Itzuli orri nagusira Bidali hau

San Nikolas Arrasaten: "nola heldu dira guraso batzuk umeak zapaltzera?"

© cc-by-sa  Goio Arana ¦ 2011-12-15 ¦ 08:19 ¦ jaiak

San Nikolas jaia dela-eta, artikulu adierazgarria publikatu du Goienak egunak emandakoaren berri emateko, eta salatzeko Arrasateko guraso batzuek hartu duten tokiz kanpoko jarrera udalak antolatutako bolo-boloan. Hemen dago artikulua: San Nikolasko boloan ikusitako jarrerekin kezkatuta: gurasoak hezi egin behar ditugu. Testuaren arabera, umeak ez ezik, zenbait guraso ere sartu da gozokien harrapaketaren borrokan...

Publizitatea

Oso adierazpen esanguratsuak bildu ditu Larraitz Zeberiok artikuluan. Esaterako:

Nola heldu dira guraso batzuk ume batzuk zapaltzera?

Gurasoei esan egin behar diegu boloa umeendako dela? Umeei lagundu ahal diegu gozokiak batzen, baina beste ume batzuei kenduta bada, ez.

Txikilandian (Gabonetako umeen parkea), esaterako, zenbait eremu gurasoendako debekatuak daude. Erabaki horretara iritsi dira, gurasoek ez dituztelako umeen eskubideak errespetatzen.

Antzinatik ospatzen da San Nikolas Arrasaten. Aurreko bideokoak bezala, geu ere, ume denboran, atez atez joaten ginen kantu hau abesten eta saria eskatzen. Etxekoandreek leihoetatik botatzen zizkiguten gaztainak, intxaurrak, gozokiak eta, gutxi batzuetan, txanpon txikiren batzuk. Gure sasoian, talde txikietan joaten ginen adin derberdinetako neska-mutikoak (geure kontura, guraso barik!). Eta geure artean egoten zen eztabaidarik handiena izaten zen nork ozenago abestuko kantaren hurrengo zatia: neskatilek ohilukatzen zuten: "mutilai bapez, neskai dana!", eta mutikook erantzuten genuen: "neskai bapez, mutilai dana!". Gero, denok lurrera tarrasian, sarien harrapaketa gupidagabean!

Baina, herriko gaztetxoak atez ate bere aldetik joateko ohitura galduz joan da, eta azken urteotan udalak hartu du bere gain bolo-bolo ofizialaren antolaketa. Argazki galerian ikus daitekeen moduan, bolo-bolo horrek arrakasta handia lortu du. Ekitaldi horretan sortu dira testuak salatzen dituen nagusien jarrera desegokiak.

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz