Interneteko albistegia

Hilabete hasiera, Gipuzkoako autopistetan zig-zag egiteko eguna

Luistxo Fernandez | Garraiobideak | 2010-02-01 08:02

Gaur otsailak 1 da, eta hilabete hasiera gehienetan bezala, zig-zag egiteko eguna da niretzat. Donostian bizi eta Eibarren dut lana, beraz AP-8 autopista edo autobidea dut erdian. Era deskontuak aplikatzeko eragatik, hileko lehen egunetan tartean den autopistako irteera bakoitzean sartu-irtena egiten dut. Donostiatik nator, Zarautzen irten, errotondan buelta eta berriro Zarautzen sartu, Zumaiara jo eta han irten...

Publizitatea

Ze zentzugabekeria da hori? Ba ez da tontakeria. Dirua aurreratzeko modua da. Gipuzkoan zergak ordaintzen ditugunok, eskubidea dugu Gipuzkoan Bidegik kudeatzen dituen autopistetan (ap-8 eta ap-1) deskontu batzuk edukitzeko. Baina deskontu horien antolakuntza bereziaren ondorioz, hileko lehen egunetan bidaia laburrak pilatzea komeni zaizu, ondorengo bidaia luzeetan deskontu gehiago izateko.

Honela da deskontu sistema

  • Hileko 1. bidaiatik 8.era, %25eko deskontua, 6 bidaia baino gehiago egin badira hilabete horretan.
  • 9. eta 20. bidaiaren artean %55eko deskontua.
  • 21. bidaiatik aurrera, %75eko deskontua.

Alegia, hilabete hasierako bidaiak, nabarmen garestiago dira hilabete amaierakoak baino. Beti tarte txikietan bazabiltza, ez du garrantzi handirik, baina lan kontuengatik Eibar-Donostia edo Zarautz-Arrasate bezalako tarte luzeagoak egin beharrean bazaude, interesatzen zaizu 20 bidaia ahalik eta lasterren egitea: bidaia laburrak egin sartu-irtenekin lehen egunetan, eta hilak 4 egun dauzkanerako, ordutik aurrera %75eko deskontua izango duzu.

Ni horrela ibiltzen naiz, hona gaur Eibarrera etortzeko hartutako bidea. Zoom egiten baduzu ikusiko duzu sartu-irtenak daudela ordainlekuen parean.

Sistema hau aplikazten da Gipuzkoako Bidegiren autopistetan, bertako zerga-ordaintzaileentzat, bakarrik Tag edo T-1 izeneko txartela erabilita. Euskadiko Kutxan eta Kutxa aurrezki kutxan atera behar da tag hori. Hilero, aurreko hileko deskontuen dirua itzultzen dizu banketxeko kontu horretan Bidegik.

Gipuzkoako autopista batetik probintziatik irteten bazara, uste dut azken tartea Eibarko peajetik Bizkaiko mugaraino ap-8an, edo Eskoriatzatik Arabako mugaraino ap-1-ean, bidaia tarte gisa hartzen duela Bidegik, baina ez nago seguru. Noski, Bizkaia, Araba edo beste inongo autopistetan egindako bidaiek ez dute balio deskontuetarako.

Erantzunak

Asier | 2010-02-01 | #1

Entzuna neukan, bai. Badira beste kasu batzuk, Gasteizen lan egin eta Arrasate-Eibar inguruan lan egiten dutenena; hauek Araban ordaintzen dituztenez zergak, deskontua AP-1aren lehen kilometroetarako baino ez dute (15 Km inguru). Jendeak egiten duena: Gipuzkoako txartel bat lortu, eta Arabako autopistaren zatia saihestu (Gatzagatik joanaz), edo autopista ez erabili. Gero autopista hori ez omen du inork erabiltzen eta zer egin nahi dute agintariek? Autopista merketu eta deskontuak sare osora zabaldu? bai zera! N1ean ordain-saria jarri.
Ikearriya (batura itzulita ikaragarria).

Iñaki Olano | 2010-02-01 | #2

Jode, "Mister Bean"ek hau jakingo balu... peajeetako langileak erotuko lituzke joan eta etorri :)

Sustatu | 2010-02-01 | #3

Luistxok egiten duen ibilbidearekin, kalkulua egin dugu.

Hilabetean 20 egunetan egin behar badu Donostia-Eibar-Donostia ibilia, 68.06 euro gastatuko ditu, deskontuak aplikatuta.

Baina sigi-saga egiten badu hileko lehen bi egunetan, egun horietan 20 bidaia motz eginda, 49.22 euro gastatuko ditu, 18.84 euro aurreratuz.

Hemen dago kalkulu-orria aurreztea azaltzen duena.

Bidegiren 2009eko tarifen dokumentua erabili dugu gastuak kalkulatzeko. Arrasate-Zarautz bezalako ibilbide batean ere antzeko taula bat sor dezakezue, lan pixka bat hartuta...

Xabi Arregi | 2010-02-01 | #4

Banuen gogoa kontu honetaz aritzeko! Izugarria da Gipuzkoako Foru Aldundiak autopistarekin sartzen digun 'porrua'. Jator-jator esan bai 20 bidaiatik gora egiten dituenak %75eko deskontua duela, baina egia-laurden lotsagabegorik! Ederki azaldu du Luistxok nola den deskontu-adarjotze-sistema.

Are gehiago, nork ordaindu behar du autopista hori? Gipuzkoarrek? Kanpotarrek? Erabiltzen duen orok? Zergatik Tolosako batek N-1a debalde (ea noiz arte) eta Azpeitiko/Oñatiko batek A8a/A1a ordaindu behar?

Aukera berdina al dute Tolosako batek Donostiara trenez iristeko eta Azpeitiko/Oñatiko batek? Zergatik zigortu bi aldiz (garraiobide publikorik eza bidesariak) Urolako eta Debagoieneko biztanleak?

Noren alde ari gara? Noren kontra?

pay-pay | 2010-02-02 | #5

BIDEGIk deskontuak aplikatzeko IRTEERA non egiten duzun hartzen du kontuan. Hortaz, gipuzkoarra izanda, egunero Araba edo Bizkaiara bidaia egiten baduzu, Gipuzkoan irtetzen zaren bidaia baino ez dizu kontuan hartuko deskontua egiteko. Hortaz, joan-etorrian, bakarra.

Hala ere, Luistxok azaldukoari buruz, ezer ez nekien.
A8a egunero erabiltzen dugunontzat AldundiEK ez dute inongo gupidarik! A ze nolako zuloa hileroko soldatan!

Gero, langileen mugikortasuna bultzatu nahi dutela esango dute, nik pare bat lanposturi ezetz esan diet, hil bukaeran kontuak ateratzen ez zaizkidalako. Laister ez dut arazo hori izango, lanik gabe geratuko naizenez... pakea!

Luistxo Fernandez | 2010-02-03 | #6

Gaur otsailak 3 da eta tirada batean egin dut Donostiatik Eibarrerako bidea. Bi egunetan bete dut kalkulu-orriko bigarren taulako programa, 20 bidaia eginez, eta aurrerantzean deskontu maximoa aprobetxatuko dut.

Pay-pay delakoak dioena, ez dirudi egia denik. Bidegik kontrakoa dio, behintzat:

Nahiz eta bide-zatiaren parte bat Bizkaiko Lurraldearen AP-8n autobidean egin, deskontua automatikoki Gipuzkoako bide-zatian aplikatuko da.

Arabarako eta Ap-1erako, berdina dio. Irakurri baldintzak.

Beraz, Donostia-Bilbo-Donostia egunero egin behar duen pertsonaren kasuan, baldin eta Gipuzkoako zerga-ordaintzailea bada, deskontuak izan ditzake, eta behin deskontuak izanda, zig-zag sistema erabili dezake murrizketa handitzeko.

Izatez, joanekoan. Bilborako bidean Eibarren irten eta sartu eginda, Eibartik Bizkaiko mugarainoko bidea 6. bidaia gisa kontatuko lioke horrek (tarifetan, Gipuzkoako mugetarainoko tarteak ere ageri dira). Bizkaian, jakina, ez luke irten beharrik izango zig-zag egiteko: han alferrik da, ez dago deskonturik ezta bizkaitarrentzat ere. Bidaiari honek, halaber, 2. egunaren bueltan Eibarren eta Elgoibarren sartu-irtenak eginda beteko lituzke bere 20 bidaia beharrezkoak.

Azkenean, gutxi gora-behera, neuk beste aurreratuko luke pertsona horrek: 20 euro inguru (suposatzen dut). Baina portzentualki, aurrezpen txikiagoa, orotara Bizkaiko zatiengatik askoz gehiago ordaindu beharko duelako.

felix | 2010-02-12 | #7

Ikaragarriya zenbat tontakeriya eginbehar dituzuen euro apur batzuk aurreztearren. Horrela jarraituko ditek, lotsagabeki, kobratzen. Zuek ikusi, baina ni ordaindu gabe pasatzen naz peajetik. "ez dut ordainduko" esan eta puntu. Guztiok egingo bagenu...hurrengo hilabetean prezio sinbolikoa jarriko lukete, eta hurrengo urtean debalde!!

Egizue nire modun, eta inork ez ordaindu. Jada lahostia ordaintzen dugu zergatan, ala ez??

Joseba Barandiaran | 2010-02-12 | #8

Gogoak ematen digunean gauza bat ordaintzeari uztea ez dirudi oso bidezkoa denik. non eta ez den "greba/boikot" deialdi antolatu bat.

Hau da, lahostia ordaintzen dut zergetan ergo gasolindegira joan eta kontuaren hamarrena ordainduko dut; edo estankoa tabakoa eskatuta hamarrena. total, gainontzeko guztia zergak dira prezio horietan eta lahostia ordaintzen dugunez...

justizia geldoa delako hiltzaile bat hiltzea bezala iruditzen zait hori, felix.

luistxo, homo economicus erabatekoa zara. baina, ziurraski, bi aukera daude edonoren esku:
- denbora, ahalmena eta gogoa dutenek sigi-saga egin eta dagokien aurrezkia lortuko dute.
- ohartu ez direnek edo denborarik hartu nahi ez dutenek, dagokiena ordaintzen dute eta kitto.

baina 68 euroko gastuan 18 aurreztu ditzakenak... dexenteko aurrezki portzentuala lortzen du, sigi-sagaren kontuarekin.

Aldundiak aztertu beharko luke, aztertu ez badu, luistxok planteatzen duena. agian kontua isilpean gordetzea hobe zeneun, luistxo.

neure aldetik, Xabi Arregirekin nator bat: eskualde batzuk deskontuak dituzte, beste batzuk fitsik ez. ez da inondik inora ez bidezkoa ez logikoa. bestalde, gipuzkoarrek badute beherapen hori, araban ere badira baina bizkaian zalantzak ditut horrelakorik ba ote den. eta balitz ere, zatiketa hori, sistema ezberdinen pilaketa ez da batere eraginkorra, ziur.

Xabi | 2010-02-16 | #9

Hau ikusita, Gipuzkoatik Bizkaira goazen guztiok Eibarren zig-zag eginda zuzenan joatea baino merkeago aterako zaigu. Ideia ona eman didazu, hemendik aurrera eibarko peagea Durangokoaren antzeko tamiankoa egin beharko dute

Larraitz | 2011-04-04 | #10

Hau da hau! nik egunero Arrasatetik Ermuarako bidea egiten dut, nola egin beharko nuke merkeago ateratzeko? Eibarren irten eta berriz sartu?
Eta bueltarako bidaia? Ermuatik Arrasatera?
Ea norbaitek argitzen didan!!!

Luistxo | 2011-04-04 | #11

Larraitz: Beharko zenuke hilabete hasierako bidaietan, sartu-irtenak egin ez bakarrik Eibarren, baizik eta Bergarako bi irteeretan ere. Gertatzen dena da Ap-1-ek dituen sartu-irteerak luuuuuze samarrak direla errotonda topatu arte, ezta?

Erantzun

Twitter ikonoa   Facebook ikonoa  Sartu