Dokumentu Akzioak

Nor garen

EUSKALKULTURA.COM euskal diaspora eta kulturaz espezialdutako buletin eta webgunea da, Euskal Herriaren eta munduan barreiatutako euskal komunitateen arteko zubilana egitearren sortu eta garatua. Diasporan jaio edota bertan lotura sendoak dauzkan jende talde txiki batek abiarazitako ekimena da, ikusirik gero eta interkonektatuagoa eta globalizatuagoa den mundu honetan euskal kulturak behar dituela eskuratu bere tresna eta lanabes propioak bere buruaren berri normaltasunez emateko eta informazio eta komunikazio alorreko ahalegin horrek behar dituela bildu zazpi probintziak ezezik munduan zehar gure kultura eta identitatearen aterkipean lanean ari diren euskal komunitateak, eta Diasporako euskaldunek amankomuneko euskal ondare, kultura eta erkidegoari egiten dizkioten ekarpenak.

EUSKALKULTURA.COM ekimen independentea da eta, euskal diasporari buruzko komunikabide gisa, bere izaera eta engaiamendua bi alor horietan kokatzen du: kazetaritza alorreko produktu ahalik eta duinena egitean, batetik, eta euskal kultura eta diasporaren aldeko konpromisoan, bestetik. Ez dauka menpekotasunik inongo alderdi edo iritzi talderekin eta bere jardunean euskal kultura eta Diasporarekin zerikusia duten ekimenen berri ematen du bereizkeriarik gabe. Finantziabidea, instituzioetatik lortzen saiatzen den dirulaguntzak ditu, eta publizitateagatik eskuratutako sarrerak. Honek esan nahi du helburuz, eskarmentuz eta izaeraz proiektu sendoa bada ere, ekonomikoki urtero urtero behar duela borrokatu aurrera egin ahal izateko. Egungo egoera ekonomiko orokorrean ez ditu momentu goxoak bizi eta gaur egun instituzioen aldetik laguntasun minimo bat segurtatzearen alde ari da lanean eta, publizitate bidezko sostenguari dagokionez arlo horretako sarrerak areagotzen saiatzeko apustua ari da egiten, geroari --geroari ezezik orainari-- eutsi ahal izateko.

Historiari dagokionez, paperezko bertsioan agertu zen lehenik. Izan ere, Euskal Kultura buletina, Euskal Fundazioa --Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioa-- erakundeak bultzaturik, 1998an Txileko Santiagon argitaratzen hasi zen, zabalkundea Ameriketako zenbait herrialdetan eginez, batez ere Txile, Argentina eta Uruguain, baina baita ere Venezuela, Panama, Puerto Rico, Mexiko eta Estatu Batuetan. Interneterako jauzia 2001ean etorri zen.

Geroztik bide bat ibili du sarean. Munduko euskal komunitateetatik amankomuneko euskal kulturari, baina baita ere bakoitza bizi den tokiko gizarte eta herrialdeari egiten zaizkien ekarpenak islatzen saiatzen da, zinez pentsatzen baitu euskal etxeen jardunak eta euskal koordenadetatik munduan egiten diren ahaleginek tokian tokiko biztanleen garapena eta bizitza kalitateari laguntzen diotenean lortzen dutela zentzu osoa.

Ekimenak ezinbesteko kazetari azpiegitura profesional minimoa dauka eta munduko euskal bazterretan euskalgintzan lanean diharduten kolaboratzaile bolondresak ditu oinarri, giltzarri eta zimentarri, proiektua benetan ahalbideratu eta gauzagarri egiten baitute. Eurak gabe ezinezkoa litzateke. Ber denboran, lankide ari garen guztiok konpartitzen ditugun zerbitzu izpiritua eta ilusioa dira proiektuarekin aurrera segitzeko dugun akuilu eta indar nagusia. Bidaia honetan --irakurle, harpidedun eta diasporakideekin batera-- oraintxe bertan laguntzaile dugu Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Udalbide erakundea. Edo oraintsu arte, aurten laguntza horietako bi  oso-osorik kendu baitizkigute, gure egoera eta geroa zinez kolokan ipiniz. Bestalde, Etxepare Institutuaren laguntza apal bat lortu dugu, zuloak bertan segitzen badu ere.

Esan, azkenik, ateak zabalik dauzkan ekimena dela EUSKALKULTURA.COM. Jende askoren ahaleginari esker kaleratzen da, eta jende askoren lanaren, ilusioen eta dedikazioaren berri ematen du. Lankide izan nahi baduzu eta bizi zaren tokiko berriemaile bilakatu, edo publizitatea lortu nahi badiguzu, edo zure inguruan gure berri eman edo beste edozein gisara lagundu, jar zaitez gurekin harremanetan, euskal kultura eta diasporarekin engaiatutako hainbat jendek aurreratzen dugun proiektua baita honakoa eta zinez estimatuko baitugu zure laguntza.

Joseba Etxarri
zuzendaria/director

 

bisita