BARRIAK - DEIADARRA

Muga

Bizkaiko Lurralde Mugapeei buruzko Foru Araugaiaren inguruko Erizpenaren eztabaidea

Batzar Nagusietako Iraskunde-Batzordeak Bizkaiko Lurralde Mugapeei buruzko Foru Araugaiaren inguruko Erizpena eztabaidatuko dau datorren martitzenean, urriaren 30ean. Zioen Azalpenean esaten danez, Foru Araugai horrek "etorkizuneko lurralde-eredua finkatu nahi du, errealitate ekonomiko eta sozialera egokituta". Batzordetik eta gero, Osoko Batzarrean onartu beharko da indarrean sartu daiten, eta Bizkaiko Udal Mugarteei buruzko uztailaren 7ko 8/1993 Foru Araua ordezkatuko leuke. Onartzen bada, Bizkaiko udalerriak mugatzeari eta zedarritzeari buruzkoak arautuko ditu, aukera emonaz aldaketak egiteko udalerrien lurralde-dimentsioan.

Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatua Artxandako tuneletako segurtasun arduradunaren izendapenari buruzko argibideak emoteko batzorderatuko da

Batzordea

Datorren martitzenean, urriaren 30ean, Bizkaiko Batzar Nagusietara joango da Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatua, Itziar Garamendi, oposizinoko taldeek eskatuta, bere Sailaren ardurapeko zenbait gairi buruzko argibideak emotera. Sei egun igaro ondoren, Diputatu andrea barriro be joango da Batzordera Artxandako tuneletako segurtasun arduradunaren izendapenari buruzko argibideak emotera eta BI-625 errepideko sarbideak hobetzeko Ugaoko Udalagaz izenpetutako Hitzarmena azaltzera. Era berean, Garamendi andreak azaldu egingo dau zertan dagoan Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea egiteko lurren desjabetzeen inguruan gertatukoa.

Batzar Nagusietako erakusketa aretoan gaur inauguratu da Argizaiola argazki sariketeari buruzko erakusketea

Ana Madariaga

Sariketa hori Euskadiko zaharrenetarikoa da. Erakusketeari hasierea emoteko ekitaldia izan da eta, besteak beste, han izan dira Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, aurten saria irabazi dauen Oskar Gascón argazkilaria eta beragaz batera hitzaldi/mahai-ingurua emon daben Gerardo García eta Juan Antonio Palacio argazkilariak, hain zuzen be aurtengo sariketan bigarren eta hirugarren geratu diranak.

Nekazaritzako Foru Diputatu andreak dino Karrantzako mindategirako dirulaguntzak indarrean dagoan legediraren araberakoak izan dirala

Batzordea

Nekazaritzako Foru Diputatua, Irene Pardo andrea, Batzar Nagusietan izan da azaltzeko zein dan Karrantzako Mindategia eregiteko lanen egoerea, dirulaguntza publikoak kendu jakezanetik geldituta dagoana 2010. urteaz geroztik. Diputatu andreak esan deutso Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordeari Aldundiaren dirulaguntzak itzultzeko prozedureak bere horretan jarraitzen dauela. Martian hasitako administrazino-espedientea ejekuzinobidean dago, eta hor eskatu egiten jako Karrantzako Minda sustatzaileari itzultzeko emon jakezan dirulaguntzak, milioi 2 eurokoak hain zuzen, eta horrei gehitu egin behar jakez beste 292.000 euro atzerapenagaitik. Pardo andreak esan dau Aldundiak beti jokatu dauela administrazino-jardunbideak agindutakoaren arabera eta aldezaurretik Nekazal Garapeneko Zerbitzuak egindako txosten teknikoa aintzat izanda, eta esan dau be "dirulaguntza indarrean dagoan legediraren araberakoa izan dala".