Interneteko albistegia

Artizarraren iragatea (The transit of Venus)

Asier Sarasua | Zientzia | 2012-06-05 15:06

Bihar goizean (ekainaren 6an, asteazkena) fenomeno astronomiko berezia biziko dugu. Artizarra eguzkiaren pare-paretik igaroko da eta ondo-ondo ikusteko aukera izango dugu. "Artizarraren iragatea" deritzo fenomeno horri (the transit of venus). Eguzkiari orbantxo bat atera zaiola pentsatuko dugu. Aurtengoa galtzen baduzu, luze itxaron beharko du hurrengora arte, 2117an izango baita. Izan ere, periodizitate berezi samarra dauka fenomeno astronomiko honek. Euskal Herrian osta-osta ikusi ahal izango dugu (eta ez lurralde guztietatik), baina online ere jarraitu ahal izango duzue, hementxe adibidez.

Eibartik blogetik ekarrita, cc-by-sa lizentziari esker.

Publizitatea

TransitvenusArtizarra lurraren eta eguzkiaren artean ipintzen denean, Artizarraren iragatea (the transit of Venus) izeneko fenomenoa sortzen da.  Bi planetak eta eguzkia lerrokatuta geratzen dira eta eguzkiari orbantxo bat sortzen zaiola ematen du. Gutxi gorabehera, eklipseen antzeko fenomenoa da (lurra, ilargia eta eguzkia lerrokatzen direnean bezala), baina artizarrak ez du eguzkia estaltzen, jakina. Ekainean eta abenduan bakarrik gerta daiteke, planeta nodotik igarotzen denean, eta ez maizegi gainera (eta maiztasun berezi samarrarekin).

Izan ere, 243 urteko maiztasuna dauka, aldi horretan 4 iragate gertatzen direlarik (azken mendeotan, 105,5; 8; 121,5 eta 8 urteko tarteekin). Ziklo bukaeran gaude. Hortaz, azkena 2004an izan genuen eta hurrengoa 2117an izango da. 243 urteko ziklo hori nahiko egonkorra da; ez, ordea, epe horren barruko iragate eta denbora-tarteak. Esate baterako, 1518. urtera arte, 8; 113,5 eta 121,5 urteko tarteak izan ziren, eta 2846tik aurrera 105,5; 129,5 eta 8 izango da (wikipedian K.a. 2000. urtetik 4000. urtera bitarteko iragate guztien zerrenda dago).

Bideo labur honetan ondo azaltzen dute zergatik diren hain arraroak artizarraren iragateak (lurraren orbitaren eta artizarraren orbitaren arteko aldeak eragindakoa da):

Artizarraren iragatea kalkulatu zuen lehenengo astronomoa Johannes Kepler izan zen. 1631ko iragatea aurreikusi zuen, baina Europan ezin izan zen ikusi (eta frogatu, beraz), eta Kepler bera ere hilda zegoen ordurako. Ondoren, Jeremiah Horrocks apaiz matematikari eta astronomoak berriro kalkulatu zuen eta 1639ko abendukoa aurreikusi eta behatu izan zuen.

Fenomeno hau garrantzi handikoa izan da planeten arteko distantziak eta eguzki sistemaren tamaina neurtzeko erabili izan baitzuten astronomoek. Ez dirudi, hala ere, kultura zaharretan ezaguna zenik (ez Txinan, ez Egipton, ez Grezian, ezta Hego Ameriketako kulturetan ere).

Esan bezala, hurrengo iragatea aste honetan izango dugu, 2012ko ekainaren 5-6 bitartean, eta aurrekoa 2004ko ekainaren 8an bizi izan genuen. Hurrengo biak 2117an eta 2125ean izango dira.

Bihar-etziko iragatearen inguruko informazioa Wikipedian duzu (Transit of Venus, 2012). Pazifiko aldean oso-osorik ikusi ahal izango dute; Ipar Ameriketan eta Eurasian ere nahiko ondo (ez, aldiz, Afrika eta Hego Ameriketako toki askotan.

Euskal Herriko tokirik gehienetan ere ikusi ahal izango dugu, asteazken goizean. Ez bete-bete, ordurako iragatea bukatzen egongo delako, baina bai zeozertxo ikusteko moduan, behinipein (eguraldiak uzten badigu). Simulatzaile pare bat ere badira sarean, nondik ikus daitekeen begiratzeko, hemen edo hemen, adibidez. Eta mapa honetan:

Euskal Herrian zuzenean ikusteko aukerarik ez duzuenok, online ere ikusi ahal izango duzue, hementxe adibidez.

Erantzunak

Sustatu | 2012-06-06 | #1

Hona hemen Artizarri buruzko zenbait datu bitxi:

Sumendiak

Eguzki sistemako beste edozein planetak baino sumendi gehiago ditu Artizarrak. Astronomoek diotenez, 1600 baino gehiago ditu gainazalean, baina ba omen dira gure begiak ikusi ezin ditzakeen txiki gehiago ere. Zientzilarien ustez, jarduerarik gabe daude gehienak, nahiz eta ez duten ukatzen zenbait oraindik aktibo egotea.

Urtea baino egun luzeagoa

Artizarraren egun batek Lurraren 243 behar ditu (denbora hori behar baitu Artizarrak errotazio bakarrerako). Baina urtea gureak baino azkarrago egiten du: Lurraren 224.7 egun behar ditu horretarako.

Planeta beroa

Bere atmosfera karbono dioxidoz osatzen denez, Artizarraren gainazala muturreko berotegi efektuak berotzen du. Ideia bat egiteko, tenperatura 870 gradu Fahrenheit -etara hel daiteke, edo bestela esanda, 470 ºC.

Sue Smrekar NASAren laborategi bateko zientzilari baten (Pasadena, Kalifornia) hitzetan, Artizarraren gainazala gai da beruna urtzeko, lehen aipatutako berotasun hori dela eta.

Muturreko presiodun planeta

Artizarraren gaineko presio atmosferikoa ere muturrekoa omen da, hemen uraren mailan dagoena baino 90 aldiz handiagoa.

Venera espazio-ontzi errusiarrak zenbait argazki ateratzea lortu zuen zunda bidez, baina beroa eta presio atmosferikoaren eraginez, denbora gutxiz funtzionatu zuten zunda horiek.

Planeta haizetsua

Bataz beste, 724 km/h abiadura har dezake haizeak Artizarraren gainazalean. Adituen hitzetan, Lurra planetan egon daitekeen tornado azkarrena baino azkarragoak dira.

Hemen duzu jatorrizko artikulua.

Bide batez, @askatasunerantz erabiltzailearen bitartez, hona Artizarraren iragatearen bi argazki


Argazkiak.org | Artizarraren iragatea I © cc-by-sa: sustatu


Argazkiak.org | Artizarraren iragatea II © cc-by-sa: sustatu

Sustatu | 2012-06-06 | #2

Sustatu | 2012-06-06 | #3

Gehiago, hemen.

Erantzun

Twitter ikonoa   Facebook ikonoa  Sartu