Itzuli orri nagusira Bidali hau

Eusko Jaurlaritzak Euskara Sustatzeko Ekintza Plan (ESEP) berria gizarteratzeko prozesua abian jarri du

© cc-by-sa  HPS - Munduoro ¦ 2012-05-24 ¦ 11:22 ¦ hizkuntza

Euskararen Aholku Batzordearekin lankidetzan atondutako Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren proposamena gizartearen esku jarri nahi dugu. Hortaz, gaurtik hasi eta ekainaren 24ra bitartean, herritarren, erakundeen, enpresen, elkarteen, eta gizarte alorreko eragile guztien ekarpenak jasotzeko epea ireki dugu. Animatu eta parte hartu, Euskara 21 blogaren bitartez. Orain zuen txanda da. Zuen oharren zain gauzkazue.

Publizitatea

Euskararen erabilera areagotzea xede nagusi duen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) gizarteratzeko prozesuari hasiera eman dio Eusko Jaurlaritzak. Plan honek Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) osatuko du eta datozen hamar urteotako hizkuntza plangintza arrakastaz gidatu nahi du.

Euskararen Aholku Batzordearen eskutik Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2011. urtean abian jarri zuen prozesua aurrera doa. Hizkuntz politikaren inguruan 2008an izandako Euskara 21 gogoeta-prozesuaren ondorioz, EBPN berraztertu eta datozen 10 urteotarako proposamena lantzen ari da. Hala, Euskararen Aholku Batzordeko kideek egindako lanari esker ESEPen sarreradokumentua osatu da eta, horrekin batera, horretarako propio eratutako lan-taldeek esparrukako ekintza-proposamenak zehaztu dituzte.

Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi duenez, “hizkuntza politikaren eremuan Gobernu honek hasieratik hartu zuen konpromisoetako bat euskararen normalizazioan aurrera egiteko plan berri bat prestatzea zen. Izan ere, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN), 1999an onartua eta oso tresna baliotsua izan dena, gaur egungo premia berrietara egokitu behar genuen. Euskararen Aholku Batzordeak urte bat baino gehiago lanean eman eta gero, haren egitekoaren emaitza aurkez dezakegu orain jendearen aurrean. ESEP berriak ordeztu baino gehiago osatu egingo du EBPN, zenbait esparrutan bereziki”. ESEP adostasun handiaren ondorioa izan da, “Euskara 21 ponentzia bezala, ESEPen abiapuntua izan dena eta Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politika osoaren ardatza dena. Izan ere, Euskadin euskararen aldeko jarrera oso zabala da eta ideologia eta sentsibilitate guztiak gainditzen ditu”, aipatu du sailburuordeak.

ESEPen helburu nagusia euskararen erabilera areagotzea da, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Aholku Batzordearen elkarlanetik sortutako sarrera-dokumentua ezinbesteko aurrerapauso bat izango da euskararen normalizazioan. “Adostu dugun testua aproposa da erabat, eguneroko errealitatera egokiturik dagoena eta hiru helburu estrategiko batzen dituena bere baitan: euskararen jabekuntza, erabilera eta elikadura, hau da, hizkuntza aberastasuna handitzeko behar diren izapideak eta eguneroko esparru guztiak ukitzen ditu: irakaskuntza, administrazioa, lan mundua, hedabideak, kirola eta aisia, kultura, publizitatea... Teknologia berriei ere garrantzi berezia eman zaie”, nabarmendu du Lurdes Auzmendik. ESEPen sarrerako testua behin-behinekoa da, eta orain, testu hori, plan hori gizarte osoari aurkeztuko zaio eta ekarpenak egiteko aukera eman; izan ere, ESEP adostasunean oinarritutako prozesu irekiaren emaitza izango da.

Hala, gaur bertan aurkezpen sektorialak egingo dira arlo sozio-ekonomiko eragileekin, hedabideetako ordezkariekin... Bide nagusia, ordea, Euskara 21 bloga izango da. Hilabete batez, ekainaren 24a arte, nahi duen orok bere ekarpen eta proposamenak egiteko aukera izango du blog horretan. Behin denbora-tarte hori pasa ondoren, herritarrek egindako proposamen guztiak batu eta Euskararen Aholku Batzordean aztertuko dira. Ondo bidean, Plana uztailean onartu eta 2013. urtearen hasieran ESEP berria indarrean jartzea espero da. Amaitzeko, aipatu behar da ESEP planaren logotipo berria aukeratzeko lehiaketa bat zabalduko dela laster batean, eta irabazleak 1.500 euro jasoko duela. ---

Erantzunak

#1. Re: Eusko Jaurlaritzak Euskara Sustatzeko Ekintza Plan (ESEP) berria gizarteratzeko prozesua abian jarri du

Inaki Irazabalbeitia ¦ 2012-05-24 ¦ 12:28

Planaren edukiaz deskargatzen saiatu naiz. Atalka egin daitekeela ikusi dut. Lana errazteko eskertzekoa izango litzateke dokumentu osoa deskarga bakarrez lortu ahal izatea. Ez dut aurkitu dokumentu osoa deskargatzeko aukera.

#2. Re: Eusko Jaurlaritzak Euskara Sustatzeko Ekintza Plan (ESEP) berria gizarteratzeko prozesua abian jarri du

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza ¦ 2012-05-24 ¦ 15:40

Eskerrik asko Iñaki. Zure ekarpena kontuan izanda, ekintza-proposamenak dokumentu bakar batean ere jarri ditugu.

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea