Itzuli orri nagusira Bidali hau

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Joxe Anjel Iribar omenduko du astelehenean

© cc-by-sa  Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea ¦ 2012-06-15 ¦ 13:14 ¦ hizkuntza

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Joxe Anjel Iribar omenduko du datorren astelehenean, ekainaren 18an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Euskalduna Jauregian ospatuko duen ekitaldi nagusian.

Publizitatea

Hain zuzen, Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendariak Bai Euskarari Laguna saria emango dio Athletic Clubeko atezain ohiari euskararen normalizazioaren alde urte guzti hauetan egindako lanagatik. Lehenengo bi edizioetan Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusi ohiak jaso zuten Bai Euskarari Laguna saria.

Ekitaldi berean, Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Sariak banatuko ditu. Sarituak Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateen artean aterako dira, eta aurreko bi edizioetan bezala, sarituak bi izango dira. Sari hauekin, Ziurtagiriaren Elkarteak bere bezeroek euskara enpresan txertatzeko helburuarekin aurrera eramandako ekintzak nabarmendu nahi ditu. Aurreko urtean, Refractarios Kelsen enpresak eta Tolosako Hirukide Ikastetxeak jaso zuten saria, eta lehenengo edizioan, berriz, JEZ Sistemas Ferroviarios enpresak eta IMH – Makina Erremintaren Institutuak jaso zuten.

Iragarkiaren aurkezpena

Ekitaldi nagusian Bai Euskarari Ziurtagiriak grabatu berri duen iragarkia aurkeztuko da. Iragarki berrian Ziurtagiridunak dira protagonista, eta haiengana jo da Bai Euskarari Ziurtagiriaren balio erantsia gizarteratzen lagun gaitzaten. Guztira, sektore ezberdinetan lanean ari diren eta Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten zazpi protagonisten hitzak jaso ditugu.

Ekitaldira joan nahiko bazenu, jakinarazi mesedez info@baieuskarari.org helbidera e-posta bidaliz, edo 943 592148 telefonora deituz.

iribar580.jpg 70KB (71879 byte)

Erantzunak

#1. Re: Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Joxe Anjel Iribar omenduko du astelehenean

zuzenketa: Bai Euskarari gizonezko Laguna saria  ¦ 2012-06-15 ¦ 20:15

Ikusita Gutiérrez jaunak Iribar jaunari ematen diola saria eta aurreko bietan Uribe jaunak eta Mendiguren jaunak jaso zutela, zehaztasunaren mesedetan "gizonezko saria" gehitzea proposatuko nuke.

Bide batez, galdetu nahiko nieke antolatzaileei ea hain zaila duten euskararen alde lan egin duen emakumezkorik aurkitzen; niri mordoxka bat bururatzen zait burua askorik estutu gabe.



Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

Publizitatea