ALBISTEAK - DEIADARRA

Abellanedako Batzarretxea, 1500. urteko Bizkaia ezagutzeko bisitaldi gidatu baten abiapuntua

Abellaneda

Erdi Aroaren amaiera aldera Enkarterria zelakoa zan parte baten ezagutzera emoteko gidatutako ibilbide kulturala proposatu dabe Enkarterrietako Museoak, Sopuertako Udalak eta Enkarturrek, hori guztiori Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dituan Ondarearen Europako Jardunaldiak izeneko ekimenaren barruan. Urriaren 20rako antolatu dan jardunaldi horretarako izena emon dagien bisitariek Abellanedatik eta ondoan dagoan Urrutia torretik abiatuko dira orain 500 urteko Bizkaiagaz lehenengo hartuemona izateko.

Abellanedako Batzarretxea dagoan tontorretik Erdi Aroko garaiko hainbat eta hainbat eraikin dituan El Carral auzorantz abiatuko da ibilialdia. Torreak, esaterako Garaikoa edo La Puentekoa, jauregiakaz batera dagoz, esaterako Villakoagaz edo Alcedokoagaz, eta horreekaz batera arean berandukoagoak diran beste eraikin batzuk, erdi aroko gotorleku-izaerea mantendu gurean egindakoak. Antolatzaileek autobusa prestatu dabe lekuok bisitzateko.

Aurreko urteetan lez, Ondarearen Europako Jardunaldiak gai baten ingurukoak dira. Aurtegorako, Aldundiak gure historiaren sasoi laburra baina benetan garrantzitsua aukeratu dau, Erdi Aroaren amaierea. 50 urte inguruko sasoia da —1475.etik 1525.era— aldaketen aldia Bizkaiarentzat, ahaideen arteko burrukaleku izatetik penintsula osoko lekurik paketsuen eta oparotsuena bihurtu zan-eta.

Horren jatorria izan zan Gaztela eta portu flandiarren arteko merkataritza asko handitu izana. Bizkaia bitartekari naturala bihurtu zan, gaztelako artilea iparralderantz eroaten eben itsasontziak bertan egozalako eta burdina eukalako. Merkatalgaiok eroaten ebezan, eta oihala ekarri. Merkataritza-jarduera hori etenbakoa izan zan eta diru asko ekarri eban lurralde guztira, bizkaitarrek bapo gastatu egien. Hazkunde garaia izan zan, aberastasunez eta baikortasunez jantzia. Aztarna asko ditugu ordukoak, Enkarterriaren bihotzera egingo dan bisitaldi gidatu honetan ikusi leitekezanen modukoak.

ONDAREAREN EUROPAKO JARDUNALDIAK 2012
ABELLANEDA-EL CARRAL: ARKITEKTURARI BURUZKO TRATATU BAT
Topagunea: Enkarterrietako Museoa
Eguna eta ordua: urriak 20, zapatua, goizeko 11:00etan
Informazinoa eta izen-emotea: 94 610 40 28/ 94 650 47 50
Plaza mugatuak. Bisitaldia doan izango da.