Araba

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Araba
Arabako Lurralde Historikoa

Arabako bandera
Bandera
Arabako armarria
Armarria
Hiriburua Gasteiz
Herritarra arabar
Araba Euskal Herrian.svg
Antolaketa
Estatua
Autonomia erkidegoa
Foru probintzia

Espainia
Euskal Autonomia Erkidegoa
Araba
Eremua 3.311,98 (Trebiñuko barrendegia gabe, 3.032,40) km²
Biztanleria 322.4441
Dentsitatea 107,661 bizt/km²
Agintaria Javier de Andrés Guerra (PP)
Eusko Legebiltzarra
Espainiako Gorteak
- Kongresuan
- Senatuan
25 eserleku

4 eserleku
4 eserleku
www.araba.net
1Trebiñuko barrendegia ez dago sartuta.
Arabaren mapa fisikoa
Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazaren ikuspegia 2007-2008ko zaharberritzea baino lehen


Araba (ofizialki Araba edo Arabako Lurralde Historikoa euskaraz; Álava edo Territorio Histórico de Álava gaztelaniaz) Euskal Herriko zazpi herrialdeetako bat da, Euskal Herriko erdialde-mendebaldekoa. 3.311,98 km² ditu[1] (Trebiñuko barrendegia gabe, 3.032,40), eta 2012an ia 322.444 biztanle zituen. Bere barnean du Trebiñu barrendegia, Burgosko probintziaren administraziopean dagoena. Administratiboki Euskal Autonomia Erkidegoko foru lurraldea edo lurralde historikoa da; izan ere, Araba da erkidego horretako hiru lurralde historikoetatik handiena (% 40,96) eta biztanle gutxien dituena (% 14,5).

Gasteiz da Arabako hiriburua, eta, 1978az geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua ere.

Eduki-taula

[aldatu] Mugakideak

Iparraldean Gipuzkoa eta Bizkaia ditu mugakide; hegoaldean Errioxa; mendebaldean, Burgosko probintzia eta ekialdean Nafarroa.

[aldatu] Inguru naturala eta klima

[aldatu] Orografia

Nuvola apps kappfinder.png Zerrenda: Arabako mendien zerrenda

Hiru mendilerro nagusik zeharkatzen dute, ekialdetik mendebaldera, Araba: iparraldean, Gipuzkoa eta Bizkaiko mugan, Aratz, Elgea, Anboto eta Gorbeia (gailurrik altuena, 1.475 m) mendialdeak hedatzen dira. Erdialdean altxatzen dira, Nafarroatik datozen kateei jarraipena emanez, Urbasa, Andimendi, Entzia, Iturrieta, Gasteiz mendiak eta Argantzun mendiak. Hegoaldean, azkenik, Kodes, Izkiz, Kantabriako mendilerroa, Toloño eta Buradon aldeko mendiak zabaltzen dira. Ipar-mendebaldean ageri diren Kantaurialdeko haranak (Arabako Kantaurialdea, Nerbioi harana, 328 km2) sakonak dira, Bizkaia eta Gipuzkoakoen antzekoak. Gorbeia eta Elgea mendilerroetatik hegoaldera zabaltzen da Arabako Lautadak, 785 km2-ko hedadura duen eremu laua (525 m), Gasteiz du hiri nagusi. Gasteiztik hegoaldera, berriz, Arabako Mendialdea ageri da (487 km2) Kanpetzu, Kodes, Kantauriko Mendikatea eta Gasteizko Mendien artean. Kantauriko Mendikatearen hegoaldean hedatzen da Arabako Errioxa (316 km2). Araba mendebaldeko haranak (Añana, 648 km2), urak Ebro ibaian isurtzen dituzten adarrek osatuak dira.

Herrialdeko mendirik garaiena Gorbeia (1.481 m) dugu, Bizkaiko mugan dagoena. Bestela, Toloñoko mendilerroan Palomares (1.446 m) eta Cruz del Castillo (1.432 m) mendiek ere 1.400 metroko maila gainditzen dute. Halaber, Altzaniako mendilerroan Aratz (1.443 m) eta Kodesko mendilerroan Joar (1.418 m) eta Kodes (1.414 m) tontorrak ere maila horren gainetik daude.

[aldatu] Hidrologia

Arabako ibai garrantzitsuenek Mediterraneo aldera jotzen dute (2.600 km2; Ebro eta beronen ibaiadarrak: Omecillo, Baia, Zadorra, Ihuda, Jugalez, Ega eta Burunda). Kantauri aldera jotzen duten ibaiek askoz ere hedadura txikiagoa hartzen dute (380 km2): Aramaio (Deba ibaia), Altube (Nerbioi ibaia), Izoria (Nerbioi), Llanteno (Cadagua) eta Artziniega (Cadagua). Uren banalerroa Araia, Elgea, Altube, Gujuli, Urduña eta Salbada mendikateetatik igarotzen da. Arabak ez du aintzirarik, Arreo aintzira txikia izan ezik. Gasteiz eta Bilbo Handia urez hornitzen dituzten Zadorrako urtegi artifizialek, bestalde, guztiz paper garrantzitsua izan dute herrialdearen garapenean.

[aldatu] Klima

Bi eskualde nagusi bereiz daitezke Araban, klimatologiari dagokionez: herrialdeko iparraldean klima ozeaniko epela nagusi den bitartean, hegoaldera joan ahalean klima mediterraneo eta kontinentalak nagusitzen dira. Era berean, euriteak urritu egiten dira hegoaldean (828 mm batez beste, Gasteizen). Neguak hotzak eta hezeak dira; udako tenperaturak askoz ere altuagoak izan ohi dira. Errioxako ezaugarriak erabat kontinentalak dira: negu hotzak, uda beroak eta euri-ur kopuru eskasa.

[aldatu] Landaredia

Klimatologiaren arabera, hainbat landaredi molde ageri dira Araban: iparraldean jatorriz nagusi ziren zuhaitz mota atlantikoak (haritza, pagoa, gaztainondoa) eta, azkenaldi honetan ugaldu den Pinus insignis pinuaren landaketak. Ekialdeko eta erdialdeko mendietan harizti eta artadiak ageri dira behe aldeetan; pagadiak eremu gorenetan. Gainerako lurraldeetan landaretza mediterraneoa (artea) nagusitzen da, nahiz bitarteko eremuetan ametzak ageri diren.

[aldatu] Biztanleria

Azalerari dagokionez EAEko lurralde handiena izan arren, biztanle gutxien eta dentsitate txikiena duen lurraldea da oraindik ere. Halere, azken aldian Araba da biztanletan hazi den EAEko lurralde bakarra. 1980tik aurrera Bizkaian eta Gipuzkoan eta, horrenbestez, EAEn biztanleriak behera egin badu ere, Araban etengabe hazi da biztanle kopurua urtez urte.

Biztanleria ez dago batere orekatua Araban, Gasteiz hiriburua barne duen Arabako Lautada eskualdean bizi baita arabarren erdia: 244.174 biztanle, 2006an. Biztanleriaren banaketa desorekatu honen ondorioz, Arabako Lautada EAEren batez bestekotik gora dago, biztanle dentsitateari dagokionez (311 biztanle km2 bakoitzeko), baina beste eskualde batzuk erdi hutsik daudela esan daiteke, Arabako Mendialdean, adibidez, 6,5 lagun baino ez baitira bizi km2-ko. Gasteiz hiriburuak eta horren inguruan hazi diren udalerriek eragin dute, beraz, Arabaren hazkunde demografikoa. Hiriburuaren ondorengo udalerririk jendetsuena, Laudio, herri ertaina baino ez da 20.000 inguru biztanlerekin. Biztanleriaren egitura demografikoari dagokionez, Araba EAEko batez bestekoa baino zertxobait gazteagoa da, alde txikiz bada ere; 65etik gorakoak guztizkoaren %16,7 dira (%18,6 EAEn).

[aldatu] Banaketa administratiboa

[aldatu] Arabako Kuadrillak

Zazpi kuadrilla edo eskualdetan zatituta dago:

Bestela, Burgosko (Gaztela-Leon) administraziopean dago Trebiñuko konderria, herrialdearen erdialde geografikoan, Gasteiz eta Mendialdea artean. Trebiñu eta Argantzun udalerriek osatzen dute.

[aldatu] Udalerriak

Sakontzeko, irakurri: Arabako udalerrien zerrenda

Arabar gehienak hiriburuan bertan bizi dira, Gasteiz izanik hiri nagusia alde handiz. Bestela, hauexek dira probintziaren udalerri nagusiak:

  1. Gasteiz: 235.661 biztanle (2009).
  2. Laudio: 18.314 biztanle.
  3. Amurrio: 10.089 biztanle.
  4. Agurain: 4.801 biztanle.
  5. Oion: 3.150 biztanle.
  6. Iruña Oka: 2.887 biztanle.
  7. Aiara: 2.763 biztanle.
  8. Dulantzi: 2.620 biztanle.
  9. Zuia: 2.390 biztanle.
  10. Artziniega: 1.818 biztanle.

Udalerri txikienak Zalduondo (142 biztanle), Armiñon (167) eta Kripan (186) dira.

[aldatu] Historia

Sakontzeko, irakurri: Arabako historia

Historiaurreko aztarnategien eta monumentu megalitikoen hatza nabaria da Araban. Trikuharri esanguratsuak aurki daitezke, besteak beste, Aizkomendikoa (Egilazen) eta Sorginetxekoa (Arrizalan).

IX. mendean ageri da lehenengoz Araba (Cronica Abeldensis). Betiere konderri bezala, Araba Gaztela eta Nafarroako erregeen mende egon zen mendez mende.

1200ean Gaztelaren esku geratu zen betiko Gasteiz, eta 1332. urtean Arriagako ermandadeak Araban zeuzkan lurralde guztiak eman zizkion Gaztelari: Araba osoa Gaztelako erregeen mende geratu zen.

XIX. mendean, gerra karlistak gertatu ondoren, Arabak bere foruak galdu zituen.

Arabako herrialdea Gipuzkoan eta Bizkaian gertatutako industrializazio prozesutik kanpora gelditu zen XX. mendeko 60-70 hamarkadara arte.

Foruak galdu ondoren, Kontzertu Ekonomikoak sinatu zituen Arabak Madrilgo Gobernuarekin 1952an.

Franco diktadorea hil ondoren (1975) zabaldu zen aro politiko berrian, Araba Euskal Kontseilu Nagusian, lehenik, eta Euskadiko Autonomia Erkidegoan, ondoren, sartu zen, Gipuzkoa eta Bizkaiarekin batera.

[aldatu] Kultura

[aldatu] Literatura

Sakontzeko, irakurri: Arabako idazleak

Hegoaldeko literaturan ezaguna den euskarazko liburururik zaharrena Lazarragaren eskuizkribua da (1567 - 1602), Larreko Joan Perez Lazarraga arabarrak idatzia. Egungo egileen artean, aldiz, nabarmentzekoak dira Josemari Velez de Mendizabal eta Xabier Montoia.

Gaztelaniazko idazleen artean aipatzekoak dira Felix Maria Samaniego, Ramiro Maeztu, Ignacio Aldekoa eta Toti Martinez de Lezea.

[aldatu] Musika

[aldatu] Euskara

Sakontzeko, irakurri: Arabako euskara

Eustaten 2006ko datuen arabera, orduan ia 75.000 arabar euskaldunak ziren, biztanle guztien %25 inguru, beraz. Udalerri euskaldunenak, euskal hiztunen ehunekoari dagokionez, Aramaio (ia %85,5) eta Legutio (%39) ziren, iturri horren arabera.

EAEko gainerako lurraldeetan bezalatsu, aurrera egin du euskarak Araban azken urteotan, eta aurrerapen hori nabarmenagoa izan da, gainera, Araban Aramaio inguruan izan ezik euskara berez ia desagertuta zegoela kontuan izanez gero. 1996an bi urtetik gorako arabar guztien %14,6 euskalduna zen, eta ia-euskalduntzat zuen bere burua antzeko kopuruak, eta handik hamar urtera %25ekoa zen kopuru hori. Atal honetan ere, nabarmena da Arabako Lautadak eta hiriburuak duten garrantzi demografikoak batez bestekoa finkatzerakoan duten eragina. Nolanahi ere, Gorbeia inguruko eskualdea da oraindik ere Arabako eskualde euskaldunena, bertakoen %37,4 euskaldunak baitziren 2001ean.

Euskarak Araban egin dituen aurrerapausoak zerikusi zuzena du hezkuntzan izan duen hedapenarekin. 1999-2000 ikasturtean, esaterako, unibertsitatez kanpoko ikasleen ia erdia (%47) D eta B ereduetan ari zen ikasten Araban; 2010-2011 ikasturtean,berriz,  %75tik gora ziren (horietatik %42 D ereduan), eta soilik %25 A ereduan ari zirenak.

Gainerako lurraldeetan bezala, derrigorrezko hezkuntzaren lehen mailetan nabarmenagoa zen euskarazko ereduen nagusitasuna. 2011n, haur hezkuntzari begiratuta soilik, %53,4 euskarazko D ereduan ari zen, %42 B eredu elebidunean eta %4,5 A ereduan.[2]

[aldatu] Jaiak

Arabako jai nagusia apirilaren 28a da, San Prudentzio egunez, katolikoen santu hori baita probintziaren zaindaria.

[aldatu] Politika

Arabako Foru Aldundiaren egoitza, Gasteizen.

Arabako Foru Aldundia lurraldean agintzen duen herri erakundea da, herritarren botoen ondorioz aukeratzen dena lau urtetik behin. Bestela, Arabako Batzar Nagusiak lurraldeko batzar orokorrak dira, aldundia kontrolatzen duena.

[aldatu] 2011ko hauteskundeak

Arabako aldundia

Alderdia Eserlekuak Boto kopurua[3]
Alderdi Popularra (PP)
16
39.631 (%26,69)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
13
36.196 (%24,38)
Bildu
11
31.998 (%21,55)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE))
9
24.879 (%16,76)
Ezker Batua - Berdeak (EB-B)
2
6.258 (%4,22)
Aralar
-
4.168 (%2,81)

Emaitza hauen ondoren, Bilduk esan zuen EAJren hautagaiari emango ziola botoa inbestidura saioan.[4] Bestalde, PSE-EEk PPren hautagaiari emango ziola botoa adierazi zuen.[5]

Ahaldun nagusia hautatzeko lehian, beraz, EB-B taldearen bi ahaldunen botoak erabakigarri ziren. Talde horrek bere oinarriko afiliatuei galdetu zien zer egin: EAJren aldeko botoa eman, ahaldun nagusi berriro Xabier Agirre Lopez izan zedin, ala bere hautagai propioaren alde bozkatu, horrela ahaldun nagusiaren postua PPko Javier de Andrési eskuratuz. Galdeketaren ondoren, bigarren aukera hobetsi zuten,[6] eta Javier de Andrés atera zen garaile.

[aldatu] Ekonomia

Ekonomiari dagokionez, erabat aldatu da Arabaren egitura XX. mendearen bigarren erditik aurrera. Oraindik ere, Bizkaian eta Gipuzkoan baino garrantzi handiagoa du lehen sektoreak Araban, baina batez bestekoari erreparatuz gero jarduera ekonomiko marjinala dela esan liteke (BPGaren %2 baino ez, 2004an). Arabaren egitura ekonomikoa industrian eta, batez ere, zerbitzuetan oinarritua da. EAEko batez bestekoarekin alderatuta, Araban aberastasun proportzional gehiago sortzen du industriak Bizkaian eta Gipuzkoan baino, nahiz eta tradizionalki guztiz alderantzizkoa izan egoera. Aldagai honetan ere, ordea, Arabako Lautadak eta Gasteizek duten eragina aipatu behar da egitura ekonomikoa aztertzean, egoera ez baita bateragarria eskualde guztiak aintzat hartuz gero.

Zerbitzuei dagokienez, bestalde, esan beharra dago EAEren erakundeek egoitza Gasteizen izateak asko aldatu duela sektore horrek jarduera ekonomiko orokorrean duen garrantzia. Bestalde, Arabaren bilakaera ekonomikoari ezaugarri bereziak eman dizkio lurraldearen industrializazio berantiarrak. Azken urteotan eduki teknologiko eta balio erantsi handiko industria ezarri da Araban, puntako sektoreei lotua kasu askotan (automozioa, aeronautika...) eta kanpo inbertsio handiak erakarri dituena. Hori dela eta, enpresa gutxi batzuen inguruan eta horiek eragin duten industria osagarrian gauzatzen dira produkzio nagusiak; ehun ekonomikoak espezializazio handia lortu du, baina enpresa gutxi batzuekiko mendekotasun handia ere badu. Atalik garrantzitsuenak automozioa, aeronautikarako osagarriak eta hodi eta profilak dira. 2007. urteko lehen hiruhilekoan, %15,4 hazi ziren Araban esportazioak aurreko urteko epe berarekin alderatuta, eta ekoizpen industriala ere %10,4 handitu zen, espainiar estatuko eta EAEko batez bestekoaren gainetik. Egitura ekonomiko horren ondorioz, 2007ko aurrerapenen arabera, EAEren batez bestekoaren eta gainerako herrialdeenaren gainetik egon zen Araba, biztanleko Barne Produktu Gordinari dagokionez (35.960 €). Hainbat urtez, Bizkaiak eta Gipuzkoak gogor jasan zuten krisialdi industrialak Araban eragin arinagoa izan zuenez, langabezia tasetan Bizkaia eta Gipuzkoakoen azpitik egon da Araba (2005. urtean,  %3koa zen Arabako langabezia tasa, eta %5 ingurukoa EAEkoa), baina, 2008az gero, atzeraldi orokorraren ondorioz, joera hori aldatzen ari dela erakusten dute azken datuek.

Arabaren garapen industrialak eragin zuzena izan du Arabako azpiegituretan. Euskal Herria Espainiako mesetarekin lotzen duen N-1 errepideak zeharkatzen du Araba, eta horrek beti izan duen garrantzia areagotu egin da errepide honek azken urteotan izan duen hobekuntza nabarmenei esker. Horrez gainera, gehienbat Gasteiz inguruko industrialdeetan kokatuta dauden industrien ekoizpenari irteera egokia emateko Gasteizko Garraio Zentroa sortu da, Jundizko industrialdean. Zentro horrek garraioarekin zerikusia duten arlo guztiak biltzen ditu: biltegiak, banaketa, aduanen eta stock-en kudeaketa. Nazioarteko trenetako zama-terminala ere badu. Industriari lotutako garraio-azpiegiturei dagokienez, aipagarria da Gasteizko aireportua, EAEk dituen hiru aireportuetan berriena eta merkantzia garraiorako bereziki prestatua. Gaur egungo hegazkinik handienak hartzeko gai da aireportua eta, esan bezala, karga-aireportua da bereziki, Espainiako estatuko laugarrena garraiatutako merkantziari dagokionez.

[aldatu] Hedabideak

[aldatu] Arabar ospetsuak

Sakontzeko, irakurri: Arabar ezagunen zerrenda

Arabar ezagun klasikoak Joan Perez Lazarraga, Felix Maria Samaniego eta Ramiro Maeztu idazleak ditugu, bai eta Justo Antonio Olagibel arkitektoa, Manuel Iradier esploratzailea edo Jesus Guridi musikagilea ere, besteak beste.

XX. mendean, aipatzekoak dira Jose Angel Cuerda politikaria, Juanito Oiarzabal mendigoizalea, Martin Fiz atleta, Juanma Bajo Ulloa zinema zuzendaria eta Almudena Cid gimnasta, beste batzuen artean.

[aldatu] Bitxikeriak

Israel eta Jordaniaren arteko mugan, bada Araba izeneko eskualde edo harana. Euskal Herrikoaren antzera, gehienbat ordoki zabalek osatua dago.

[aldatu] Erreferentziak

[aldatu] Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Araba
Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak