Joan zaigu jada lehen Blogs&Bikes topaketa. Balorazioak egingo ditugu gaurtik aurrera, lehenbizi baina hemen duzue gure kronikatxoa, batez ere hurrengo edizioetara animatu zaitezen.
Zapatuan 27 lagun inguru bildu ginen Mintxetan, Debabarreneko BTT zentroaren egoitzan. Izena emandakoak eta azken uneko sorpresa bat edo beste. Goiza freskoa zegoen, behe-lainoa zegoen artean, baina itxura ederra zeukan egunak. Orduan atera ginen, 9:30etan, ohikoa ez den zerbait gure inguruotan. Aurrena ordea talde argazkia atera genuen:
Izugarri poztu gaitu hainbeste laguneko tropela bildu izanak eta esker hitzak besterik ez dauzkagu guregana etorri zinetenoi.
Mintxetatik Elgoibar erdialdera jaitsi eta San Migel – Urkaregi mendatea igotzeari ekin genion, errepidez. Igoera egitean argi geratu zen maila oso ezberdinak zeudela tropelean. Zenbaitzuk forma onean jarraitzen dute, besteok kiloak hartu ditugu negua epelago pasatzeko. Urkaregin Arnoaterako mendi-bidea hartu genuen eta handik Kostolamendira. Hemendik aurrerakoan taldea bitan banatu genuen, zailtasun eta indarren arabera.
Gogotsuenek Olatzerako bidea lur-bidean egin zuten, eta handik Kalbaixora Apainen zehar. Besteok, indarrak neurtzea nahiago eta porlanezko bidean behera jaitsi ginen Mutrikuko Olatz auzora, eta handik zementuzko bide eroso eta ederretik hamaiketakoarekin bila.
Mutriku gainean dagoen Kalbaixoan dago kokatua Azkenetxe erretegia eta han eskaini zigun Debabarreneko BTT zentroak hamaiketako ederra. Salda, patata tortilla, txorizo egosia eta edaria. Horrela ibil daiteke bizikletan! Eskerrik beroenak BTT zentroari, benetan.
Kalbaixoan ere taldea banatu genuen. Bide erraza hartu genuenok errepidez egin genuen buelta Elgoibarra, Sasiolara jaitsi eta Mendaro eta Altzolan barrena N-634an. BTTeroak Laranga auzora jaitsi ziren eta handik Debara; Elgoibar alderantz errepidez.
Mintxetara iristean opari bat zozketatu genuen etorritakoen artean, PitStop Ultimate Cleaning garbiketa kit bat, ezin egokiagoa bizikleta txukun-txukuna mantentzeko.

Egindako bidea
Ander Goñi adiskideak egindako bidea GPSarekin grabatu zuen, hemen arrastoa eskuratzeko aukera. Eskerrik asko Ander!
Argazkiak eta kontakizunak
Kontakizunak:
- Itxaspe-koen kontakizuna: http://www.itxaspe.com/BlogsDeportes/MaterialDeportivo/i-blogs-bikes-de-kisale-en-elgoibar-y-homenaje-iban-altube-en-onati-btt
- Relato por Asier: http://bizik.org/2011/11/27/fin-de-semana-completo/
Argazkiak:
- Itxaspe: http://minus.com/mbeTcVBtGF#1
- Sukia (Deba): https://picasaweb.google.com/lh/photo/44cIGBTlcbCW-g4OFiOVuDmA84UwKuSTFzNsKO7Ij-Q?feat=directlink
- Ane Gabiria : https://picasaweb.google.com/103019638505078844133/BlogBike?authkey=Gv1sRgCPepzqm89rGs3wE
- Aitzol Naberan: https://secure.flickr.com/photos/aitzol/sets/72157628160001865/with/6405516617/
- Mikel Lizarralde: http://www.flickr.com/photos/mikeltxo/sets/72157628186938413/