euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Sarrera

#twitterencatalà

Boluntario askoren lankidetza-lan itzelari esker -lankidetzak tradizio luzea dauka Kataluniako hizkuntzan, orain dela hamar urte Sofcatalà kode irekiko programa arrakastatsuak katalanera itzultzeko helburuarekin sortu zenetik-, 2012ko uztailetik www.twitter.com-en katalanezko interfazea abian dago ordenagailuentzat. Zenbait sendotasun-arazo dago oraindik hizkuntza-gaiei dagokienean, "tweet" hitzaren inguruan batez ere: "piular" (aditza) eta "piulada" (izena) forma petoak edo "tuitejar" eta "tuit" erabiltzea, hor dago gakoa.

13_twitter_catala.jpg

Katalanezko interfaze honen agerpenak ez luke harridurarik sortu behar inorengan, honelako interfazeak baitaude beste zerbitzu askorako ere, Google barne. Kontuan izan beharra dago ia hamar milioi pertsonek hitz egiten dutela katalanera, teknologikoki aurreratua dagoen munduko zati batean. Are gehiago, euskarazko interfazea ere argitaratu da, antzeko hashtag-arekin, bere sustapenerako: #twittereuskaraz.

Twitterren eskaintza ez da besteen mezuak jarraitzeko (harremanak ez du zertan elkarrekikoa izan beharrik) eta mezu publikoak zein pribatuak bidaltzeko aukera ematen dizun gunera mugatzen. Zure jarraitzaileak direnen mezuak zure jarraitzaileei birbidaltzeko aukera ere ematen dizu. Eta kuxkuxean ibiltzeko, usnatzeko, hau da, hirugarrenen arteko elkarrizketak irakurtzeko ere aproposa da. Azken aukera horrek, hain zuzen ere, besteen elkarrizketetan sartzeko aukera ematen du, beren mezuen birbidaltzearen bidez.

Tuiteatzaile berezia izan daiteke, agian, kuxkuxean ibiltzen dena, eta horrek ondoren adieraziko duguna azalduko luke. #twitterencatalà-ren ("Twitter katalanez") agerpenak katalanen aurkako aurreiritzi askoren adierazpena ekarri zuen Espainia gaztelaniadunaren aldetik. Harrigarria izan daiteke arrazoi ezberdinengatik, jendeak bere ordenagailuaren interfazea aukeratzeko askatasuna baitauka (aukeratutako hizkuntza eskuragarri bada beti ere) eta gaztelania aukera lehenetsia denez Estatu espainiarrean dauden ordenagailuetan, munduko inor ez da bere Twitter kontuaren interfazea katalanean duela iratzarriko.

#twitterencatalà hashtag berak tuiteatzaile-artalde handi baten haserrea sortu zuen: "polacos" (orain dela berrogeita hamar urte baino gehiago azaldu zen hitza) eta "catalufos" bezalako hitz iraingarriz beteriko mezu laidogarri asko bidali ziren. Kanpaina espontaneo horiek arruntak dira. Azkenetakoa uztailean izan zen, Kataluniako iparraldean 140 km2 kiskali zituen sute itzel batekin batera. Fiskaltzak katalan guztiak sute horretan hilda ikusteko esperantza azaldu zuten 2.000 tuiteatzaileren aurkako salaketak jaso ditu.

#twitterencatalà, ordea, bere arrakasta azaltzen ari da pixkanaka-pixkanaka. @encatala-k Twitterren katalanezko interfazea aukeratu dutenen kopurua jakinarazten digu. 2012ko abuztuaren 10ean, 41.922 lagunek http://bit.ly/enCatala orrialdean agertzen diren jarraibide errazak burututa zituzten.


Miquel Strubell
Universitat Oberta de Catalunyako Hizkuntzen eta Kulturen Ikasketetako irakaslea



Ikus baita ere Twitter euskaraz: