Gipuzkoako Foru Aldundiak UEUren lanaren aitortza egin du hitzarmen baten bidez
Udako Euskal Unibertsitateak 15.000 euro jasoko ditu ikasgela birtualaren proiektua garatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udako Euskal Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu dute, ikasgela birtuala garatzeko. Hitzarmen horren bitartez, 15.000 euroko laguntza izango du UEUk. Modu horretan, UEUk orain arte egindako lanaren aitortza egin nahi izan du Aldundiak. Sinadura ekitaldian Zigor Etxeburua Aldundiko Euskarako zuzendariak eta Karmele Artetxe UEUko zuzendariak parte hartu dute.
Euskara erabiltzeko ahala eta aukerak eskaintzea erakunde publikoen ardura ere badenez, euskaraz bizitzea erraztuko duten egitasmoak lagundu nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zeregin horretan paper garrantzitsua izan du UEUk duela 40 urte sortu zenetik. Etorkizunean ere Udako Euskal Unibertsitatearekin lankidetzan jarraitzeko borondatea duela adierazi du Zigor Etxeburuak: “Euskaraz bizitzeko helburuan garrantzi handia duten proiektuek erakunde guztion babesa behar dute”, Euskarako zuzendariaren esanetan. Karmele Artetxek, berriz, hitzarmena oso egokitzat jo du.
Diru laguntzaren bidez, Udako Euskal Unibertsitateak ikasgela birtualaren proiektua garatu ahal izango du, kalitatezko ikastaroak on line eta euskaraz eman ahal izateko. Azken urteetan irakaskuntza telematikoan zenbait gabezia antzeman ditu UEUk eta behar horiei erantzuteko teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak aztertu ditu. Ikasleek ikastaroko eduki eta jarduera guztiak eskura izango dituzte, baita komunikatzeko bestelako tresnak ere. Tresna horiek ikasleen arteko elkarrekintza, eta ikasleen eta irakaslearen arteko komunikazioa erraztuko dute. Berritasun teknologikoa eta metodologikoa egitasmo honen ezaugarri dira.
UEUk ikasgela birtuala garatzeko beharrezko bitarteak ipiniko ditu, bai langileen aldetik, bai bitarteko materialen aldetik. Proiektua gauzatzeko eta kudeatzeko zereginak bere gain hartuko ditu UEUk.