Euskal Autonomia Erkidegoa

Wikipedia(e)tik
(Euskal Autonomia Erkidegotik berbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Euskal Autonomia Erkidegoa
Comunidad Autónoma del País Vasco

Autonomia erkidegoa
Euskadiko bandera Euskadiko armarria
Hiriburua [[Zehaztu gabe
(De facto Gasteiz[1][2])]]
Probintziak Araba
Bizkaia
Gipuzkoa
Herritarra Ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko herritarra izendatzeko hitz zehatz bat. Euskal Autonomia Erkidegoko (herritar) edo, laburtuta, EAEko (herritar) erabil daiteke; edo, bestela, Euskal Herri osoko herritarrenak direnak erabili (baina betiere kontuan hartuta hauekin Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko herritarrak ere barne hartzen ditugula):

euskal herritar
euskotar1
euskaldun2
Localización del País Vasco.svg
Eremua
- Espainiaren
7.233 km²
% 1,4
Biztanleria
- Espainiaren
Dentsitatea
2.191.722 (2012)
% 4,6
301,13 bizt/km²
ISO 3166-2 ES-PV
Estatutua 1979ko abenduaren 22a
Presidentea Patxi Lopez (PSE-EE)
Hizkuntza ofiziala(k) euskara
gaztelania
Espainiako Gorteak
- Kongresuan
- Senatuan

19 eserleku
15 eserleku
www.euskadi.net
1euskotar: bi esanahi ditu: a) euskal herritarra, Euskal Herriari dagokiona;[3][4][5] b) eusko abertzalea.[4][5]
2euskaldun: berez, «euskaraz dakiena» esan nahi du; hala ere, hainbatetan «euskal herritar»en sinonimotzat erabiltzen da, nahiz eta erabilera nahasgarria den. Ikus euskaldun.

Euskal Autonomia Erkidegoa —maiz Euskadi izenaz aipatua— Euskal Herriko mendebaldeko zatia da, eta Espainiaren iparraldeko autonomia erkidego bat osatzen du 1979. urteaz geroztik.

Badu arrazoirik euskal izena hartzeko, lurralde hori baita bere eremu osoan sorreratik bertatik euskara hizkuntza ofizialtzat duen lurralde bakarra. Gaztelania ere bada ofiziala.

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurraldeak biltzen ditu. Erkidegoko hiriburua, izatez,[1] Gasteiz da, eta bertan aurkitzen dira Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra.

Nafarroako Foru Erkidegoari haren parte izateko eskubidea onartzen zaio Espainiako Konstituzioan, baina nafar herritarrek honi buruz erabakitzeko duten eskubidea ez da inoiz erreferendum batean gauzatu.

Eduki-taula

Geografia

Iparraldean Bizkaiko Golkoarekin eta Pirinio Atlantikoak departamenduarekin egiten du muga, hegoaldean Errioxa, Gaztela eta Leon eta Nafarroa Garaiarekin, mendebaldean Kantabriarekin eta ekialdean Nafarroa Garaiarekin.

Bere orografia menditsua da orokorrean, Pirinioen eta Kantabriako mendikatearen artean. Ebro ibai inguruan lurra lauagoa da eta Arabaren hegoaldean sakana dago. Kantaurialdean bailara ugari daude, gehienak gizakiak hartutakoak. Mendietan pinuak, haritzak eta pagoak aurki daitezke. Sakanean ordea mahastiak eta zereal, patata edo erremolatxa landak aurki daitezke, baso naturalen muinoekin batera. Autonomia Erkidegoak biosferaren erreserba bat dauka Urdaibain, eta natur parke ugari.

Klimatologia klima atlantiko eta mediterraneo tartekoa da: Tenperatura leunak eta euri ugari kantaurialdean (Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabaren iparraldea) eta erdipareko tenperaturak eta euri moderatuak Araban, lehorragoak hegoalderantz goazen heinean. Ohikoa da xirimiria, oso euri fina.

Nahiz eta biztanleria txikia izan Euskadik industria bolumen handia dauka eta Espainiako zonalde aberatsenetakoa da, Europako PIB per capita-ren %117,1ekin (Eustaten datua 2002 urtean). Honen arrazoi garrantzitsuenetakoa ohitura industrial indartsua da. Hala ere 1980ko hamarkadan errekonbertsio industrial bat gauzatu zen, eta bertatik euskal industria kaltetuta irten zen.

Hizkuntzak

Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza ofizial daude: gaztelania eta euskara, izaera koofiziala duena eta Nafarroa Garaiarekin eta Ipar Euskal Herriarekin komuna den hizkuntza.

Mende askotan zehar, herrialde hauetan hainbat hizkuntza hitz egin izan dira: gaskoiera (XIX. mendera arte hitz egina), gaztelania eta euskara izan dira erabilienak. Euskara da Euskal Herriko jatorrizko hizkuntza: ez dator latinetik eta Europako hizkuntza zaharrenetarikoa da.

Autonomia Erkidegoan, 2001. urtean, biztanleriaren %51 gazteleraz bakarrik mintzo zen, %32 inguru elebiduna zen, eta %18k euskara ulertzen zuen baina nekez mintzatu. Ehuneko hauek, lurralde historiko batetik bestera aldatu egiten dira; lurralde euskaldunena Gipuzkoa da eta erdaldunena Araba. Datu ofizial hauek, 2001ekoak direla nabarmendu behar da, urtetik urtera elebidun kopurua handiagoa baita.

Izendapenak

Euskadi eta Euskal Herria (Gernikako Estatutuan gazteleraz, Euskadi eta País Vasco) dira Euskal Autonomia Erkidegoko izendapen ofizialak. Honek arazo batzuk dakartza, zeren Euskal Herria eta Euskadi hiru herrialdeetarako bakarrik erabiltzea izen hauen tradizioarekin ez baita bat heldu. Euskaltzaindiak hartutako erabakiaren arabera, Euskal Herria eta Euskadi zazpi herrialdeei erreferentzia egiteko erabili izan dira betidanik eta hala erabiltzen jarraitzea gomendatzen du.

1979ko Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren arabera, izen osoa Euskal Herriko Autonomia Erkidegoa da eta gaztelaniaz Comunidad Autónoma del País Vasco.[6]

Lurralde antolaketa

Biztanle gehien dituzten udalerriak[7]
Sailkapena Udalerria Biztanleria
1. Bilbo 353.168
2. Gasteiz 229.484
3. Donostia 183.090
4. Barakaldo 96.412
5. Getxo 81.746
6. Irun 60.416
7. Portugalete 48.386
8. Santurtzi 47.094
9. Basauri 43.250
10. Errenteria 38.336

Lurralde historikoak

Euskadi hiru lurralde historikoetan banatzen da:

Udalerriak

Epai-barrutiak

Sakontzeko, irakurri: Euskadiko epai-barrutien zerrenda

Euskadi 14 epai-barrutietan banaturik dago, Araba bitan eta Bizkaia eta Gipuzkoan seina egonik.

Demografia

Espainiako Industria Iraultzaren abiarazle bat izanda, XIX. mendetik 70eko hamarkada bitarte, Euskadiko biztanleriak gora egin zuen. Batez ere Espainiako autonomia erkidegoetatik lan bila joan zen jendea.

Eustaten erroldaren arabera, euskal biztanlearen %4,50a atzerritarra zen 2006an[8]. Espainiako portzentairik txikiena, estatu mailako batez bestekoaren erdiaren azpitik (%8,47). Europarrak ez direnen artean, Amerika Latinarrak eta Marokoarrak eta Europarren artean, Errumaniarrak eta Portugaldarrak dira gehienak.

Euskadiren eboluzio demografikoa, eta
estatu mailako biztanleriaren portzentaia
1857 1900 1910 1920 1930 1940 1950
Biztanleria 413.470 603.596 673.788 766.775 891.710 955.764 1.061.240
Ehunekoa %2,67 %3,24 %3,37  %3,58  %3,77 %3,67  %3,77
1960 1970 1981 1991 1996 2001 2005
Biztanleria 1.371.654 1.878.636 2.134.763 2.109.009 2.098.055 2.101.478 2.124.846
Ehunekoa  %4,49  %5,53  %5,66  %5,35 %5,29  %5,11 %4,82

Garraioa

Itsas garraioari dagokionez, Bilboko portua da porturik garrantzitsuena, 37,2 milioi tona garraiatu zituelako 2006an. Gehienbat Erresuma Batua, Espainia eta Txinarekin ditu merkataritza-loturak. Euskadiko BPGari 419 milioi euroko ekarpena egiten dio eta 9.500 lanpostu sortzen ditu. Bilbokoaren ondoren, Pasaiako portua da garrantzitsuena.

Euskal Autonomia Erkidegoak 3 aireportu ditu: Bilbo-Loiu, Gasteiz-Foronda eta Donostia-Hondarribia. Hiru aireportuak 60 kilometroko erradioan daude eta 2006an 4,41 milioi bidaiari izan zituzten.

Trenbide garraioa aldiz, EAEn, hainbat enpresek kudeatzen dute.

Honetaz gain, abiadura handiko tren sarea eraikitzen ari dira Gasteiz - Bilbo - Donostia hiriburuak lotuko dituena. Proiektuak Euskal Y izena hartu du ibilbideak duen formarengatik.

Osasuna

Euskadiko osasun sistema Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetza - Euskal Osasun Zerbitzuak osatzen dute.

Historia

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko historia

Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekari zuzena 1936ko Euskadiren Autonomia Estatutuaren bidez 1936an sortutako autonomia erkidegoa izan zen. Hark ere Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hartzen zituen bere barnean. Frankismoak autonomia erkidego hura desegin zuen hurrengo urtean, Eusko Gudarostea armen indarrez menpean hartu eta gero.

Diktadura haren ondotik, 1978ko Espainiako Konstituzioan oinarrituta, 1979an Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua onartu zen. Arabako, Bizkaiko nahiz Gipuzkoako foru erakundeen hainbat eskumen Eusko Jaurlaritzak hartu zituen, eta hala sortu zen Euskal Autonomia Erkidegoa.

Ekonomia

Oso lurralde txikia izan arren, Euskadik industria-bolumen handia du, eta Espainiako eskualderik aberatsenetarikoa da: Europako Produktu Gordinaren per capitaren batazbestekoaren %117,1a, hain zuzen ere (Eustat, 2002. urtea). 80ko hamarkadaren erdialdean, Euskadi krisi ekonomiko gorrian zegoelarik, berantolakuntza industriala eta berindustralizazioa gauzatu ziren. Behin egoera normaliizatuta, Espainiako erkidegorik garatuenetarikoa da eta Euskal Estatistika Institutuak egindako ikerketa baten arabera, eta NBEaren metodologia jarraituz, Euskadik munduko Garapen Indizerik altuenetarikoa lortu zuen 2004. urtean. Langabezia-tasa %5,1-aren inguruan kokatuta dago, industria eta zerbitzu birmoldatze baten barruan baitago murgildurik euskal ekonomia.

Gobernua eta politika

Euskal Autonomia Erkidegoko botereak Legebiltzarrak, Jaurlaritzak eta Lehendakariak jarduten dituzte:

Eusko Jaurlaritza

Sakontzeko, irakurri: Eusko Jaurlaritza

Euskal Autonomia Erkidegoko aginte gobernua, Eusko Jaurlaritza da. Egungo lehendakaria Patxi Lopez PSE-EEko kidea da.

Alderdi politikoak

Batasunaren margo bat Pasaian (Gipuzkoa)

Eusko Legebiltzarrean 2009ko hauteskundeetan ordezkapena lortu duten alderdi politikoak:

Batasuna alderdia ez dago Eusko Legebiltzarrean ordezkatua eta Jose María Aznarren gobernuak Espainiako Alderdi Politikoen Legea aldatu eta Batasuna legez kanpo jarri zuenetik ezin du inongo hauteskundeetan bere burua aurkeztu. Batasuna, ezker abertzalearen inguruko beste hainbat gizarte mugimendurekin batera, Espainian legez kanpo dago 6/2002 Lege Organikoa betetzen ez duela leporatuta. 2005ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan bere burua aurkeztu ezin zuelarik, Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunistarentzat eskatu zuen botoa, 6 jazarleku lortuz.


2005eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Sakontzeko, irakurri: 2005eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Hauteskunde hauetan, aurrekoetan bezala, EAJ-EA koalizioa izan zen garaile, baina aurrekoan baino boz gutxiagorekin. PPk bozkak galdu zituen eta PSE-EEk igo. EHAK aurkeztu zen lehenengo aldia izan zen eta legez kanpo utzitako Batasuna eta Aukera Guztiaken hitza euren esku hartu zuten. Mezu honekin 4. indarra bilakatu zen. EB mantendu zen eta Aralarrek lehenengo aldiz lortu zuen legebiltzarkide bat.

2009ko Eusko Legebiltzarrrerako hauteskundeak

Sakontzeko, irakurri: 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Hauteskunde hauek erabakikorrak izango dira. Inkesta guztien arabera, Eusko Alderdi Jeltzaleak irabaziko ditu baina Euskal Sozialistek baino eserleku bat gehiago besterik ez dute lortuko. Horregatik, EAJ-PSE edo PSE-PP koalizioetako bat egongo dela espero da. Oraingo Eusko Jaurlaritzaren hiruko alderdien eserlekuek (EAJ-EA-EB-B) ez baitira nahikoak gehiengo absolutua lortzeko.

Gainera, hauteskunde hauetara aurkeztutako alderdi abertzalea, Demokrazia Hiru Milioi (D3M), Espainiako Auzitegi Gorenak ezeztatua izan zen 2008 urtearen amaieran. Hala ere, D3Mek alderdiko papeleta ezeztatuekin bozka egiteko deia egin zuen.

Segurtasuna

Euskal Autonomia Erkidegoak bere polizia autonomikoa du: Ertzaintza. Hiru lurralde historikoetan zehar banaturik dago eta gaur egun, herri-segurtasun, ordena publikoa eta trafikoko eskumen guztiak ditu.

Espainiako Segurtasun Indarrek ere badute Euskal Autonomia Erkidegoan presentzia. Guardia Zibilak hamar kuartel ditu hiru lurraldetan banatuta eta Espainiako Polizia Nazionalak lau. Azken bi polizia hauek, gehienbat aduanetako, drogen eta terrorismoaren aurkako eskumenak dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoa herritar bakoitzeko polizia gehien dituen eskualdea da Europar Batasun osoan. Giza eskubideen aldeko hainbat taldek, horien artean Amnistia Internazionalak eta Torturaren Aurkako Taldeak, beren urteroko txostenetan Espainiako Terrorismoaren Aurkako Legepean atxilotutako herritarrek jasandako tortura eta tratu txarrak salatu dituzte. Erakunde hauek torturaren kontrako protokoloa aplika dadin eskatzen dute. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saila 2005ean hasi zen protokolo honek jasotzen dituen zenbait neurri hartzen, Ertzaintzaren aurkako tortura salaketak gutxitu zirelarik. Espainiako polizia indarrei dagokienez, ez dituzte neurri horiek oraino hartu.

Erreferentziak

  1. a b Ezein legetan ez da zehaztu, oraingoz, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua zein den.
  2. (Gaztelaniaz) Vitoria no será capital por ley, por ahora El Correo, 2010-05-11
  3. Harluxet hiztegi entziklopedikoa, «euskotar» sarrera.
  4. a b Elhuyar euskara-gaztelania hiztegia, «euskotar» sarrera.
  5. a b 3000 Hiztegia (euskara-gaztelania), «euskotar» sarrera.
  6. (Euskaraz) 1979ko EAEko Estatutua - Lehendakaritzaren webgunea
  7. Iturria: Eustat. (01-01-2005).
  8. Gipuzkoako biztanleria igo da lehen aldiz 20 urtetan

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Euskal Autonomia Erkidegoa


Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak