BERRIAK

Datorkiguneari amaiera emateko prentsaurrekoa

2013-10-01

Hiru urte luze ondoren pena handiz, baina egindako lanagatik pozik, gure proiektuari agur esan behar diogu.

Datorkiguneari merezi duen amaiera emateko prentsaurreko bat prestatu dugu. Bertan hiru edizioetan landutako edukiak eta proiektuaren ondorio nagusiak gizarteratuko ditugu. Horretaz gain, gurekin elkarlanean aritu diren guztioi eskerrak emanen dizkizuegu:
Urriak 4, ostirala, goizeko 11:00etan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean
Prentsaurrekoan ondorengo partaideek izanen dute hitza:
Zigor Etxeburua, GFAko euskara zuzendaria
Jon Redondo, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendaria
Arrate Arin, Eusko Ikaskuntzako zuzendaria
Arantza Ruiz de Larrinaga, GFAko parte hartze zuzendaria
Maddi Castro, Datorkigune kidea eta kazetaria


Datorkigunea 2012-2013aren azken bilera

2013-06-15

Pasaden larunbatean, ekainak 15ean, goizeko 9:15etan Donostiako CRAJ-en Datorkigunea 2012-2013ko partaideak elkartu ziren ikasturte honetako azken bilera ospatzeko.
Bertan Iparralde-Hegoalde gaiari amaieraemateko hainbat proposamen landu zituzten.
Amaitzeko Datorkigunekideek ikasturte osoko balorazioa egin zuten.
Bilera honekin Datorkginea proiektuari agur esan zioten gerturatutako gazteek.


Ipar eta Hego Euskal Herriko harremanak

2013-02-13


Hurrengo larunbatean, otsailak 16, Datorkigunea 2012-2013ko bigarren gaiaren lehenengo bilera ospatuko dugu, Ipar eta Hego Eukal Herriko harremanak. Bilera Iruñan ospatuko da, CIVIVOX Jus La Rocha gizarte etxean.

Lehenengo bilera honen helburua topikoen inguruan hausnartzea da. Horretarako hainbat dinamika prestatu dira eta aditu bat gonbidatu dugu ere.


Datorkigunea 2012-2013 hastear dago!

2012-09-18

Hurrengo larunbatean, irailak 22, Datorkiguneak bere ikasturte honetako bere lehenengo bilera ospatuko du. Datorkigunea 2012-2013 gure hirugarren edizioa da. Bertan Euskal Herri osoko 40 gaztek parte hartuko dute migrazioa eta identitatearen inguruko hausnarketa bat egiteko: Immigrazioa eta identitatea: aniztasunerako bidean.
Lehenengo bilera honen helburua migrazioa eta identitatearen kokapen historikoa egitea da. Honekin batera hainbat kontzepturen definizioari ekinen diogu. Horretarako Txuri Ollo Gorritiren (NUPeko Antropologia Departamentuko irakaslea) hitzaldia entzunen dugu.


Datorkigunea 2011-2012ren agurra

2012-06-19

Pasaden larunbatean, ekainak 16an, goizeko 9:15etan Aranzadiko Donostiako egoitzan Datorkigunea 2011-2012ko partaideak elkartu ziren ikasturte honetako azken bilera ospatzeko.
Bertan Generoaren gaiari amaiera eman zioten eta horretarako berdintasunaren inguruan lan egiten duten hainbat egitasmoren arduradunek parte hartu zuten.
Amaitzeko Datorkigunekideek ikasturte osoko balorazioa egin zuten.
Familia argazkia egin ondoren aurtengo proiektuari amaiera eman zitzaion eta Datorkigunea 2012-2013ari bidea irekiz.


Gizon eta emakumeak: proiektuen aurkezpena

2012-03-20

Pasaden apirilaren 17an Datorkiguneko 40 partaideak Miarritzeko ESTIAn elkartu ziren Gizon eta Emakumeen inguruko gaiari buruz eztabaidatzeko. Bertara emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko lana egiten duten talde ezberdinen arduradunak gerturatu ziren haien proiektuak aurkezteko. Aurkezpena egin ondoren Datorkigunekideek aukera izan zuten arduradunei haien kezkak helarazteko.


Gizon eta emakumeak: genero sistema orekatu baterantz

2012-02-20

Aurreko gaiari amaiera eman ondoren, Datorkiguneko gazteek erronka berri bati ekin diote: gaur egungo genero sistema aztertu eta, analisia egin ondoren, gazteriari eredu berri bat eskeintzea. Lehenengo bilera otsailaren 18an ospatu zen Iruñeko CIVICAN gizarte etxean. Bertan ideia nagusi batzuk aztertu zituzten: sexua, rolak edo generoa bere besteak beste.


Balioen inguruko azken bilera

2012-01-14

Donostin ospatutako bilera gai honen azkenekoa izan zen. Bertan, Datorkigunekideek balioen gaiaren inguruan 6 proposamen zehatz egin zituzten. Bilera honekin "Berezko bizi balioak eraikitzen" gaiari amaiera eman zion Datorkiguneak. Laster argitaratuko dugun txostenean bost bileretan zehar egindako lana jasoko da.


Datorkigunea Gasteizen

2011-11-21

Pasaden larunbatean Datorkiguneko kideak Gasteizen elkartu ziren balioen inguruan hausnartzeko asmoarekin. Ospatutako hiru bileretan partaideek balioen diagnosia burutu zuten eta orain erronken inguruan diardute. Hori izan zen azaroaren 19an Gasteizko Judimendi Gizarte Etxean landutako azken gaia: gazteen balioen inguruko erronkak kokatzea. Zer nolako gizartea nahi dugu? Galdera horri erantzuten saiatu ziren bertan egon ziren gazteak.


Biarritzeko bileraren ostean diagnosiak ez du bukatu

2011-10-21

Pasaden larunbatean, urriak 15, Datorkigunea osatzen duten 40 gazteek Bidarteko ESTIAn elkartu ziren gazteak eta balioen inguruko gaiaren inguruan hausnartzeko. Hainbat eremu aztertu ondoren (familia, lana, formakuntza, aisia, politika, etabar.), balioetan gure diskurtso eta portaeren arteko aldea nabarmena dela ondorioztatu zuten gazteek.
Bileran Euskal Garapenerako Kontseiluko Battitta Bolokik Ipar Euskal Herriko gazteen argazkia eskeini zien datorkigunekideei.


Datorkigunea 2011-2012ren lehenengo bilera

2011-09-26

Pasaden larunbatean, irailak 24, Datorkiguneak bere ikasturte honetako bere lehenengo bilera ospatu zuen. Bertan Euskal Herri osoko 40 gaztek parte hartu zuten gazteak eta balioen inguruko hausnarketa bat egiteko: Berezko bizi balioak eraikitzen.
Lehenengo bilera honen helburua balioen inguruko lehenengo diagnosi bat egitea zen. Zorionatsuak al gara gazte euskaldunok? Zer dira balioak? Ze ezaugarri dituzte? Galdera hauei erantzuteko Xabier Barandiaranen laguntza izan genuen.


Datorkigunekideen "familia argazkia"

2011-06-23

Pena handiz, pasaden ekainaren 18an agur esan genion Datorkigunea 2010-2011ri. Hona hemen Bilboko bilerara gerturatu ziren Datorkigunekideen argazkia. Guztiei esker mila eta hurrenarte!


Datorkigunea Eusko Legebiltzarreko Kultura eta Gazteria Komisioan

2011-06-16

Ekainaren 13an, Aitor Casado Figueroa Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak egindako eskaerari erantzunez, Eusko Ikaskuntzako zuzendari-kudeatzailea den Unai Apaolazak eta Ainara Iraetak, Gazteria Departamentuko arduradunak, “Datorkigunea: gazteen parte–hartzea” azterlana aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarreko Kultura eta Gazteria Komisioan.
Datorkigunea proiektuaren aurrekariak, xede nagusiak eta erronkak azaldu ondoren, proiektuaren ondorio diren “Gazteen parte hartzea. Bide berrien bila” txostenak jasotzen dituen parte-hartzearen diagnosia eta 40 proposamenak aurkeztu zituzten. Proposamen hauek 4 eremutan biltzen dira; parte-hartze ekonomikoa, politikoa, kulturala eta soziala. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako gazteek egindako lan honek parte-hartze dinamika berriak abian jartzeko garrantzia azpimarratzen du, autogestioaren eta parte-hartze horizontalean oinarritzen diren dinamikak hain zuzen.
Komisio honetako ordezkariek oso harrera ona egin zieten Eusko Ikaskuntzako ordezkariei zein aurkeztutako txostenari, azken hau oso positiboki baloratu zutelarik. Era berean, gazteak zoriondu zituzten egindako lana eta erakutsitako konpromiso maila goraipatuz. Ondorioz, Eusko Ikaskuntzak gazteriaren alorrean egindako lana kontutan hartzekoa zela eta hurrengo txostenen inguruko informazioaren jarraipena egingo dutela ere adierazi zuten.


Datorkigunea 2010-2011ren azkeneko bilera

2011-06-15

Datorren ekainaren 18an Datorkiguneak bere lehenengo edizioaren azkeneko bilera ospatuko du Bilbon. Bilera honen helburua da "etxebizitza" eta "lan munduaren" inguruan egindako proposamenak aztertzea eta ikasturte osoko balorazio bat egitea. Bileran Datorkiguneko Batzorde Zientifikoak parte hartuko du ere. Bilera honetan pena handiz aurten parte hartu duten 40 gazteak agurtuko ditugu eta Datorkigunea 2011-2012ri ongietorria emanen diogu .


Donostiako bileraren berri

2011-04-19

Iragan den larunbatean, apirilak 16, Gipuzkoako Bazkundea Datorkigunea proiektuaren zazpigarren bileraren topagunea bilakatu zen, proiektuan parte hartzen duten 40 gazteak berriz ere elkartuz. Bilkuran gazteriaren lan egoeraren diagnosia burutu zuten eta aurrera begirako erronken zertzeladak marraztu zituzten. Beraz, helburuak gazteen lan egoeraren ezaugarriak ezagutu, lan egoera idealaren definizioa egin eta lan egoeraren erronkak kokatzea izan ziren. Benjamin Tejeria, UPV-EHUko irakasle eta soziologoa baita Identitate Kolektiboen Ikertegiko kidea, “Krisialdia, bizi-baldintzak eta gazte prekarietatea”-z aritu zen, gazteei ikuspegi aditua emanez.


Datorkigunearen lehenengo fasearen ondorioen aurkezpenaren bideoa

2011-04-05

Diario Vascok Datorkigunearen lehenengo fasearen ondorioen aurkezpenaren prentsaurrekoan grabatutako irudien laburpena.


Datorkigunea, bide berrien bila darabil

2011-04-03

Gazteengan izango da etorkizuneko hitza, eta eurek lekukoa jaso dezaten eta parte hartzea sustatzeko xedez, Eusko Ikaskuntzak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiaren babesarekin, Datorkigunea ekimena abian jarri zuen.


Datorkigunearen bigarren fasea hastear doa

2011-02-09

Gazteriak dituen arazo nagusien aurrean zer egin? Hori izan da Eusko Ikaskuntzako Gazteria Departamentuak plazaratutako kezka, eta hain zuzen ere horri aurre egiteko 2011ko otsaila eta ekaina bitartean arituko da gazteekin lanean.


Bilboko bileraren berri

2011-02-04

Bilbo eta Elkano kalean dagoen BBKko Cultura Aretoa izan ziren Datorkigunearen bostgarren bileraren topalekua. Goizeko 9:30ak hasita eguerdiko 14:30ak arte aritu ziren lanean, arratsaldean berriz ere martxa hartuz 15:30etan 17:00ak arte. Proiektuaren lehenengo gaiaren azkeneko bilera izan zen hau, Gazteen parte hartzea, bide berrien bila. Egunean zehar, parte hartzaileek parte hartze soziala, politikoa, kulturala eta ekonomikoa bultzatzeko ekintzen proposamenari ekin zioten, eskakizunak gizarteari, gazteriari eta insituzioei zuzendu zituztelarik. Bilera guztietan egindako lanaren ostean, eta azkeneko bileran egindako proposamenekin, martxoaren hasieran argitaratuko den txostena prestatzen dabil Eusko Ikaskuntzako Gazteria Departamentuak.


Datorkigunearen bostgarren bilera

2011-01-18

Bilbo izango da Datorkigunearen bostgarren bileraren topalekua, hain zuzen ere Elkano kalean dagoen BBK-ko Kultura Aretoa. Goizeko 9:30 hasita eguerdiko 14:30ak arte arituko dira lanean, arratsaldean berriz ere martxa hartuz 15:30etan 17:00ak arte. Proiektuaren lehenengo fasearen azkenengo bilera izango da, hau da, Gazteen Parte Hartzea landu duenarena. Egunean zehar, parte hartzaileek parte hartzea bultzatzeko ekintzen proposamen dokumentua erredaktatuko dute,  aurrez zehastutako lan ildoen arabera, instituzioei eta euskal gazteriari zuzenduriko eskaera eta proposamenekin.


Datorkigunearen laugarren bilera

2010-12-16

Hurrengo larunbatean, hilak 18, Bidarteko ESTIAn ospatuko da Datorkigunea proiektuaren laugarrren bilera, hots, Gazteen Parte Hartzea lehenengo fasearen azkenaurreko topaketa. Goizeko 9.30tan hasita arratsaldeko 15.00ak arte arituko dira lanean, proiektuan parte hartzen duten 40 gazteek. Orain arte egindako lanarekin, diagnosia eta ebaluazioa burutuko dute. Parte hartzearen definizioa berregin beharko den baloratu, maila desberdinetan dagoen parte hartzearen balorazioa egin, puntu fuerteak eta ahulak kontutan izanik eta Euskal Herriko gazteen parte hartzearen mailaren diagnosia egin, hots, zein alorretan parte hartzen duten eta zein bide erabiltzeko joera duten. Horretaz gain, Pantxoa Etchegoin, Institut culturel basque - Euskal Kultur Erakundeko lehendakaria, aditu gisa eurekin arituko da. 


Donostiako bileraren berri

2010-11-23

Pasa den larunbatean, hilak 20, Donostiako Gipuzkoako Bazkundean Datorkigunea proiektuaren 40 kideak batu ziren berriro. Goiz osoa iraun zuen bilkuran, gazteen parte hartzera gerturaketa bat egitea izan zuten helburutzat partaideek. Baina hirugarren bilera honek bereiztasun bat izan zuen aurrekoekin alderatuz; adituek bileraren azkeneko tartean hitz egin beharrean hasieran mahai borobil bat egin zuten. Hasteko, 10 minututako aurkezpena burutu zuten eta gero partaideekin eztabaidatzeko abagunea zabaldu zuten. Ainhoa Aguirre, Zugarramurdiko Sorginen Museoaren Zuzendaria, Elixabet Aizager, Euskal Herria Zuzenean Festibalaren Lehendakaria, eta Naiara Martin, Elgoibarreko aisialdi teknikaria, gazteekin solasean aritu ziren zuzeneko hartu-emanean. Bilera amaitzeko, taldeka, gazteen parte hartze kulturala, soziala, ekonomikoa eta politikoa aztertu zituzten.


Datorkigunearen hirugarren bilera

2010-11-16

Datorren larunbatean, hilak 20, Donostiako Gipuzkoako Bazkundean Datorkigunea proiektuaren hirugarren bilera ospatuko da. Hitzordua 9:15etatik 14:00ak arte luzatzen da eta 40 gazteak batuko dituen bilkura honetan helburua gazteen parte hartzera gerturaketa bat egitea da. Euskal Herriko gazteek aztertzen ari diren lau eremuetan (politikoa, kulturala, ekonomikoa eta soziala) dituzten parte hartzeko aukerak eta gogoak aztertuko dituzte. Era berean, zeintzuk diren gazteek gehien erabiltzen dituzten bideak eta zergatiak hausnartuko dira. Parte hartzaileek erreferentzi batzuk jasoko dituzte baina ezinezkoa izango da parte hartze prozesuen ezagutza osoa jasotzea. Aurreko bileretan egin izan den bezala, lau lan taldeetan antolaturik ekingo diote lanari eta, laguntza gisa, adituen ekarpenak jasoko dituzte. Hortaz, Ainhoa Aguirre, Zugarramurdiko Sorginen Museoaren Zuzendaria, Elixabet Aizager, Euskal Herria Zuzenean Festibalaren Lehendakaria, eta Naiara Martin, Elgoibarreko aisialdi teknikaria, izango dira gure artean.


Iruñeako bileraren berri

2010-10-25

Pasa den larunbatean, urriak 23, Iruñeako CIVICAN Gizarte Etxean Datorkiguneko 40 gazteak bildu ziren. Bilera goizez ospatu zen eta eguerdira arte iraun zuen. Parte hartzearen inguruko ikuspuntu orokor bat lortzeko gazteak taldeka banatu ziren (8-10 kide): batzuk parte hartze kulturala landu zuten, beste batzuk parte hartze politikoaren ezaugarriak  aztertu zituzten, beste talde batek berriz parte hartze sozialaren nondik norakoak landu zituen eta, azkeneko taldebatek, parte hartze ekonomikoa ezagutu zuen. Talde bakoitzaren hausnarketa amankomunean jarri ondoren, ikuspuntu orokor bat lortzeko, Datorkiguneko kideek Aitzol Loyola (Lanki) eta Javier Elzoren (ikertzailea eta gazterian aditua) iradokizunak jasoko zituzten.


Datorkigunearen bigarren bilera

2010-10-21

Datorren larunbatean, urriak 23, Iruñako CIVICAN Gizarte Etxean Datorkiguneko 40 gazteak bilduko dira. Bilera goizez ospatuko da, 9:30etatik 14:30ak arte eta bigarren bilera honen helburua prte hartzearen inguruko ikuspuntu orokorra jasotzea (parte hartze politikoa, kulturala, ekonomikoa eta soziala) eta parte hartzeko mekanismo desberdinak ezagutzea (formalak eta informalak) da. Helburu hau betetzeko lau lan talde sortu dira eta talde bakoitzak parte hartzearen arlo bat aztertuko du. Talde dinamiketaz gain, Datorkiguneko kideek Aitzol Loyola (Lanki) eta Javier Elzoren (ikertzailea eta gazterian aditua) iradokizunak jasoko dituzte.


Datorkigunearen lehenengo bilera

2010-09-25

Pasaden larunbatean, irailak 25, Gasteizko Judimendi Gizarte Etxean Datorkiguneko 40 gazteak bildu ziren. Bilerak egun osoa iraun zuen eta aukera polita izan zen partaideak elkar ezagutzeko. Bilera honen helburua Parte Hartzearen lehenengo definizio bat lortzea izan zen eta horretarako gazteek taldeka egin zuten lan. Talde dinamiketaz gain, Datorkiguneko kideek Zesar Martinez (EHU – Parte Hartuz), Ismael Blanco (Universidad Autónoma de Barcelona) eta Juan Luis Moraguesen (Análisis de Sistemas) iradokizunak jaso zituzten. Hurrengo bilerara begira lau lan talde sortu zituzten parte hartzearen esparru ezberdinak aztertzeko (parte hartze politikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala).


Datorkigunearen aurkezpena

2010-09-15

Pasaden irailaren 14an, asteartea, goizeko 11:00etan Miramarreko Salon Petit-ean Eusko Ikaskuntzako Gazteria Departamentuak prentsaurrekoa egin zuen Datorkigunea komunikabideen aurrean aurkezteko xedez. Bertan Gipuzkoako Eusko Ikaskuntzako lehendakaria ordeak (Teresa del Valle), Eusko Jaurlaritzako gazteriako zuzendariak (Ignacio Rodríguez), Gipuzkoako Foru Aldundiko gazteria zuzendariak (José Ignacio Insausti), Eusko Ikaskuntzako Gazteria Departamentuko arduradunak (Ainara Iraeta) eta Datorkigunean parte hartuko duten lurralde bakoitzeko ordezkari batek parte hartu zuten eta Datorkigunearen nondik norakoak azaldu zituzten.


Datorkigunea abian da jada

2010-09-03

Datorkigunea osatzen duten 40 gazteak lehenengo aldiz bilduko dira datorren irailaren 25ean Gasteizko Judimendi Gizarte Zentroan. Bilkura goizeko 09:30etatik 13:30etara eta 15:00etatik 17:00ak arte luzatuko da eta parte hartzearen inguruko definizio partekatu bat lortzea izanen da xede nagusi. Horretarako hiru adituren laguntza izango dugu: Zesar Martinez (Parte Hartuz – UPV/EHU), Ismael Blanco (Instituto de Gobierno y Políticas Públicas – Universidad Autónoma de Barcelona) eta “Análisis de Sistemas”eko aditu bat.


Eusko Ikaskuntza | Miramar Jauregia | Mirakontxa 48 | 20007 DONOSTIA

Garapena: HORREGATIK KOMUNIKAZIOA eta BIT&MINA