Itzuli orri nagusira Bidali hau

300 neska-mutiko inguru bildu dira Zumaian Bertso Eskolen Egunean

© cc-by-sa  Gipuzkoako Bertsozale elkartea ¦ 2012-05-06 ¦ 19:44 ¦ bertsolaritza

Sekulako giroa izan da kostaldeko herri honetan egun guztian zehar. Bertso eskoletan eta Hezkuntza Arautuan bertsolaritzak duen osasun ona bistan geratu da aurten ere. 300 haur inguru batu dira Zumaian ospatu den Gipuzkoako Bertso-eskolen VIII. egunean. Goizeko hamarretarako Eusebio Gurrutxaga plazan kolore gorria nagusitu da, gorria izan baita aurtengo kamisetaren kolorea, olagarro baten irudia daramana.

Publizitatea

Lehen unetik giro ederrean ospatu dute aurtengo Bertso-eskolen eguna. Lip-dub-a grabatzea izan dute lehen egitekoa. Taldetan banatu dira Zumaiako kale ertz desberdinetan, eta aldez aurretik propio prestatuta zekarten abesti bat dantzatzeari ekin diote. Talde bakoitzak bere koreografia prestatu du, ondoren kamara iristean gauzatu dutena.

Bapo bazkaldu ondoren, Jon Urbieta DJ-ak dantzan jarri ditu hainbat neska-mutil. Arratsaldeko lauetan Maria eta Jose ikastetxean batu dira Josu Goikoetxea gidatutako bertso-trama entzuteko. Maialen Lujanbio, Jon Maia, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Sarriegi aritu dira bertsotan, eta baita asmatu ere gaztetxoengana iristen. Saio bizia eta umoretsua izan da.

Edurne Soraluze Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko transmisio eragilearen hitzetan, eskertzekoa da hainbeste lagun animatu izana gurekin eder hau ospatzera, eta eskerrak eman nahi izan dizkie begirale lanetan aritu diren Bertso-eskoletako irakasle zein arduradunei. “Haien laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke egun hau ospatu ahal izatea”. Bide beretik, Zumaiako Udala, Foru aldundia eta Zumaiako Bertso-eskola goraipatu ditu, ezinbestekoa izan delako egin duten ekarpena, bakoitzak beretik. Zumaiako herritarrek erakutsi duten jarrera ezin hobea ere aipatu du. “Egin ditugun jolas eta ekintza guztietan laguntzeko borondotea erakutsi dute”.

Beldur baziren ere, azkenean eguraldi ederra izan dute, eta horrek ere asko lagundu du prestatu duten egitaraua gauzatzerakoan.

Gipuzkoan, bertso ahoz aho

Gaur Zumaian elkartu diren neska-mutikoetatik asko hezkuntza arautuan “Gu ere Bertsotan” proiektuaren barne egiten duten lanaren uzta dira. Pozik daude egiten ari diren bidearekin. “Hamaika irakasle ari dira hezkuntza arautuan lanean Ahozkotasuna eta Bertsolaritza izeneko proiektuarekin lanean, beste mordo bat Gipuzkoako Bertso eskoletan, eta gaurko eguna ere bada ahalegin horren ondorio”. Gipuzkoako Bertsozale Elkartearentzat garantzi handiko eremu estrategikoa da transmisioa, horregatik, aurrerantzean ere bide berean lanean jarduteko borondatea eta konpromisoa agertu dute.

bertso-eskola.JPG 108KB (110701 byte)

Erantzunak

#1. Re: lipdub

Jon Martin ¦ 2012-05-07 ¦ 20:30

Hona egunaren emaitza. Bertso eskolen eguneko Lipduba:

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz