatu-egitura eta aparatuak (orokorrak zein erkidegokoak)
Frantziako estatu-egitura
Egoera Borroka armatua bukatua
Helburu militarrak Estatu-egitura ezberdinak
Indar armatuak
Polizia
Burgesiaren egitura ekonomikoak
Artikulu hau serie honen zatia da:
Eusko
abertzaletasuna
EH mapa hutsa.png

Euskadi Ta Askatasuna, ETA siglez ezagunagoa, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa lortu nahi duen erakunde armatu klandestinoa da, 1958. urtearen bukaeran sortua, hainbat Estatuk (Ameriketako Estatu Batuak,[2] Espainia,[3] Frantzia[4] eta Kanada[5]) eta nazioarteko erakundek (Europako Kontseilua,[6] Nazio Batuen Erakundea,[7] Europol[8] eta abar) erakunde terroristatzat izendatu dutena, eta bere burua «nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaile»tzat duena.[9] «Bietan jarrai» du goiburu.[10] 2010ean ekintza armatuak egiteari utzi zion arte, ETAren ekintza arruntenak lehergailu eta arma bidezkoak ziren, pertsonen nahiz ondasunen aurka. Enpresa askori estortsioa egiten zien, iraultza zerga kobratzeko; eta bahiketak ere egiten zituen.[11] Guztira 829 gizabanako hil ditu,[12] bereziki segurtasun indarretako kideak eta politikariak, baina baita epaileak, enpresaburuak, kazetariak eta halako kargu edo ogibide publiko berezirik ez zuten lagunak ere.

Halaber, ETAk bere historian hainbat su-eten eta negoziazio saio egin ditu, eta 2010az geroztik ez ditu armak erabili. Izan ere, besteak beste Ezker Abertzaleak hala eskatuta, 2011ko urtarrilaren 10ean orain ere indarrean dirauen «su-eten egiaztagarri eta orokorra» aldarrikatu zuen;[13] eta 2011ko urriaren 20an borroka armatua behin betiko utzi zuela adierazi zuen.[14] 2012ko urtarrilean, jarduera armatua uzteko erabakia behin betikoa dela berretsi zion ETAk Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari.[15]

2002az geroztik hainbat alderdi politiko, 600dik gora hautes-zerrenda[16] eta gizarte-antolakunde legez kanpo utzi dituzte Hego Euskal Herrian, ETArekin nolabaiteko «lotura» izatea egotzita.[17][18]

Eduki-taula

Izena

1958. urtearen bukaeran Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik, Jose Maria Benito del Valle Larrinagak, Julen Madariagak eta Iñaki Larramendik Deban eginiko bileran, Txillardegik proposatuta, ETA izena jarri zioten (izen osoa Euzkadi Ta Azkatasuna[19] izanik); ATA (Aberria Ta Azkatasuna) izena jartzea ere pentsatu zuten, baina bizkaieraz «ahatea» esan nahi duelako baztertu zuten.[1]

Garai hartan, Euskadi izenak oso karga politiko handia zuen. Izan ere, diktadura garai hartan, debekatuta eta gogor erreprimituta zegoen Euskadi hitza erabiltzea; Euskal Herria, berriz, eragozpenik gabe erabil zitekeen,[20] Beraz, frankismoaren aurka ziharduten eusko abertzaleek (EAJ, Ekin, Euskadiko Mugimendu Sozialista...) eta ezkertiarrek (PSOE, EPK, errepublikarrak...) Euskadi terminoa erabiltzen zuten. Hasieran, Euzkadi zetadun idazkerarekin (ETAk berak egin zuen bezalaxe). Gero, 1968an, Euskaltzaindiak Batasunerako hiztegia argitaratu zuen, euskara batuaren hastapena, eta hor eusk- erroa ese hizkiaz idatzita ageri zen; horren eraginez, Euskadi idazkera nagusituz joan zen.

Historia

Sorrera

1952an, Francoren diktadura garaian, Ekin isilpeko talde politikoa sortu zuten Bilboko unibertsitateko ikasle batzuek. Hiru urte geroago, talde hau EGIrekin elkartu zen. Hasiera batean EAJren erosokeriari eta utzikeriari erantzuteko sortu zen, eta burutu zituen lehen ekintzak euskal kulturaren aldekoak izan ziren nagusiki. Garai hartan, oraindik ez zuen sozialista izaera, geroago hartuko zuen.

1960ko hamarkadan ETAk erakutsi zuen euskal gizartea bizirik zegoela eta, frankismo latza jasan arren, gai zela bere identitate nazionala berreskuratzeko. Garai hartan mugimendu politikoa zen, baina euskararen aldekoa ere bai: «gure helburua ez da botere politiko propioa duen Euskadi bat bakarrik, horrekin ez da nahikoa. Botere politiko hau hizkuntza eta kultura arrotz baten zerbitzura egongo balitz, gure helburuetan porrot egingo genuke».

Ekinbide armatuaren hasiera

ETAren anagrama, Altsasun.

Taldeko zuzendaritzako partaideak Eneko Irigarai, Lopez Dorronsoro, J.L. Alvarez Enparantza Txillardegi, J.M. Benito del Valle, J. Manuel Agirre, Patxi Iturriotz eta Julen Madariaga izan ziren. 1960an, Francoren poliziak lehenengo atxiloketak egin zituen eta uztail hartan hasi zen erakundea ekintza armatuak egiten: Francoren gudari ohiez betetako tren bat burdinbidetik ateratzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Ekintzak huts egin arren, atxiloketa ugari izan zen eta Madariaga, del Valle, Irigarai eta Elosegi atzerrira joan ziren.

Gerora ETAk erailko zuen Ernest Lluchen ustez,[21] ETAk jarri zuen 1960ko ekainaren 27an Amara zaharreko (Donostia) FEVE tren geltokian lehertu zen bonba, Begoña Urroz Ibarrola 22 hilabeteko haurtxoa hil zuena. Baieztapen hori egiteko, Jose Antonio Pagolaren Una ética para la paz. Los obispos del País Vasco (1968-1992) liburuko testuak hartu zituen oinarritzat. Hala ere, Pagolaren tesia hauxe zen liburu hartan, eta hauxe da orain ere: «ETAk 1968an hil zuen lehendabizikoz». Gainera, ebidentzia guztiek eta protagonistek diote atentatu haren egilea DRIL (Directorio Revolucionario Ibérico de Liberación) sare antifrankista izan zela.[22] Espainiako Barne Arazoetako Ministerioaren eta Guardia Zibilaren estatistikek ere diote 1968an hil zuela ETAk lehendabizikoz.[12][23]

1961eko uztailaren 18an, Donostian Espainiako bi bandera erre zituzten, eta horrek 100 militante baino gehiago atxilotzea eta beste askoren erbesteratzea ekarri zuen, erakundearen barne antolaketa, deseginik geratu zelarik.

Hurrengo urteko maiatzean, ETAk lehen biltzarra egin zuen, eta fronte berezietan egituratu zen erakundea: politikoa, kulturala, langileena eta militarra. Oinarri politiko eta ideologikoak finkatu zituen: Zentralismorik gabeko demokrazia Euskal Herriarentzat, nazioen elkarte federala Europan, militarismoa gaitzestea eta erlijio loturarik gabeko estatua. Ekonomian, sozialismoaren alde agertu zen ETA, nahiz eta oso konkretua ez izan. Biltzarraren ondoren zortzi urtetan aurrera eramateko egitasmoa onartu zen, bi urteko epeetan banatua (zabalkundea egiteko, burkideak prestatzeko, armak eta dirua biltzeko eta ekintzetarako). Urte hartan bertan, bigarren biltzarra egin zen eta kide berri ugari sartu ziren erakundean. 1963an poliziak buruzagiak atxilotu zituenean, EGI erakundeko kide asko sartu zen ETAn.

1965ean laugarren biltzarra egin zen eta 1967an bosgarrena, erakundearen sortzaileak eta kide zaharrenak atzerrian zeudela. Burkide berriek marxismoa bereganatu zuten eta hori zela eta, burkide zaharrekin eztabaidak hasi ziren.

Lehen hilketak

Urte hauetan guztietan ETAk Euskadiko ikurrinak jarri zituen kableetan, salatariak mehatxatu zituen eta ehunka plaka frankista hautsi zituen. Lehendabiziko hildakoak 1968an etorri ziren. 1968ko ekainaren 7an, Olarraingo (Tolosa) errepide kontrol batean ustekabean harrapatuta, Xabier Etxebarrieta etakideak José Pardines Arcay guardia zibila hil zuen. Etxebarrietarekin zihoan Iñaki Sarasketa etakidea ere. Bi etakideek ihesari emanda, guardia zibilek Etxebarrieta hil zuten, eta Sarasketa atxilotu.[24]

Bi hilabete geroago, abuztuaren 2an, ETAk Melitón Manzanas poliziaburu eta torturatzailea hil zuen Irunen; ETAk egindako aurreneko hilketa planifikatua izan zen. «Hilketa horretan eman zuen pausoa ETAk. Pauso hori ematea kosta egin zitzaien orduko ETAkoei, familia katolikoetatik zetozen eta. Ez zegoen boluntario askorik», azaldu du Jose Antonio Pagolak.[22]

Horrela, bete-betean ekintza armatuei heldu zien ETAk. Lehendabiziko armak Txekoslovakiari erosi zizkioten, errusiar tankeak Pragan sartzen ari ziren garaian.

Lehen zatiketak

1970ean seigarren biltzarra egin zen, eta ETA VI.a (joera troskistakoa) eta ETA V.a (partaide gehienak preso edo atzerrian zituena) bereizi egin ziren. Abenduaren 28an Burgosko prozesua hasi zen: Sei etakiderentzat heriotza zigorrak agindu ziren, baina handik bi egunera, nazioarteko presioak eraginik, Francok zigorrak aldatu behar izan zituen.

Urte haietan zatiketa handiak izan ziren: ETA VI.ekoak Liga Komunista Iraultzailean sartu ziren, LAIA erakundea sortu zen, fronte militarrak LAB sindikatua eratu zuen... 1973an poliziak «Txikia», ekintza armatuen arduradunetako bat, tiroz hil zuen eta horri erantzunez, ETAk bere historiako ekintzarik garrantzitsuena egin zuen: Luis Carrero Blanco almirantea hil zuen Madrilen. Carrero une hartan Espainiako gobernuko lehendakaria zen, eta Franco hiltzean haren tokia hartuko zukeela jotzen da.

Horrela, ETA frankismoaren aurkako erreferentzia bihurtu zen Europa osoko jende askorentzat. Espainiako trantsizioari begiratuta, Carrero Blanco hiltzeak frankismoaren gainbehera bizkortu zuela jo izan da. Hala, bada, ETAk kapital politiko handia bereganatu zuen Burgosko epaiketarekin eta Carreroren hilketarekin.[25]

Hamarkada horietan, erakundeak munduko beste erakunde armatuei elkartasuna adierazi zien: (Kurdistan, Vietnam, Uruguai, Aljeria...) 1972ko maiatzean, modu publikoan, beste bi erakunde europarrekin batera agerraldi bat egin zuen: Askapenerako Frente Bretoia (FLB) eta Irish Republican Army edo Irlandako Armada Errepublikarra (IRA).

ETA-m ETA-pm zatiketa

1987an Pasaian hildako Lutxi Urigoitia etakidearen omenezko margoketa Otxandion (2009).

1974ean eztabaidak izan ziren eta taldea bi zatitan banatu zen: ETA militarra (ETA-m) eta ETA politiko-militarra (ETA-pm). Azken honetan Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur nabarmendu zen eta Bereziak taldea sortu zen (Euskal Herritik kanpora ekintza armatuak egiteko arduradunak). ETA militarrak atentatuak egiten jarraitu zuen. Bitartean, diktadurak polizia-egoera berezia ezarri zuen eta ATE (Anti Terrorismo ETA) taldea sortu zuen.

Kartzelak eta erbestea etakidez beteak zeuden, eta horrela komando bereziak sortu ziren. 1975ean KAS (Koordinadora Abertzale Sozialista) sortu zuen ETA politiko-militarrak, ETAren inguruan sortutako zenbait talde biltzeko asmoz. Irailaren 27an ETA politiko-militarreko Juan Paredes «Txiki» eta Anjel Otaegi fusilatu zituzten FRAPeko (Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Patriotikoa) hiru kiderekin batera. Hauek izan ziren Francoren gobernuko azken heriotza zigorrak.

Erreformaren aurka eta 80ko hamarkada

ETAk Lemoizko zentral nuklearraren aurkako eraso ugari egin zituen. Irudian, martxan jarri ez zen zentrala, 2006an.

1975eko azaroaren 20an Franco hil zen eta urtebete geroago Suárezen gobernuak erreforma politikoaren proiektua aurkeztu zuen. Uztailean Pertur desagertu egin zen; argi ez badago ere, familiaren ustez Bereziak taldeak hil zuena. Orduan hasi ziren ETAren eta Espainiako gobernuaren arteko harremanak.

1977an Espainiako hauteskunde orokorrak iritsi ziren, eta ezker abertzaleak abstentzioa eskatu zuen amnistiaren aldeko manifestazioetan. Ekainean erakundeak inoiz baino eraso gehiago egin zituen: 11 egunetan 34 eraso. Urte hartan aldaketa asko izan ziren: ETA politiko-militarrak su-etena proposatu zuen amnistia osoaren eta legeztatze politikoaren truke, Bereziak taldea ETA militarrera pasa zen eta ETA politiko-militarrak KAS utzi zuen Euskadiko Ezkerraren (EE) alde azaldu zen.

Iparraldean Biltzar Nagusiak egiten zituzten, Biltzar Ttipia edo zuzendaritza aukeratzeko. 8 sail zeuden banaturik: Informazioa, Propaganda, Komando Legalak, Komando Ilegalak, Politika Bulegoa, Ekonomia, Harreman Internazionalak eta Mugak. Berrantolaketaren ondoren, erakundeak komando iraunkor bat bidali zuen Madrila. Lehenengo ekintzan armadako bi kide hil ziren. Erantzuna gogorra izan zen: ETAren barnean mito bat, Jose Miguel BeñaranArgala, hil zuten.

Hegoaldea bitan banatzen zuen Gernikako Estatutua sortzen eta onartzen zen bitartean, erakundeak bere historiako eraso armatu handienak egin zituen. 1978an, ETAk 75 pertsona hil zituen; hurrengo urtean 71, eta 1980an 81 hildako izan ziren. ETA politiko-militarrak Mediterraneo itsasertzeko turismo industriaren kontra eta Lemoizko zentral nuklearraren kontra (Iberduero enpresaren aurka zuzenduz, bereziki) egin zituen atentatuak. ETA militarra, berriz, Espainiako Estatuaren kontrako zuzeneko borrokara bideratu zen. 1981eko estatu kolpea emateko ahaleginaren ondoren, ETA politiko-militarrak su-etena adierazi zuen eta desegiten hasi zen. Erakundearen kontrako iharduerak forma berriak hartu zituen: batez ere Iparraldean militante, lagun eta abertzaleak hiltzeko talde paramilitarrak eratu ziren Espainian (Triple A, GAL, Batallón Vascoespañol). 1982an Nafarroa eta EAE banatu ziren eta PSOEk hauteskundeak irabazi zituen. Denbora honetan (1977-1984) ETAk 500 pertsona inguru hil zituen.

Urte hartaz geroztik zenbait burkidek erakundea utzi zuten, Espainiako gobernuak berriro herriratzeko egindako proposamena onartuz. 1986an Maria Dolores Gonzalez Yoyes horregatik hil zuen ETA militarrak. Momentu hartatik aurrera, euskal gizartean ETAren desegin beharra ala jarraitu beharraren eztabaida biziki piztu zen. 1988an EAEko alderdi politiko guztiek (Herri Batasunak izan ezik) ETAren aurkako hitzarmena (Ajuria-Eneko Hitzarmena) sinatu zuten. 1989 urtera arte Espainia eta Frantziako kartzeletan ia 600 preso euskaldun sartu zituzten eta atentatu ugari izan ziren, baita hildakoak ere. Urtarriletik martxora bitartean, ETA eta gobernu espainiarraren arteko elkarrizketak izan ziren Aljerren. Hauek ez zuten aurrera egin eta dena lehen bezala geratu zen.

1992ko erorketatik Lizarrara

1992ko martxoan erakundearen zuzendaritza Bidarten atxilotu zuten eta, ondorioz, barne berrantolaketa berri bat gertatu zen. Beste garai batzuetan baino ekintza gutxiago egin zituzten, 1994an Francisco Veguillas teniente generalaren aurkako atentatua gertatu arte. Hauteskundeetan geroago Euskal Herritarrok eta azkenik Batasuna bihurtuko zen Herri Batasunak 11 eserleku lortu zituen. Hurrengo urtean Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzia hil zuten Gipuzkoako hiriburuan eta Jose María Aznar PPko presidentea onik atera zen Madrilen eginiko atentatu batetik.

Geroztik Alderdi Popularrak 1996ko hauteskundeak irabazi eta erakundeak atentatu eta bahiketekin jarraitu zuen, hauetako batzuk oso famatuak (Aldaiaren bahiketa luzea edo Miguel Angel Blancoren hilketa).

Lizarra-Garazi eta su-etenaren haustura

1998ko irailaren 12an Lizarran hitzarmen bat sinatu zuten hainbat alderdik (EAJ, EA, EH, Zutik, AB, Ezker Batua, ANV...) eta gizarte mugimenduk. Handik denbora batera Donibane-Garazin berretsiko zuten, eta Lizarra-Garaziko Hitzarmena izena jarri zioten. Handik oso gutxira, ETAk su-etena deklaratzea erabaki zuen, EAJ eta EA alderdiekin akordio batera iritsi ostean. 1999ko hauteskundeetan EHk 14 eserleku lortu zituen. Aldi hartan, Aznarren gobernuak Kanarietan eta Balearretan zeuden ETAko presoak Iberiar penintsulara ekarri zituen, eta ETArekin elkarrizketatu zen. Elkarrizketa bat egin zen, Suitzan, baina porrot egin zuen. Erakundeko kideak atxilotzen jarraitu zuen Espainiako gobernuak, eta Joselu Geresta Ttotto hilik agertu zen Errenterian, egoera argitu gabean.

ETAk EAJri eta EAri leporatu zien ez zituztela betetzen hiruren artean sinaturiko hitzarmenak, eta 1999. urtearen bukaeran su-etena bukatutzat eman zuen. 2000ko urtarrilean berriro ekin zien atentatuei, eta kanpaina gogorra egin zuen: 14 hilabete horietatik aurrera, 45 heriotza baino gehiago eragin zituen talde armatuak. Urte haietan, justizia organoek Egin egunkaria itxi zuten (geroago, haren ordez Gara sortuko zen).

2003tik 2006ko su-etenera

ETAko hiru kide Aritxulegin (Oiartzun), 2006ko Gudari Egunean.

2003ko otsailean, Espainiako Audientzia Nazionaleko Juan del Olmo epaileak Euskaldunon Egunkaria —euskara hutsean argitaratzen zen egunkari bakarra— itxiarazi zuen, ETAren tresna izatea leporatuta, eta Egunkarian zuzendaritzako kide edo arduradun ziren hamar lagun atxiloarazi, ETAri loturik izatea egotzita.[26] Erabaki horiek desegokitzat, neurrigabetzat edo eskubideen zapalketatzat jotzen zituen ahots ugari agertu zen.[27][28][29][30][31][32][33][34] Audientzia Nazionaleko Zigor Arloko epaimahaiak 2010ean plazaratutako epaiak adierazi zuenez, neurri horiek inolako oinarririk gabekoak ziren, eta ETArekin loturarik ez zuten ez Egunkariak, ez Egunkariaren arduradunek.[35]

Batasuna eta ezker abertzaleko hainbat talde (Segi, Askatasuna...) legez kanpo utzi zituzten, arrazoi desberdinak egotzita, horien artean epaitegietan inoiz frogatu gabeko ETArekiko lotura organiko bat. Batasunak 2003ko maiatzeko herrietako hauteskundeetan parte hartzerik izan. Honek paradoxaz beteriko egoera ekarri zuen, herri askotan boto baliogabeak izugarri izan baitziren, baita gehiengoa lortu ere batzuetan (Oiartzun, Hernani, etab).

2004an, Josep Lluis Carod-Rovira ERCko presidentea ETArekin izan zuen elkarrizketa batzuen ondoren, erakundeak Katalunian kanpaina armatua etetea erabaki zuen. Dena den, Rovirak bere elkarrizketan halakorik eskatu ez zuela esan du, edo, behintzat, Espainia osoarentzako tregua eskatu zuela. 2005ean kargu politikoen aurkako atentaturik ez zuela egingo ere jakinarazi zuen. Bitartean poliziak inoiz baino etakide gehiago atxilotu zituen.

Hiru urtez ETAk inor ez hil eta gero, nahiz eta ekintza armatuak ugariak izan (Espainiako administrazioa eta interes turistikoen aurka, Zerga iraultzaile delakoa ordaintzen ez zuten enpresaburuen aurka, etab.), 2006ko martxoaren 24tik aurrera ekintza armatuen etenaldi iraunkorra abiaraztea erabaki zuen, «prozesu demokratiko bat bultzatzeko» asmoz.

Barajasko aparkalekua, atentatuaren ondoren.

Bederatzi hilabete geroago, 2006ko abenduaren 30an, Madrilgo Barajasko aireportuan auto-bonba jarri eta lehertu egin zuen, martxoan hasitako su etena amaituaraziz. Hala eta guztiz ere, erakundeak 2007ko urtarrilaren 9an Gara egunkariari bidalitako agiri batean su-eten iraunkorra mantentzeko asmoa azaldu zuen, hildakorik izateko asmorik ez zuela-eta ordubeteko aurrerapenaz hiru deiren bitartez abisatu ondoren polizia aireportuko aparlekuak desalojatzeko gai ez izatea salatuz. Azkenik, urte bat eta hiru hilabete pasa ondoren, 2007ko ekainaren 5ean, ekainaren 6ko 00:00tatik aurrera su-etena hautsiko zuela jakinarazi zuen «negoziaketa prozesu batean aritzeko behar diren gutxieneko baldintzarik ez dagoela» argudiatuz.[36]

2007-2010

2007ko abuztuaren 24ko goizaldeko 3:30etan ETAko ustezko kide batzuek Durangoko Goardia Zibilaren egoitza erasotu zuten. 80 kilo lehergailuz betetako furgoneta batean heltzen ikusi zuten pertsona bat (gizonezkoa iruditu zitzaien), furgoneta kuartelaren ondoan aparkatu eta beste auto batean ihes egin zuen. Furgoneta lehertzean bi goardia zibil zauritu ziren, eta inguruko etxe eta ibilgailu asko kaltetu ziren. Geroago, Zornotzan (Durangotik 12 kilometrora) kotxe bat lehertu zen aparkaleku batean. Ustez Durangon furgoneta aparkatu zuenak ihes egiteko erabili zuena izan zen.

Goardia Zibilaren aurkako ekintza horren ostean, bonba bidezko hainbat atentatu burutu zituen ETAk epaitegien, ertzainetxeen eta PSE-EEko egoitzen aurka, besteak beste. Halaber, Capbretonen (Landak, Frantzia) bi goardia zibil hil zituzten.

PSEren egoitza baten aurkako ekintza (2009).

2008ko martxoaren 7an Isaias Carrasco zinegotzi sozialista ohia tiroz hil zuen Arrasaten, autoan zegoela.[37]. Hilketa horrek martxoaren 9ko hauteskundeetarako kanpaina bertan behera utzi zuen.

2008ko abenduaren 3an Inazio Uria enpresaburua hil zuten tiroz, Azpeitian (Gipuzkoa). 71 urte zituen, eta Euskal Ya eraikitzen ari zen enpresetako baten arduraduna zen, Altuna y Uria enpresa hain zuzen. Eguerdiko 13:03-tan gertatu zen atentatua, Azpeitiako Loiola auzoan. Ondoren, Ertzaintzak, gizon bat aurkitu du loturik Itziar (Deba) gainean, berari lapurtu baitzioten etakideek autoa.[38]

2008ko abenduaren 31n, erakunde armatuak bonba-auto bat zartarazi zuen EITBk Bilbon duen egoitzan. Eraso honek kalte material nabarmenak eragin zituen, oraindik oso berria zen eraikinean.

2009ko otsailaren 23an Lazkaon atentatua gertatu zen. Lehergailu batek, eztanda egin zuen goizaldeko 3:00[39] aldera Lazkaoko PSE-EEren egoitzan. Urte bete beranduago, 2010eko martxoaren 16an Paristik gertu jendarme bat hil zuten etakideekin izaniko tiroketa batean. ETAk bere historian hildako lehenengo segurtasun indarretako kide frantziarra izan zen[40].

2010ean hasitako su-etena

2010eko irailaren 5ean BBC britainiar hedabidearen bitartez zabaldutako adierazpen batean, ETAkoek «hilabete batzuk» su-etenean zeramatzatela adierazi zuten, «prozesu demokratiko» bat aurrera eraman ahal izateko.[41] Irailaren 19an Bruselako Adierazpenaren sinatzaileekin aurrera begira hartu beharreko neurriak aztertzeko prest zeudela esan zuten. Zurrumurru askoren ostean 2011ko urtarrilaren 10ean su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria aldarrikatu zuen.[13]

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresaburuen elkarteko (Confebask) buru den Miguel Lazpiurrek 2011ko martxoan adierazi zuenez, ETAren historian lehendabiziko aldiz, su-eten honetan ez dira enpresaburuei estortsio gutunak bidaltzen ari, iraultza zerga biltzeko.[42] Hurrengo hilean, enpresaburuen elkarteei igorritako gutun batean, ETAk berak baieztatu zuen iraultza zerga bertan behera utzi duela, su-etenaren ondorio gisa.[43]

2011: ETAren ekintza armatuen behin betiko uztea

Sakontzeko, irakurri: ETAren ekintza armatuen behin betiko uztea

2011ko urriaren 20an, borroka armatua behin betiko utzi zuela adierazi zuen ETAk.[14] Espainiar eta frantziar gobernuei gatazkaren ondorioak gainditzeko elkarrizketak abiatzeko deia egin die, eta armak desegiteaz hitz egiteko prest agertu da, hiru gai nagusi dituen bere negoziazio agendaren barruan:[44]

  1. Euskal preso eta iheslari politiko guztien etxeratzea.
  2. ETAren armen desegitea.
  3. Euskal Herriaren desmilitarizazioa.

Izan ere, erakunde horrek berak dioenez, «ETA ez da konponbide politikoaren mahaian eserita egongo. Ezker abertzalearen erreferentzia politiko nagusia den herritar batasunak ordezkatuko du ezker abertzale osoa mahai horretan».[44]

2012ko urtarrilean, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ziurtatu zuen ETAk su-etena deklaratu zuenetik eta indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik eten egin direla ETAren «atentatuak, erasoak, mehatxuak eta estortsioa».[15]

Ekintzak

ETAk hildako gizabanakoak

Sakontzeko, irakurri: ETAk hildakoen zerrenda
ETAk hildakoak[12]
Zibilak 343
Poliziak edo militarrak 486
Guztira 829

ETAk hildako lehenengo pertsona Jose Pardines guardia zibila izan zen, errepide kontrol batean topo egitean, 1968ko ekainaren 7an. Aurrez antolatutako ekintza armatu batean hildako lehenengoa polizia politiko frankistaren Donostiako buru Melitón Manzanas izan zen. Geroztik, garrantzi eta izen handiko hainbat pertsona hil ditu, besteak beste:

ETAk hil du, Espainiako historia osoan, Espainiako Armadako goi agintari gehien; inongo gudan ez dira hainbeste hil, ezta Espainiako Gerra Zibilean ere.

Su-etenak

  • 1989: urtarrilaren 8an, bi asteko su-etena eman zuen ETAk, Espainiako Gobernuak Aljerren negoziazioei ekinez gero luzatzeko eskaintzarekin. Bi aste horietan Espainiako Gobernuko ordezkaritza bat ETAko kideekin batu zen Aljerren. Negoziazioak ez zuen aurrera egin; ETAk apirilaren 4an hautsi zuen su-etena.[45]
  • 1996: ekainaren 23an, Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburu izendatu zutenean, astebeteko su-etena eman zuen ETAk. Garai hartan, Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioa bahituta zeukan.[45]

Kale borroka

Espainiako segurtasun indarrek ETAri kale borroka erabiltzea leporatzen diote, ETA eta haren «ingurua» erakunde beraren partetzat hartuta.[46][47] Ezker abertzaletik zein ekintza mota horien egileek berek beti ukatu izan dute ETAren eta kale borrokaren arteko lotura hori izan denik.[48]

Erakundearen ezaugarriak

Gobernuen errepresioa

Terrorismo eta espetxe politikak

Tortura salaketak

Sakontzeko, irakurri: Tortura#Tortura Euskal Herrian

Tortura kasuak eta salaketak ugariak izan dira Hego Euskal Herrian, ETAren eta, oro har, ezker abertzaleko kideen aurkako jazarpenean. Salaketak ugariak izan arren, torturagatik zigortutako Estatuko funtzionarioak askoz gutxiago izan dira, nazioarteko hainbat erakundek salatu dutenez,[49][50] Espainiako «terrorismoaren aurkako» legeriak tortura errazten duten eremuei bide ematen dielako (nagusiki, atxilotuentzako inkomunikazio aldia, zeinaren arabera atxilotuak bost egunez egon daitezkeen poliziaren esku epailearen aurretik pasa arte).[51]

ETAren sorreratik, hainbat tortura kasu entzutetsu gertatu dira Euskal Herrian. Horien artean, aipatzekoa da Mikel Zabaltza orbaiztar gaztearen kasua: Guardia Zibilak atxilotu ondoren, hilda agertu zen Bidaso ibaian, eskuak eskuburdinez lotuta zituela. Poliziek ihes egin zuela esan zuten arren, aurrerago torturaren ondorioz hil zutela jakin zen, Zabaltzak biriketan zuen ura zela eta, beste hainbat ebidentziaren artean.[52][53][54] Euskal Herriko gizartean eragin handia izan zuen beste kasu bat 1981eko otsailaren 13an gertatu zen. Orduan, Joxe Arregi Izagirre etakidea hil zen Madrilgo (Espainia) ospitale batean, jasotako torturen ondorioz.[55] Hiltzear zegoela, «Oso latza izan da» esaldi ezaguna esan zien gela berean zeuden beste bi presori. Haren omenez, torturaren aurkako Euskal Herriko kolektibo batzuek Torturaren Aurkako Eguna izendatu dute otsailaren 13a.[56] Denboran aurrera eginez, beste hamaika kasuren artean, aipagarri dira Unai Romano gasteiztar gaztearena (atxiloalditik burua ubelduraz josia atera zen)[57] edota Martxelo Otamendi kazetariarena.[58] 2010ean, oraindik, lau guardia zibil zigortu zituzten bi etakide gogor torturatzeagatik.[59]

Kulturan

ETAren agiriak eta elkarrizketak

Erreferentziak

  1. a b Fermin MUNARRIZ: «Jose Luis Alvarez, Txillardegi: "Euskarak eraman ninduen abertzaletasunera"», Gara, 2010-11-14.
  2. (Ingelesez) «Terrorist Groups», AEBek terroristatzat jotzen dituzten AEBez kanpoko erakundeak («Foreign Terrorist Organizations»), Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Saila.
  3. «ETAren terrorismoa», Espainiako Barne Arazoetako Ministerioa.
  4. (Frantsesez) «Conseil Affaires Generales et relations exterieures - Affaires Generales - Conclusions - Extraits», erakunde terroristen Frantziako zerrendaren XIV. kapitulua, Frantziako Gobernuaren webgunean.
  5. (Ingelesez) «Currently listed entities», Kanadako Segurtasun Publikorako Ministerioa.
  6. (Ingelesez) «Common Position 2001/931/CFSP on the application of specific measures to combat terrorism and repealing Common Position 2006/231/CFSP» , Europar Batasunaren Egunkari Ofiziala.
  7. (Ingelesez) «Communication No 219/2002 : Switzerland. 2003/05/12. CAT/C/30/D/219/2002. (Jurisprudence)», Nazio Batuetako Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Bulegoa.
  8. (Ingelesez) «EU terrorism situation and trend report 2007», Europol.
  9. ETAren 2010eko iraileko agiria
  10. 'Bietan Jarrai', el lema al que ETA nunca ha dejado de ser fiel, El Mundo, 2007-07-10
  11. Joshua Hammer: «Peace at Last?», Smithsonian, 2007ko urtarrila.
  12. a b c «Últimas víctimas mortales de ETA: Cuadros estadísticos», Espainiako Barne Arazoetako Ministerioa. Web orria bisitatu den data: 2011-10-23.
  13. a b c ETA declara alto el fuego permanente
  14. a b c «ETAk borroka armatua bukatu du», Berria, 2011-10-23.
  15. a b Koldo ALDABE: «Erabakiek ez dutela bueltarik esan dio ETAk Egiaztatze Batzordeari», Berria, 2012-01-27.
  16. Elduaien, Oihana (Urtarrilaren 15a, 2009), «600dik gora zerrenda baliogabe» (Euskaraz), Berria (Andoain), http://paperekoa.berria.info/harian/2009-01-15/008/004/600dik_gora_zerrenda_baliogabe.htm 
  17. «Jarrai, Haika eta Segi "talde terrorista" direla erabaki du Auzitegi Gorenak» (Euskaraz), Berria.info (Andoain), Urtarrilaren 19a, 2007, http://www.berria.info/albisteak/18750/jarrai_haika_eta_segi_talde_terrorista_direla_erabaki_du_auzitegi_gorenak.htm 
  18. «Sentencia del juicio contra Gestoras/Askatasuna: penas de 8 y 10 años de cárcel» (Gaztelaniaz), Gara (Donostia), Irailaren 18a, 2008, http://info.nodo50.org/La-AN-condena-a-penas-de-entre-8-y.html 
  19. ETA: «Euskal Herria'ri E.T.A.'k dei», 1964-01-01. [ETAren historiako lehen agiria.]
  20. Joan Mari Torrealdai (1999): La Censura de Franco y el tema vasco, Kutxa Fundazioa, 1999. ISBN 84-7173-349-8.
  21. Ernest LLUCH: «El problema de mi querida tierra vasca», El Mundo, 2000-11-22.
  22. a b Ainhoa OIARTZABAL: «Begoña Urroz afera», Berria egunkariko Igandea gehigarriko erreportaje luzea, 2011-02-20.
  23. «Estadísticas: víctimas de ETA», Guardia Zibilaren webgunea. Noiz kontsultatua: 2011-10-26.
  24. Óscar GUTIÉRREZ: «El primer día en el que ETA asesinó», El País, 2008-06-04.
  25. José María Calleja: «Carrero, Franco y ETA», Diario Vasco, 2006-12-26. Eskuratze data: 2011-02-14.
  26. «El juez Del Olmo cierra el periódico 'Egunkaria' por ser "instrumento" de ETA», El País, 2003-02-21.
  27. (Gaztelaniaz) Terra fundazioa eta EFE agentzia: «Reacciones por el cierre del diario Egunkaria», 2003-02-20.
  28. (Katalanez) (Gaztelaniaz) «Dues visions d'una manifestació contra el tancament d'Egunkaria», Contrastant, 2003-02-29.
  29. «Los nacionalistas vascos responden a la clausura con indignación», El País, 2003-02-21.
  30. Miguel Ángel BARROSO: «Mikel Buesa-Gorka Landaburu: La manifestación de las víctimas, a debate», ABC, 2005-06-03.
  31. Teresa AGIRREAZALDEGI eta Txema RAMIREZ DE LA PISCINA (2008): «Diario Euskaldunon Egunkaria: Testigo y actor de la cultura vasca», Komunikazio ikasketen aldizkaria, 26. zenbakia, 2009, 185-209. orrialdeak.
  32. Mugarik Gabeko Berriemaileak: «Reporteros Sin Fronteras pide explicaciones sobre el cierre del periódico vasco Euskaldunon Egunkaria», Mugarik Gabeko Berriemaileak, 2003-02-20.
  33. Egunkariaren aldeko Madrilgo plataformako atxikimenduak.
  34. (Gaztelaniaz) «Exdirector de Egunkaria denuncia la situación de encarcelamiento que aún vive el consejero delegado del periódico clausurado por justicia», Noticiasdot.com, 2004-05-21.
  35. (Gaztelaniaz) Espainiako Audientzia Nazionaleko Zigor Arloko epaimahaia: 27/2010 Epaia, 2010-04-12.
  36. Su-eten iraunkorra bertan behera uztea erabaki du ETAk, gaur gauerditik aurrera
  37. Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohia hil du ETAk tiroz, Arrasaten Berria, 2008ko martxoaren 8a
  38. Inazio Uria, enpresaburu azpeitiarra tiroz hila Azpeitian Berria, 2008ko abenduaren 3a
  39. Atentatuaren albistea, Eitb.com, 2009-02-23
  40. (Euskaraz) Tiroketaren lekuko eta atxilotua galdekatzen ari dira, eitb, http://www.eitb.com/albisteak/politika/osoa/378737/tiroketaren-lekuko-eta-atxilotua-galdekatzen-ari-dira/. Noiz kontsultatua: 2010-03-17 
  41. BBC, Spain's Eta declares ceasefire, BBC, http://www.bbc.co.uk/news/world-europe-11191395. Noiz kontsultatua: 2010-09-05 
  42. «Lazpiur confirma que es la primera tregua sin que haya cartas de extorsión», El País, 2011-03-16.
  43. Jokin SAGARZAZU: «'Iraultza zerga' eten duela jakinarazi die ETAk enpresaburuei», Berria, 2011-04-29.
  44. a b Iñaki SOTO: «ETAri elkarrizketa: "Soilik herriak berma dezake prozesuaren garapena, berea da protagonismoa"», Gara, 2011-11-11.
  45. a b c d e f g «ETAk emandako su-etenak», Konponbideari begira agerkari berezia, Berria.info webgunea.
  46. Centro de Análisis y Prospectiva: «La kale borroka y la estrategia de ETA», Guardia Zibila.
  47. «La operación de la Policía contra el terrorismo callejero permite esclarecer hasta el momento al menos once ataques de “kale borroka”», Espainiako Barne Arazoetako Ministerioa, 2007-10-19.
  48. Mujika, Gari (abuztuaren 30a, 2008), «Lucha política bajo las capuchas y los cócteles» (Gaztelaniaz), Gara (Donostia), http://www.rebelion.org/noticia.php?id=71990 
  49. «Amnistía Internacional denuncia la ley antiterrorista», El País, 1982ko abenduaren 15a.
  50. «Los derechos civiles y políticos, en particular las cuestiones relacionadas con la tortura y la detención. Informe del Relator Especial sobre la cuestión de la tortura, Theo van Boven», Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko Giza Eskubideen Batzordea, 2004ko otsailaren 6a.
  51. «Medidas antiterroristas en España», Human Rights Watch, 2004ko urtarrila.
  52. «El análisis del agua que contenían los pulmones de Zabalza ratifica que murió ahogado en el Bidasoa», El País, 1986ko urtarrilaren 9a.
  53. «Extraña muerte en el Bidasoa. El gran amañador en el "caso Zabaltza"» El País, 1996ko maiatzaren 13a.
  54. «Un informe del Cesid confirma que Zabalza murió en Intxaurrondo», El Mundo, 1997ko apirilaren 15a.
  55. «El informe forense reconoce que José Arregui fue torturado», El País, 1981eko otsailaren 17a.
  56. «13 de Febrero, dia contra la tortura en Euskal Herria, Aniversario del asesinato de Joxe Arregi», 2006ko otsailaren 10a.
  57. «Unai Romanoren tortura salaketa».
  58. Martxelo Otamendiren tortura salaketa
  59. «Lau guardia zibil zigortu ditu Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Portu eta Sarasola torturatzeagatik», Berria, 2010eko abenduaren 30a.

Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Euskadi Ta Askatasuna
Wikiztegia
Wikiztegian orri bat dago honi buruz:
ETA
Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak