Francisco Franco

Wikipedia(e)tik
Franco» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau espainiar diktadoreari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Franco (argipena).


Francisco Franco 
Berorren Bikaintasuna
Francisco Franco

1939 – 1975
Aurrekoa Manuel Azaña
Ondorengoa Joan Karlos I.a (Monarkia berrezarria)

1939 – 1975
Aurrekoa Juan Negrín
Ondorengoa Luis Carrero Blanco

Jaiotza 1892ko abenduaren 4a
Ferrol, Galizia
Heriotza 1975eko azaroaren 20a
Madril, Madril
Alderdi Politikoa Falange Española
Ezkontidea Carmen Polo
Lanbidea Armadako buruzagia
Erlijioa Katolikoa

Francisco Franco y Bahamonde (Ferrol, Coruña, 1892 abenduaren 4 - Madril, 1975 azaroaren 20) espainiar militar eta diktadorea izan zen. Espainiako Errepublikaren gobernu demokratikoaren aurka estatu-kolpe militarra jo eta Espainiako estatuburu izan zen 1939tik eta 1975 arte, frankismo deritzon aldian.

Francoren jarraitzaileei frankista deritze.

Eduki-taula

Bizitza

Franco, Heinrich Himmlerrekin batera, 1940an.
Franco, Eibarren (Gipuzkoa) hitzaldia ematen, 1949an.
Francoren hilobia, Valle de los Caídosen, 2005. urtean.

1907an Toledoko Infanteriako Akademian sartu zen. Hiru urte geroago, teniente zela, Marokoko gerrara joan zen. Rifeko gerran (1912) nabarmendu zen. Abd el-Krimek Marokoko gerra berriro piztu zuenean, Tertzioko Lehen Banderaren buru zela, ekintza nagusietan hartu zuen parte: Xauen hartzea, Melillaren defentsa, Gurugu hartzea eta Dar-Drius berriro eskuratzea (1921-22), eta talde beraren buru zela Alhucemako lehorreratzean eta Afrikako gerraren amaian (1923-25).

Primo de Riverak Zaragozako Akademia Militarreko zuzendari izendatu zuen (1928-31). Garai hartan jadanik Europako jeneral gazteena zen. 1931n Errepublika eratu berriak Balear Uharteetako Komandantzia militarrera bidali zuen. Gerrako ministroaren aginduz, 1934an, Asturiasko iraultza sozialista zapaldu zuen. Hurrengo urtean, Estatu Nagusi Zentraleko buruzagitza hartu zuen, eta Gerrako Kontseilu Goreneko lehendakaritza bere esku gelditu zen. Herri Fronteak gaina hartu zuenean (1936ko otsailaren 16a), Kanarietako Komandantzia militarrera bidali zuten. Hala ere, harreman oso estuak gorde zituen marxismoaren garapena eragotzi nahi zuten gainerako buruzagiekin.

Afrikako osteak gobernu errepublikanoaren kontra altxatu zirenean (1936ko uztailaren 17a), hegazkinez Marokora heldu eta haiekin batu zen. Espainiako Itsas Armadak gobernu demokratikoari leial jarraitzen zuenez, ezin zuten Iberiar penintsulara igaro, eta estatu kolpe faxista porrot egitear izan zen, penintsulan matxinatu faxistek ez baitzuten indar militar handirik. Francok, ordea, laguntza eskatu zien Adolf Hitler eta Benito Mussolini diktadore faxistei, eta haiek hegazkinak bidali zizkioten. Halaxe, penintsulara igaro zen Francoren armada. Han, konkistaturiko herri bakoitzean, ezkertiarra zen edo ezkertiartzat salatutako herritar oro hilarazi zuen Francok, bere helburua Espainia «garbitzea» baitzen.

Bere tropek laster egiten zutenez aurrera eta Toledoko alkazarra hartu zutenez, ospe handia lortu zuen Francok, eta 1936ko irailaren 28an gobernuburu eta Generalísimo izendatu zuten gainerako jeneral matxinatuek. Gero berak bere burua estatuburu izendatu zuen, bai eta Caudillo ere. Hitlerren eta Mussoliniren laguntzaz, matxinatu faxistek gerra irabaziko zuten 1939ko ekainaren 5ean; nahiz eta militarki faxisten indarrak gobernu militarrarenak baino askoz ahaltsuago izan, badirudi Francok nahita luzatu zuela gerra, edozein oposizio zanpatzearren. Txikituta utzi zuen estatu osoa.[1]

Espainiako Gerra Zibila bukatu zenean, Bigarren Mundu Gerrak iraun zuen bitartean eta ondorengo urteetan, Espainiako erregimen berriaren kontrako blokeoa izan zen beste estatu gehienen aldetik, mundu gerra hura galdu zuten Alemaniako eta Italiako erregimen faxistekin izandako lankidetza zela kausa. Erregimen totalitarioen gisara antolatu zuen Espainia. Gorteak eratu zituen, Espainolen Forua ezarri, eta erreferendum-legea eman zuen. Era askotako gobernuak antolatu zituen, frankismoaren oinarrizko joerak aldatu gabe izan arren, une bakoitzeko gorabeheren arabera (militarrenak, teknokratenak...). Atzerriko harremanei dagokienez, Espainia beste herrialdeetatik independente gorde nahi izan zuen autarkiaren ideiari jarraituz; Hitlerekin negoziazioetan huts egin ondoren, Bigarren Mundu Gerran ez sartzea erabaki zuen, Errusiara División Azul delakoa bidali zuen arren.

1950eko hamarkadan Estatu Batuekin eta NBErekin negoziazioak hasi zituen, eta poliki-poliki beste herrialde batzuekin ere harremanetan sartu zen, ekonomiak hala eskatzen baitzuen. Baina Espainiaren ortodoxia bereziaren ideiari eutsi zion betiere. Alderdi politiko bakarra onartu zuen beti, bera alderdi horren buru zela: Falange Española Tradicionalista y Juntas de Ofensiva Nacional Sindicalista (FET y JONS).

1966an Estatuaren Lege Organiko berria eman zuen. Bere ondorengo izateko Joan Karlos Borboikoa izendatu zuen bere ondoren Espainiako estatuburu eta errege izateko. 1973an gobernuburu-kargua Carrero Blanco almirantearen esku utzi zuen. 1973ean, ordea, ETAk Carrero Blanco hil zuen, eta era horretara Francoren ondorengo erregimenaren jarraipena zalantzan jarri zen. Franco 1975aren azaroan hil zen; lehentxeago, ETAko bi kide eta FRAPeko hiru hiltzera kondenatu eta hilarazi zituen. Franco hil eta berehala hasi zen erregimen-aldaketa, lehendik ere prestatzen hasia baitzegoen.

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. Franco, la verdadera historia, BBC, 1992.

Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Francisco Franco