LITERATURA

Hastapenetan eliz munduari eta hezkuntza erlijiotsuari loturik egon bazen ere, XIX. mendetik aurrera euskarazko literaturak bestelako norabidea hartu zuen nobela bezalako generoei ongi etorria emanez. Euskal nobelaren aurrekarien artean Juan Antonio Mogelen (1745-1804) Peru Abarka dugu, XIX. mende hasieran gazteleraz mintzo zen komunitate ilustratuari euskararen erabilgarritasuna frogatzeko helburuarekin idatzia. Lan horretatik aurrera, euskal nobelak bilakaera interesgarria izan du. Euskara eta euskal nortasunaren definizio-eremu eta gotorleku izatetik, gaur egun euskal narratiba jarduera autonomoa eta arras eklektikoa dela esan daiteke, denetariko sentsibilitate eta mundu ikuskerei tokia emanez. Beste horrenbeste esan daiteke euskal poesiaz zein ipuingintzaz. Bilakaera hau ulertzeko hura posible egin duten faktoreak kontuan hartu beharko genituzke, hala nola euskarak ko-ofizialtasuna lortu izana Euskal Autonomia Erkidegoan, euskal argitaletxeen zein bestelako erakundeen sorrera eta ugalketa, etab.
Beste hizkuntzetan sorturiko Euskal Herriko literaturei dagokienez, esan beharra dago gutxitan agertu ohi direla euskaraz ekoizturikoarekin parez pare. Hain zuzen, batzuei problematikoa irudituko zaie literatura guztiak maila berean azaltzea, jakin badakigunean euskarazko literatur sistema ez dela gaztelerazkoa, frantsesezkoa zein ingelesezkoa bezain indartsua. Ez da gure asmoa Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa arinkeriaz hartzea, baina iruditzen zaigu Euskal Herria izendatzen dugun geografiari konektatuta sentitzen diren herritarrei justizia egin nahi izanez gero, haren pluraltasuna (linguistikoa barne) aintzat hartzea beharrezkoa dela. Hots, euskara ez ezik gaztelera, frantsesa eta, zergatik ez, ingelesa ere geure hizkuntzak direla onartzea, guk geuk hala nahi dugulako.

Estibalitz Ezkerra

Euskal literaturan aditua

Goikoa, “XX.mendeko euskal literatura” liburuaren hitzaurrea da, liburua osoa hemen irakur dezakezu:

Ezkerra, Estibalitz, XX. Mendeko euskal literatura / Literatura vasca del siglo XX / Basque Literature in the Twentieth Century, Donostia-San: Etxepare Euskal Institutua, 2012

Albisteak

Euskal literatura hizpide Mexikon

Baleen Berbaroa eleberriaren aurkezpen arrakastatsua berlinen

Ikasle topaketa Mexikoko bi Unibertsitateetan

“Literatura y violencia. La cara vasca y la mexicana” mahai-ingurua Mexikon

Egitarau indartsua izango du Etxepare Euskal Institutuak Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan