Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bartzelonako EEak publizitate kanpaina deigarria egin du euskara eskolak iragartzeko: erabil zeuk ere

Bartzelonako EEak publizitate kanpaina deigarria egin du euskara eskolak iragartzeko: erabil zeuk ere

Aurreikuspenak beltz-beltzak omen ziren ikasturte hasieran, baina Bartzelonako Euskal Etxeak lortu du tinko eustea aurten euskara eskoletan matrikulatu den ikasle kopuruari. Nola? Bada, marketing kanpaina berezi baten bitartez. Igotz Ziarreta argazkilari eta diseinatzaileak eskolak iragartzeko irudi bitxi eta deigarriak erabili ditu, eta jendeak oso ondo erantzun du. Orain, euskal etxeak irudi horiek munduko gainerako euskal elkarteei eskaintzen dizkie, nahi izanez gero eurek ere balia ditzaten.

Bartzelona, Katalunia. Krisia dela eta matrikulazioek behera egingo zutela jakinik --aurreikuspen hori helarazi zuten HABEtik--, Bartzelonako Euskal Etxeak marketing kanpaina berezia jarri zuen abian ikasturte hasieran, iragan asteetan. Kanpainak erantzun bikaina izan du eta azkenean matrikulatu den ikasle kopuruak ez du behera egin eta mantendu egin da.

"Euskara eskolak gure euskal etxearen jarduera nagusienetako bat dira eta Jaurlaritzatik aurtengo ikasturterako aurreikuspenak krisia dela eta oso txarrak zirela esan zigutenean, zerbait egin behar genuela erabaki genuen", esan dio EuskalKultura.com-i elkarteko koordinatzaile Aitor Arrutik. 

Argazki bereziak

Kanpainaren diseinatzailea Igotz Ziarreta meñakarra izan da. Orain dela urte batzuk bizi da Bartzelonan, eta bera da Euskal Etxeko webgune eta iragarkien sortzailea. Ziarretak euskal kutsuko argazkiak erabili ditu, baina ukitu berezi eta umoretsuarekin, euskarazko esaldiekin batera.

Emaitza oso ona izan da eta 128 ikaslek izena eman dute aurten euskara eskoletan. Euskal Etxea oso pozik agertu da kanpainarekin eta esperientzia munduko beste euskal elkarteekin konpartitu nahi du,  EuskalKultura.com-i esan dionez. Argazkiak eta iragarkiak hala eskatzen duten euskal etxeei pasatzeko prest agertu dira arduradunak, nahi izanez gero euren kanpainak egiteko balia ditzaten (horretarako, aski da Bartzelonako Euskal Etxeko lagunei e-maila hona bidaltzea).

Goiko kartelarekin batera, beste hiru afixe ere biltzen ditu kanpainak. Hona hiruak:

BCN Euskara Errezil

BCN Euskara Kontzertu Proba

BCN Euskara Pintxoak

 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita