Itzuli orri nagusira Bidali hau

Espainolaren erasoak jarraitzen du ETB 1en (ere)

© cc-by-sa  Bittor Hidalgo - Donostia ¦ 2012-04-26 ¦ 07:52 ¦ hizkuntza-eskubideak

Orain dela hiru bat aste serio haserretu nintzen ETB 1en ZAINDU programaren lehen atala guztiz espainolez entzundakoan (minutu eskas banako sarrera eta amaiera), euskaraz azpidatziak agian iparraldeko euskaldun espainola ulertzen ez dutenentzat edo (baina azpidatzi sistema berori erabiltzen da, esaterako, ingelesa ikasi dezagun, eta beraz ezin ezkutatukoa da, bide batez, espainola zabaltzeko bitartekoa).

Publizitatea

Orduko inpresioak jasoz idatzi eta argitaratu nuen sarean nire salaketatxoa, espres galdetuz Kultura sailburuari, HPSko sailburuordeari eta Lehendakari berari zer gertatzen ote zen, baina ez du inork erantzun.

Ez nintzen nolanahi asaldatu bakarra izan kontua salatzen. Berrian ere argitaratu zen beste ikusle baten salaketa Zuzendariari sailean.

Atzo ikusi ahal izan nituen apropos ETBko NAHIERAN, ZAINDU programaren 2. eta 3. atalak (Biriketako gaixotasunak, eta Gaixotasun kardiobaskularrak -deprimituko naiz hainbeste gaixotasun artean-). Eta, tarteren batean, lehen atalak baino euskara minuturen bat gehiago eskaintzen badute ere, lotsagarriki eman dira hauek ere ia osorik espainolez ETB 1en (euskaraz azpidatziak -eskerrik asko-).

Ez da erabat berria ETB 1en ere espainolezko mintzoak aurkitzea, baina uste dut gobernu hau ‘marra gorri’ guztiak ari dela gurutzatzen batere lotsa barik. Euskarazko telebista lapurtzen ari zaizkigu, eta espainola sartzen azken euskal txokoraino, 101. kate espainoldun bihurtzen duten honetatik ere.

Gaur Eusko Jaurlaritzako ELEBIDEn egin dut salaketa (Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua). Ea inoiz, Jaurlaritza hau, gizarte hau, hasten den, gu euskaldunon Hizkuntza Eskubideak ere Bermatzen, mundu osoko 500 milioi espainoldunenak zaintzen dituen bezain ondo. Edo hobeto, ez? Gu garenez gero hiztun gutxituak, minorizatuak, babestu beharrekoak.

Ez dugu hala ere oraingoz gure bizilagun erdaldun elebakarrek baino eskubide gehiago eskatzen. Konformatuko gara haiei espainolez ziurtatzen zaizkien zerbitzu guztiak, guri ere euskaraz eskaintzearekin. Ez dugu pribilegiorik nahi, beraiek bai dituzten bezala. Baina zoritxarrez guk ez dugu beraiek bezala Konstituzio espainol inposatzaile eta armaturik.

Galdetzen nion ELEBIDEri ea elkarrekin jarri al genezakeen glotozidio salaketarik-edo, edota ea eurek ahalegina egingo duten halako lapurretarik gertatu ez dakigun, edota ezin ote duten ezer egin, edota besteok beste ezer egin ote genezakeen, edota soilik egiten digutena jasan, edo…

Ikusiko dugu zer erantzuten duten, eta zer egiten jarraitzen duten.

Demokrazia euskaldunontzako!

Erantzunak

#1. Re: Espainolaren erasoak jarraitzen du ETB 1en (ere)

Xabi ¦ 2012-04-26 ¦ 08:56

Oker ez banago, 22an jarri zenuen salaketa Elebiden, Bittor. Erantzun al dizute? Nik duela hilabete batzuk jarri nuen beste bat, eta ez du ezer jaso. Erantzuten al du Elebidek?

#2. Re: Espainolaren erasoak jarraitzen du ETB 1en (ere)

b ¦ 2012-04-26 ¦ 12:51

Aupa Xabi.

Elebidek helarazi zidan nire salaketa jaso izanaren baieztapena, baina beste ezerik ez.

Lehenago beste kontu pertsonalago batzuekin (Espainiako poliziarekin izandako iskanbilak eta), izan nuen nolabaiteko harremana eta ELKARrizketa Elebiderekin -nahiz azkenean nire aldeko-edo izan zen konponketa, ez zen hortik etorri-, eta errezeloa dut beraiek nire kexa poliziari berari helarazteaz gain -nik jada egina nuena-, esan ote zidaten beraiek ezin zutela besterik egin, hori 'estatuko' gauza-edo zelako. Nolanahi, 'errezeloa' da, eta ez naiz orain paperak berriro begiratzen hasi.

Oraingoan ere pentsatzen nuen (dut oraindik) Elebidetik erantzungo didatela, gizalegez bada ere, eta banuen asmoa horren berri ere emateko gertatzen zenean.

Ondo izan

Bittor

#3. Re: Espainolaren erasoak jarraitzen du ETB 1en (ere)

Haitz ¦ 2012-04-26 ¦ 15:11

Nolakoak zareten euskaldun nazionalistak!! Neuk ere ikusi nuen -bost minutuz soilik izan bazen ere- gaixotasun kardiobaskularren inguruko programa. Eta bai, elkarrizketatua erdaraz. Baina kontua da euskaldunen kasta, harriak jaso eta enborrak eskuekin mozten dituen arraza, oso sendoa eta osasuntsua dela. Ez dago halako gaixotasunik jasan duen euskaldunik!!! Mesedez, ez zaitezte hain paranoikoak izan!!

#4. Re: Espainolaren erasoak jarraitzen du ETB 1en (ere)

Ugaitz ¦ 2012-05-05 ¦ 14:52

Haitz, euskararen egoera oso larria da, eta ez dut uste hau inongo paranoia denik. Gurearen egoeran egon diren beste hizkuntzen ibilbide ezberdinak aztertzea besterik ez dago, etorkizunean izan dezakeguna aurreikusteko.

Ni positiboa naiz lorpenekiko, errealista kontsideratzen naiz gaur egungo egoerakiko. Ez badako tendentzia honen kontrako indar bat, hizkuntza haundiek txikien lekua beteko dute, estrato guztietan.

Euskaldun nazionalista?

#5. Re: Espainolaren erasoak jarraitzen du ETB 1en (ere)

Haitz Gibeleta ¦ 2012-05-07 ¦ 17:20

Ugaitz, neuk esandakoa ironiarekin zihoan. Batzuetan beharrezkoa izaten da umorearen bidez erantzutea negargarria den errealitateari.

#6. Re: Espainolaren erasoak jarraitzen du ETB 1en (ere)

beste bat ¦ 2012-05-09 ¦ 12:33

Eta ETBren azkena? Rafael Amargo jaunari elkarrizketa, espainolez, euskarazko katean. Zer esan behar du Donibane Garaziko batek une horretan ETB1 pizten badu? Ba, hurrengo egunean ez duela piztuko.

#7. Re: Espainolaren erasoak jarraitzen du ETB 1en (ere)

Bittor Hidalgo - Donostia ¦ 2012-05-10 ¦ 10:51

Esateko soilik, gaur, maiatzak 10, salaketa egin eta 15 egunetik gora joan direlarik, ez dudala oraindik jaso Elebidetik batere mezurik, salaketa unean nire mezua jaso izanaren baieztapen automatiko hura baino.

Ez ninduten horrela tratatu aurreko batean, eta susmoa dut, orain jada 'ez ote dabilen' Elebide. Edo ez dutela erabili nahi. Ez nirekin, ez @xabirekin ere behintzat.

Gora bihotzak

Bittor

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

Hizkuntza eskubideak

Euskaldun gisa zure hizkuntza eskubideak urratuta ikusi badituzu, honako zerbitzu hauetara jo dezakezu: