Hemen zaude: Hasiera Albisteak Chacoko Ikerkuntza Historikoko Biltzarkide izendatuko dute Fabio Echarri historialaria azaroaren 23an

Chacoko Ikerkuntza Historikoko Biltzarkide izendatuko dute Fabio Echarri historialaria azaroaren 23an

2012/11/16

'Harrotasun handiz' jakinarazi digute Chacoko Kotoiaren Lurra Euskal Etxetik bertoko Ikerkuntza Historikoko Biltzarrak gonbidatu duela Fabio Javier Echarri lizentziatu eta irakaslea Biltzarreko partaide izatera. Resistencia hiriko euskal etxeko lehendakariak ibilbide akademiko oparoa dauka eta 1998tik hona testu ugari argitaratu ditu, tartean, ‘Seberiano, euskaldun unibertsala’ eta ‘Eusebio Zamacola Abrisqueta: basauritar bat Argentinako Chacon’. Izendatze ekitaldia azaroaren 23an izango da, iluntzeko 8etan, Resistenciako Artxibo Historikoko ‘Dr. Eduardo Fracchia’ aretoan.

Resistencia, Argentina. Garrantzi handiko momentua biziko du doaike Fabio Echarrik datorren astean, azaroaren 23an. Izan ere, eta prentsa-komunikatu bidez zabaldu denez, historialaria Chacoko Ikerkuntza Historikoko Biltzarreko kide izendatuko dute Biltzarreko arduradunek, Probintziako Kultur Institutuaren babesarekin. “Echarriren ibilbide akademiko eta profesionala, eskualdeari buruzko bere ikerlanak eta daraman irakasle lana izan dira izendatzeko arrazoi nagusiak”, azaldu dute Biltzarretik.

Fabio Echarri Universidad Nacional del Nordeste-ko (UNNE) irakasle eta lizentziatua da eta Kultur eta Komunikazio kudeaketan ere badu diplomatura, FLACSOk, Hego Amerikako Gizarte Zientzia Fakultateak emandakoa. Horrez gain, Resistenciako euskal etxeko egungo lehendakariak euskal gaietan ere sakondu izan du Eusko Ikaskuntzan eta Euskal Herriko Unibertsitatean.

Lanbideari dagokionez, historia irakasle aritu da UNNE unibertsitatean, antolatzaile eta zuzendari Hedabideen Museoan eta koordinatzaile 'Chacoko Gizonaren Museoa'n. Gaur egun, berriz, Hezkuntza eta Kultur aholkularia da Chacoko Diputatuen Ganbaran.

Euskal gaiak ere

Letren mundua ez da ezezaguna irakasle chacotarrarentzat. Bere argitalpenen artean, honako hauek leudeke: ‘Osasu Publikoa Chacon, 1878-1930’ (1998); ‘Napalpi: egia historikoa’ (1998); ‘Chacoko kazetariak. Bizitzaren kronikak’ (2003); ‘Seberiano, euskaldun unibertsala’ (2004); ‘Emakumeak Chacoko hedabideetan eta kulturan’ (2009); eta ‘Eusebio Zamacola Abrisqueta: basauritar bat Argentinako Chacon’ (2010), bakar batzuk aipatzearren. Azken lan honekin Andres de Irujo Saria jaso zuen 2010ean.

Chacoko Ikerkuntza Historikoko Biltzarreko kide berriaren aurkezpena Silvia Castelan de Fracchia irakasleak egingo du eta aurkezpenaren baitan ‘El vasco’ Zamacola gaiaz mintzatuko da. Izendatze ekitaldia azaroaren 23an, iluntzeko 8etan, Resistenciako Artxibo Historikoko ‘Dr. Eduardo Fracchia’ aretoan izango da.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita