Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bragadoko Constantino Antzokiaren mendeurrenean, Kultur Gunea inauguratuko dute aste honetan

Bragadoko Constantino Antzokiaren mendeurrenean, Kultur Gunea inauguratuko dute aste honetan

2012/11/19

1912an inauguratu zen Argentinako Bragado herrian Florencio Constantino tenore ortuellarrak eraiki arazitako Antzokia. Musikariaren izen bera zeraman antzokiko tauletatik izen handiko artista eta obrak pasatu ziren urteetan zehar. Alabaina, isiltasun eta iluntasun garaiak ere jasan zituen Argentinako Antzoki garrantzitsuenetako bat izan zenak. Aurten, eta eraikinaren mendeurrenean, Florencio Constantino Aretoak, Kultur Gune bihurtuta, bere ateak irekiko dizkio berriz komunitateari eta Argentinako zein Euskal Herriko agintariek hartuko dute parte berrinaugurazio ekitaldietan. Ekintzak azaroaren 21tik 25ra luzatuko dira eta Argentinako presidente Cristina Fernandez ere bertaratuko da, bideokonferentzia bidez.

Bragado, Argentina. Harrotasun handiz adierazi diote Bragadoko Danak Anaiak Euskal Etxeko lagunek EuskalKultura.com-i Florencio Constantino Antzokiari dagokion berria. Izan ere, euskal etxea oso bitartekari baliagarria izan da azken boladan tenore bizkaitarrari buruzko ikerketan ibili direnentzat, eta datorren astean, Antzokiaren mendeurrenaren baitan, Bizkaiko Ortuellako agintariak jasoko ditu Bragado eta Ortuella batuz, Florencio Constantinoren oroitzapen eguneratua medio.

Constantino Antzokia 2012 01

[Kontrajarritako bi irudi: ezkerrean, Constantino Antzokia 1912ko inaugurazioan; eskubian, gainbeherako garaian]

Gogora dezagun Florencio Constantino 1868an jaio zela Ortuellan eta beste hamaika euskal herritarrek bezala jaioterria utzi eta Argentinara emigratu zuela. Bertan, Bragado herrian hain zuzen, babesa eta bere karrera bideratzen lagundu zioten lagunak aurkitu zituen. KJari horretara eta bere karreraren gailurrean zegoela, bere izena hartuko zuen antzokia eraikitzea sustatu zuen Buenos Aires probintziako herri honetan. Antzokia 1912. urtean inauguratu zen eta aste honetan, ehun urte geroago, luzaz itxita egon ondoren, berriro zabalsduko ditu ateak, antzezlanei, eta musika, dantza eta oro har kultur ikuskizunei.

Hona Florencio Constantino Kultur Gunearen inaugurazioaren programa:

Azaroaren 21an

-10:00etan: ‘Altzairuzko izpiritua arte partizipatiboa’. Florencio Constantino Antzokiaren aurreko Atelierraren irekitzea, AcerBrag enpresaren babesarekin. Eskultura bat aurkeztuko da, Fernando Iglesias Molli eskultorearen zuzendaritzapean. Enpresa eta herriko agintariak bertaratuko dira.

Osteguna, azaroaren 22an

-18:00etan: protokolozko ekitaldia. Florencio Constantino Kultur Gunearen berrinaugurazioa. Cristina Fernandez Argentinako presidentearen partaidetza bideokonferentzia bidez
-19:00etan: Nestor Savaliok zuzentzen duen Udalaren Tango Tailerreko bikoteen koreografiak
-19:30etan: Maria Cristina Alonsoren ‘Berokia duen gizona’ (El Hombre del Gabán) eleberriaren aurkezpena. Liburua Kooperazioko Kultur Gunearekin batera argitaratu zen. Lekua: Hitzaldi Aretoan
-21:30etan, Lehenengo Gala: Herriaren bihotzeko gizonaren ahotsa Kultura Zuzendaritzaren antzezlana. Testua Constantinoren bizitzan oinarrituta dago. Gidoi eta zuzendaritza: Felipe Amado

Ostirala, azaroaren 23an

-19:00etan: Luciana Tugoresek zuzentzen duen ‘Studio Danza’-ko ikasleen koreografia
-19:30etan: Domine Aretoa-ren berrinaugurazioa. ‘Sentimiento’ izeneko taldeak Bonjour Tailandia antzezlana aurkeztuko du
-21:30etan: Bigarren Gala: 3 Soprano. Emanaldi liriko-popa. Gabriela Bullich, Ana Laura Menendez eta Sonia Stellman. Buenos Aires Probintziako Kultur Institutua

Larunbata, azaroaren 24an

-19:00etan: Erakusketa Galeriaren inaugurazioa. Fernando Iglesias Molliren lanak ikusgai
-20:00etan: Herriko artista eta dantza taldeak Alsina eta Belgrano kaleen izkineko oholtzan. Nazioko Kultur Idazkaritzaren tango ikuskizuna. Mendeurreneko tarta, Pedro Ortelladok egina

Igandea, azaroaren 25an

-10:30etan: Florencio Constantinoren gorpuzkiak Antzokian bertan egin berria den Mausoleora eramango dira. Gonbidatuen artean, aipatu behar dira Ortuellako alkate Oskar Martinez, Euskadiko Ordezkaritzako ordezkariak eta Bilbotik propio etorriko den Rosa Prado tenorearen iloba. Jorge Fronti irakasleak zuzentzen duen ‘Enrique P. Maroni’ Udal Bandaren emanaldia, Gral. Pinto, Gral. Viamonte eta Chacabucoko bandek lagunduta. Lekua: Kultur Guneko eskaileretan
-19:00etan: Pupy Gierch irakaslearen ikasleen koreografia
-19:30etan: Florencio Constantinoren eskultura ezarriko da Plaza Lehorrean
-21:00etan: Hirugarren Gala. Gabriel Centenoren ‘Maitasun eta Operari buruzko Historiak’. Nazioko Kultur Idazkaritzako ‘Berdintasun Kulturala’ programa

Aipatzekoa da berritze obrak udalaren, probintziaren eta nazioaren arteko elkar-lanaren fruitua izan direla; diru-laguntza gobernu nazionalak ekarri zuen eta egun hauetako ekitaldiak Ortuella herriarekin senidetzea duen Bragado Udaleko Kultur Idazkariak antolatu ditu. Gaur egun, Bragadoko ‘Herriaren Ondarea’ da Kultur Gune bihurtu den Antzokia eta bragadotarrek dioten bezala “antzokia euskaldun baten legatua da eta herritar guztiona”. 

Programa honetatik kanpo, afari bat partekatuko dute Danak Anaiak Euskal Etxeko lagunek Euskal Herriko eta Bragado bertako agintariekin. Larunbat gauean Oskar Martinez Ortuellako alkatea, Aldo San Pedro Bragadoko intendentea eta euskal etxeko presidente Ana Maria Aristi, idazkari Simon Labaqui eta diruzain Maria Amelia Dadet-ekin bilduko dira Danak Anaiak-en egoitzan.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita