Hemen zaude: Hasiera Albisteak Limako Arantzazuko Anaidiak artxibo historikoak berreskuratuz ospatu du bere IV. mendeurrena

Limako Arantzazuko Anaidiak artxibo historikoak berreskuratuz ospatu du bere IV. mendeurrena

2012/11/15

Iragan ostegunean, azaroaren 6ean, Liman Arantzazuko Amaren Anaidiaren sorreraren IV. Mendeurrena ospatu zen. Peruko euskaltzale talde batek 2012an berreskuratu du azken urteetan ahantzita izan zen elkarte historikoa eta berriz ere jarri du abian. Elkartearen sorreraren laurehungarren urtebetetzea kari, Anaidiak nazioarteko mintegi bat egin du Liman eta artxibo eta dokumentu historikoak berreskuratzeko egiten ari den lana ezagutarazi du. Lan horren parte da fondoen digitalizazioa eta hainbat dokumenturen berrargitalpena, adibidez elkartearen estatutuak eta Limako Arantzazuko Amari errezatzen zitzaion bederatziurrena euskaraz.

Lima, Peru. Limako Arantzazuko Amaren Anaidiak bere sorreraren 400 urteak ospatu zituen iragan azaroaren 6ean, Peruko hiriburuan egin zen nazioarteko mintegi batekin. Ekitaldien barruan, elkartearen artxibo historikoei buruzko liburua aurkeztu zen.

Ekitaldion antolatzailea Anaidia birsortu eta berriz ere abian jarri duen euskal perutar historialari eta aditu taldea izan da. Egitasmoan lagundu dute, besteak beste, Limako San Martin de Porres Unibertsitateak, Riva Agüero Institutuak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Oiga aldizkariko "Editorial Periodística Oiga" fondoak eta Txileko Santiagoko Eusko Etxeak (Gernikako Arbolaren kimu bat emanez).

Lehen pausoa

Laugarren mendeurreneko ekitaldien artean euskaldunek Perun izan duten presentziari buruzko nazioarteko mintegia egin zen Liman. Horrez gain, Anaidia bere artxibo historikoak berreskuratzen eta gordetzen egiten ari den lanaren berri eman zen, eta lan horren emaitzekin argitaratuko den liburuaren nondik-norakoak azaldu ziren. Liburuaren koordinatzailea Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Oscar Alvarez Gila historialaria da.

Egitasmoaren sustatzaile eta Anaidia berpiztearen eta berriz legeztatzearen arduradunetakoa den Jhon Bazan Aguilar-ek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, hau "lehenengo pauso bat baino ez da gure arbasoek Liman utzi ziguten ondarean berreskuratzeko bidean".

IV Centenario Cofradía Virgen de Arantzazu de Lima (2)

[Jhon Bazan Aguilar historialaria San Martin Unibertsitatean Gernikako Arbolaren kimua landatu ostean, kazetariek elkarrizketatuta (argazkia CVAL-EuskalKultura.com)]

Iturriak sakabanatuta

"Gure lehenengo pausoa dokumentazio iturriak finkatzea izan zen. Sakabanatuta zeuden, elkarrekin harremanik gabe. Urteetako lanaren buruan iturri hauetara heltzea lortu genuen, Kofradiako kideen ondorengoen familia ezagunen laguntzari esker. Ondoren, hainbat bilduma pribatuetako artxiboak eskuratu ahal izan genituen, eta horrela digitalizatzen joan garen materiala osatu ahal izan dugu", azaldu dio Bazanek EuskalKultura.com-i.

Ikerketa horretan azaldu den beste datuetako batek, Kofradiaren azken mende honi buruzko funtzioamendua ere ikutzen du, dokumentuak agertu baitira elkartea 1899an eta 1911ean  bizirik zegoela frogatzen dutenak, aurretik XIX. mendeko bigarren erdian desagertu zela pentsatzen baitzen.

Artxiboak gordetzen dituzten erakundeak honakoak dira: Sociedad de Beneficencia de Lima Metropolitana, Limako San Frantziskoren Komentua, Ocopako San Frantziskoren Komentua, Limako Artzapezpikutegia, Peruko Artxibategi Nazionala eta Peruko Liburutegi Nazionala.

Lursaila berreskuratu

Artxiboen ikerkuntza prozesuak hainbat ezusteko ekarri zituen, horien artean "1865a arte elkartearena izan zen 1.632 hektareako lursail bat berreskuratzea. Hori gertakari historikoa izan da Liman, eta gure ustez Euskadirentzako ere", adierazi du Bazanek.

Anaidiaren hurrengo pausoa Limako erdigune historikoan elkartearena izan zen lokal bat erostea da, bertan Kofradiaren artxibo historiko digitalizatua gordetzeko eta mundu osoko ikerlarientzat eskuragarri jartzeko.

Laugarren Mendeurreneko ekitaldiak amaitzeko, Gernikako Arbolaren kimu bat landatu zuen Anaidiak Limako San Martin de Porres Unibertsitatean. Txileko Santiagoko Euzko Etxeak eman zuen dohaintzan kimua, eta Anaidiko iturriek elkartearen birsortzearen ikur bezala hartu dute. Ekitaldian kofradiako kideak, historialariak eta hiriko hainbat agintari izan ziren. 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita