Venezuela

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Venezuelako Bolibartar Errepublika
República Bolivariana de Venezuela
Venezuelako bandera
Bandera

Venezuelako armarria
Armarria

Venezuelaren kokapena
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Caracas
10°30′N 66°58′W / 10.5°N 66.967°W / 10.5; -66.967Koordenatuak: 10°30′N 66°58′W / 10.5°N 66.967°W / 10.5; -66.967
Hizkuntza ofiziala(k) Gaztelania
Gobernua
Presidentea
Errepublika federala
Hugo Chávez Frías
Independentzia
- Aldarrikatua
- Onartua
Espainiatik
1811 uztailaren 5
1821 ekainaren 24
Eremua
• Guztira
• Ura

916.445 km² (32.)
% 0,3%
Biztanleria
• Zenbatespena (2005)
• Dentsitatea

Herritarra

25.375.281 (46.)
27 biztanle/km² (145.)

venezuelar
Dirua Bolibar indartsua (Bs) (VEF)
Ordu eremua UTC (UTC -4:30)
Interneteko domeinua .ve
Telefono aurrezenbakia +58

Venezuelako Bolibartar Errepublika[1] Hego Amerika iparraldeko estatu bat da, Karibe itsasoaren bazterrean. Mugakide ditu Kolonbia mendebaldean, Brasil hegoaldean eta Guiana ekialdean. Itsaso-mugak ditu Trinidad eta Tobago, Holandarren Antillak, Grenada, Puerto Rico eta Birjina Uharteekin.

Eduki-taula

[aldatu] Izena

1498an Cristobal Colon Pariako golkora iritsi zen. Espainiako Errege Katolikoei idatzitako gutun batean lur haiei Graziazko Lurrak deitu zien, eta ezizen hori gaur ere erabiltzen da Venezuela izendatzeko.

Hurrengo urtean Alonso de Ojedak gidaturiko espedizio batek kostaldea zeharkatu zuen Maracaibo aintziraren uretaraino, Paraguaná eta Guajira penintsulen artean. Ibilbide horretan añú indiarren etxolak ikusi zituzten, uraren gainean eraikiak. Eraikin horiek Américo Vespuciori Venezia gogora ekarri zioten, Piero de Mediciri bidalitako gutun batean esaten zuen moduan. Horregatik Venezuela izena eman zion golko horri eta, gero, herrialde osoari.[2]

[aldatu] Geografia

Mapa topografikoa

Venezuela Ipar Hemisferioan dago, nahiz eta hegoaldeko muturra ekuatoretik oso hurbil egon.

1=Pico Bolivar
1=Bolivar mendia

Hiru alderdi nagusi bereiz daitezke Venezuelako lurraldean: iparraldeko mendi gazteak (Andeak eta Kostaldeko mendikatea), Guyanako lur-krosko zaharra eta, bien artean, Orinoko ibaia (2.063 km) zeharkatzen duen Los Llanos sakana. Venezuelako Andeak bi adar nagusitan daude banatuak. Batak, Perija-ko mendikateak, ipar-mendebaldeko muga egiten du Kolonbiarekin eta Mana Tara mendian du gailurra (3.370 m). Besteak, Merida-ko mendikateak, herrialdeko mendirik garaiena du: Bolivar mendia (5.002 m). Bi mendikate horien artean Marakaibo aintzira dago (50.000 km2), hondoan munduko petrolio-hobi handienetakoa duena. Kostaldeko mendikatea Andeen 700 km-ko luzapena da. Bi mendilerro paraleloz osatua da, eta bien arteko sakanean Valenciako aintzira (364 km2) eta herrialdeko hiri nagusietako batzuk ditu. Beste era bateko egitura dute, berriz, Lara eta Falcon estatuek, Ande mendien iparraldean, mendi apalez (Socopo, 1.604 m) eta ibarrez osatuak izaki. Los Llanosko sakan ia lauak lurralde osoaren heren bat hartzen du Ande mendien eta Ozeano Atlantikoaren artean. Orinoko ibaiak eta Andeetatik iristen zaizkion adarrek ureztatzen dute. Orinokoren eskuinaldeak Guyanako egitura orografiko zaharraren muga egiten du. Ibai horren eskuinaldeko adarren higadurak agerian utzi ditu granitozko haitz handiak, tepui deituak, gainaldeko sabanako zelaian nabarmentzen direnak (Auyan-Tepui, 2.500 m). Guyanako Curipira, Parima eta Pacaraima-ko mendikateek Orinoko eta Amazonas ibaien banalerroa eratzen dute, eta Venezuelaren eta Brasilen arteko muga egiten. Pacaraimako mendikateko Roraima mendia da alderdi horretako gailurra (2.810 m). Kostaldea 2.813 km inguru luze da, hautsia da, eta, handik hurbil, Venezuelaren mendean dauden uharteen artean, Margarita uhartea da handiena (920 km2). Bestalde, gaur egun Guyanako estatuaren mendean dagoen zati handi bat, Esequibo ibairen arterainokoa, hain zuzen ere, beretzat eskatzen du Venezuelak.

[aldatu] Klima eta landaredia

Klima ekuatoriala du hegoaldean, eta tropikala erdialdean eta iparraldean. Hegoaldean euri asko izaten da urte osoan, eta baso tropikalak estaltzen du lurraldearen parte hori. Los Llanosen ez da euririk abendutik apirilera, eta sabanako landaredia hazten da, zuhaitzak ibaietako ertz hezeetan baino ez baitira hazten. Iparraldean mendiek zerikusi handia dute klimaren gorabeheretan, ez baitiote haizeari sartzen uzten. Hala, iparraldeko behealdeko lurrak oso beroak eta lehorrak dira. Hori dela eta, jende gehiena 1.000-2.000 m arteko altitudean bizi da. Euri-sasoian (ekaina-azaroa) ibaiek gainezka egiten dute, eta lurraldeko behealdeak urpean geratzen dira.

[aldatu] Biztanleak

Etniak: mestizoak, % 69; zuriak, % 20; beltzak, % 9; indiarrak, % 2. Erlijioa: katolikoa, % 91,7; besteak, % 8,3. Venezuelako biztanleak indiarren, europar kolonizatzaileen eta Afrikatik lan egitera eramandako beltz esklaboen ondorengoak dira. Europar etorkinen olde handienak XIX. mendean zehar, 1920. urte inguruan (petrolioa aurkitu zenean) eta Bigarren Mundu Gerran izan ziren. Etorkin gehienak espainiarrak, italiarrak eta portugaldarrak ziren. Gaur egun, ordea, kolonbiarrak eta peruarrak dira gehienbat kanpotarrak. Biztanleriaren hazkundea handiaizan da; 1958an 5 milioi lagun bizi ziren Venezuelan, eta 1999an, berriz, 23 milioi inguru. Hala, 15 urtetik beherakoak dira venezuelarren % 36. Paludismoa desagertzeak eta osasunaren inguruan egindako inbertsioek ekarri dute heriotza-tasa jaistea. Biztanleen % 85 inguru iparraldeko hirietan bizi da.

[aldatu] Ekonomia

1=Angostura Bridge, Orinoco River, Venezuela
1=Angostura zubia, Orinoko ibaian

Hidrokarburo-hobiei esker, lehen erabat nekazaria zena Andeen inguruko herrialde industrializatuenetako bat izatera pasatu da bi belaunalditan. Petrolioak sortutako etekinak erabiliz, politika soziala jarri ahal izan zuen abian: soldatak igo, batez ere maila apalenekoenak, lanaren babesa, diru-laguntza. Osasunaren eta hezkuntzaren maila garaienetakoa bihurtu zen hirugarren munduko herrialdeen artean. 1980ko hamarraldiaren ondoren, ordea, atzerriko zorra handitzeak eten egin zuen bilakaera hori. Munduko petrolioaren prezioak hondoratzeak ekonomia- eta finantza-krisi larria ekarri zuen. Nazioarteko Diru Funtsak hala eskatuta, 1988. urtetik aurrera Venezuelak abian jarri zuen politikak pobretasunera eraman zituen biztanleak, eta tirabira sozial larriak sortu zituen. Venezuelak bere BPGren jaitsierari aurre egin behar izan dio eta baita langabeziaren igoerari ere. 1996an inflazioak gorena jo zuen, % 103, eta bien bitartean enpresa publikoak pribatizatu edo berrantolatu egin behar izan ziren. Caracas eta bere ingurua eta Venezuelako erdi-iparraldea izan dira Venezuelako ekonomiaren gune nagusiak. Hala ere, petrolio-hobiei esker, 1960-1970 urteetan gobernuak Caracasko eskualdearen nagusitasuna ahultzeko garapen-plan bat eraman ahal izan zuen aurrera. Hiriak zerbitzuz eta industriaz hornitu ziren, eta nekazaritza-erreformak egin ziren, azpiegituretan batez ere (elikagaien industriak, errepideak, nekazari-herriak, lan hidraulikoak...).

Nekazaritzak lurren bostena baino ez du hartzen. Lantzen diren gai nagusiak azukre-kanabera, bananak, artoa, arroza, mandioka, basartoa, kafea, tabakoa, kotoia, sesamoa eta kakaoa dira. Abere-hazkuntzak garrantzi handia du; izan ere, Los Llanosko larreetan 13,4 milioi abelgorri-buru bazkatzen dira. Txerriak, ardiak, ahuntzak eta hegaztiak ere hazten dira. Esportatzen diren gai nagusiak azukre-kanabera, banana, kafea eta artoa dira. Industrian, energia sortzeko baliabideak, mea-baliabideak eta, gero eta gehiago, gai horiek eraldatzera bideratutako industria dira gaur egun ekonomiaren oinarria: petrolioa, gas naturala, argindarra , burdina, aluminioa, altzairua. Nolanahi ere, Venezuelak beste mea-baliabide asko ditu: bauxita, zinka, kobrea, beruna, urrea, zilarra, diamanteak, amiantoa, fosfatoa, manganesoa, titanioa, etab. Petrolioaren ustiapena atzerritarren eskuetan egon zen, 1976an nazionalizatu zen arte. Venezuelak petrolioa esportatzen du batez ere (% 90).

Garraiabideak nahikoak dira iparraldean, baina oso urriak erdialdean eta hegoaldean, eta hegazkina edo ontzia izaten dira alderdi horietako toki batzuetara heltzeko bide bakarrak. Guztira 52.000 km errepide eta 440 km burdinbide ditu. Horrenbestez, Venezuelak behar-beharrezkoak ditu portuak merkataritza-harremanetarako: La Guaira, Maracaibo eta Puerto Cabello dira portu nagusiak.

[aldatu] Historia

Kristobal Kolon 1498an iritsi zenean, karibeak eta araukaniarrak bizi ziren gaur egungo Venezuelako lurraldean. Hurrengo urtean Amerigo Vespucci italiar itsasgizonak «Venezia txikia» (Venezuela) izena eman zion lurraldeari. Lehenengo espedizioen ondoren, espainiarrek garrantzi handiagoa eman zioten ekialdeko uharteetako perlen arrantzari lurraldea konkistatzeari baino. 1528an, Karlos V.a erregeak Welser etxeko alemaniar bankariei saldu zizkien lurraldea esploratzeko eta konkistatzeko eskubideak, baina haiek, bilduko zutela uste zuten urrea eta harribitxiak aurkitu gabe, 1546an joan ziren. Mende horretako erdialdean eraiki zituzten espainiarrek herri nagusiak. 1567an Diego de Losada konkistatzaileak karaka indiarrak bizi ziren lurraldea mendean hartu eta Santiago de Leon de Caracas hiria sortu zuen, urte batzuk geroago hiriburu izendatu zutena. XVII. mendearen bigarren erdian nekazaritza bultzatu zen, baina, hala ere, lurraldeak oso aurrerapen txikia egin zuen XVIII. mendea arte.

1718an Granada Berriko Erregeordetzaren administraziopean geratu zen lurraldea. 1721ean, Filipe V.ak Caracasko Unibertsitatea sortu zuen, eta, zazpi urte geroago, Caracasko Gipuzkoar Konpainiari eman zion merkataritzaren monopolioa (kakaoa, tabakoa, kafea, anila, kotoia, azukre-kanabera), kontrabandoa eta itsaslapurrak kentzeko baldintzapean. Konpainiaren jarduerak istilu eta matxinada franko piztu zituen. 1781ean merkataritza-harreman askeetarako dekretua onartu zen; Gipuzkoar Konpainiak monopolioa galdu eta 1784an desegin zen. Bien bitartean, Estatu Batuen independentziak, Europako ideia liberalen hedapenak, kreole ilustratuen eta espainiarren monopolioak eta kaltetuen interes ekonomikoen eraginak burujabetasunaren beharra nabarmendu zuten. XVIII. mendearen bukaerako matxinada batzuen ondoren, 1806an hasi zen, Francisco de Mirandaren gidaritzapean, independentziako gerra, Simón Bolívar Askatzaileak 1821ean ia lurralde osoa hartzea lortu zuen arren 1823an espainiar erregezaleen armada guztiz menderatu zuten arte bukatu ez zena. Venezuela, 1819az gero Kolonbia Handiaren barruan zegoena (gaur egungo Venezuela, Kolonbia, Panama eta Ekuador), 1829an banandu eta burujabe egin zen.

[aldatu] Venezuela burujabea

Venezuelaren independentzia-agiriaren sinatze-ekitaldia

1848. urtea arte, oligarkia kontserbadorearen mende egon zen Venezuelako gobernua. José Antonio Páez jeneralaren lehendakaritzapean (1830-1835 eta 1839-1844) gerra-urteek hondatutako ekonomiak hobera egin zuen, kakaoaren eta kafearen esportazioan oinarritua. 1830ean konstituzio bat eman zuen, boto-eskubidea handikiei baino uzten ez ziena eta esklabotasuna onartzen zuena. 1840an Alderdi Liberala sortu zen, botoa emateko eskubidea zabaltzea eta esklabotasuna debekatzea eskatu zituena besteak beste. Kontserbadoreen eta liberalen edo federalisten arteko tirabirek baldintzatu zuten XIX. mendeko politika. Biltzar konstituziogilea egin zen Valencian, baina federalistek ez zuten onartu han eman zen konstituzioa. Egoera horrek bost urteko gerra zibila ekarri zuen (1859-1863). Azkenean federalistak atera ziren garaile, eta 1864an egin zen konstituzioan Venezuelako Estatu Batuak izena ezarri zitzaion herrialdeari. 1870ean Antonio Guzmán Blancok hartu zuen lehendakaritza, eta, 17 urtean zehar diktadore gisa gobernatuz, erreforma politiko sozialak egin eta ekonomia modernizatzea lortu zuen. Haren ondorengo gobernualdiak ere diktadoreen eskuetan ziren: Joaquín Crespo (1892-1898), Cipriano Castro (1899-1908), Vicente Gómez (1908-1915 eta 1922-1929).

[aldatu] XX. mendea

Rómulo Betancourt, 1961

Petrolioa 1912an hasi zen ustiatzen, eta 1920rako munduko bigarren petrolio-ekoizlea eta lehen esportatzailea zen Venezuela. Horri esker, kanpo-zorra ordaindu ahal izan zuen eta herri-lan handiak egin ziren. Halaber, aurrerantzean, atzerriko kapitalek eragin handia izan zuten bertako ekonomian. Eleazar López Contreras (1935-1941) aurreko erregimenaren gogortasuna leuntzen eta demokrazia bideratzen hasi zen. Egoera 1959an normaldu zen, Rómulo Betancourt lehendakariarekin. Nolanahi ere, Betancourtek aurre egin behar izan zien hirietako gerrilla komunistei eta eskuindarren estatu-kolpeei, baina alderdi politiko nagusien (sozialdemokratak eta demokrata-kristauak) elkarlanaren bitartez, demokraziarako oinarriak finkatu zituen. Bera izan zen agintaldi osoa bete zuen lehen lehendakaria (1959-1964). Aurrerantzean Venezuelak ekonomiaren aurrerapena eta egonkortasun politikoa lortu zituen.

Rafael Calderak (1969-1974), herrialdea baketu nahian, amnistia eman zien armak utzi zituzten gerrillariei. Carlos Andrés Pérezek (1974-1979) petrolioaren eta burdin meen nazionalizazioa bideratu zuen, eta herrialdearen industrializazioa sustatu. Nolanahi ere, urte horietako aberastasuna gehiegizko kontsumoan eta ustelkerian galdu ziren. Egoera horri aurre egiteko, Luis Herrera Campins-ek (1979-1984) gastu publikoa gutxitzearen aldeko politika egin zuen, eta Jaime Lusinchik (1984-1989) eta, batez ere, Carlos Andrés Pérezek (1989-1993) neurri ekonomiko gogorrak hartu zituzten (pribatizazioa, gasolinaren eta garraioen prezioaren igoera). 1992an militar talde bat, Francisco Arias buru zuela, saiatu zen Carlos Andrés Pérez presidentea kargutik kentzen, baina ez zuten beren asmoa bete. Hala ere, egoera hark nabarmen utzi zituen administrazioaren ustelkeria eta ekonomiaren krisia. Bai Arias bai Hugo Chávez komandantea, atxilotuak biak, Boliviako Mugimendu Militarreko kide ziren. Borroka ugari izan ziren, eta defentsa-ministroak 51 militar zaurituta zeudela eta 19 hil zirela adierazi zuen. Estatu-kolpearen egunean bertan, presidenteak konstituzioaren bermeak indargabetu zituen: bilerak debekatu zituen, prentsa-askatasunak mugatu zituen eta hainbat herritar atxilotzea agindu zuen. Salbuespen gisa, ordea, irakaskuntzako sindikatuekin negoziatzea onartu zuen. Egun gutxira, Pérez presidenteak salbuespen-neurriak bertan behera utzi zituen. Hala eta guztiz ere, tirabira politikoek aurrera jarraitu zuten, eta Errepublikako presidenteari kargua uzteko eskatu zitzaion. Krisiaren larritasunaz jabetuta, Pérezek erreferendum bat egitea erabaki zuen Konstituzioa berritzeko.

1992ko urtearen amaieran beste estatu kolpe saio bat izan zen. Garai horretan izan ziren gobernadore, alkate eta biltzar legegilerako hauteskundeetan, gobernuko alderdiak 22 estatutatik 7tan baino ez zuen garaipena lortu. 1993an Carlos Andrés Pérez presidentea kargutik kendu zuten diru publikoa erabiltzearen salaketapean. Haren ordez Ramón Velázquez jarri zuten. 1993. urtearen amaieran izan ziren hauteskundeak Rafael Calderak (presidente 1969-1974 urteen bitartean) irabazi zituen. Hauteskunde haietan abstentzioa % 40 izan zen. 1980ko hamarraldiaren amaieran, Caracas bortizkeria handieneko hiria izan zen Hego Ameriketan, eta segurtasun faltak gorantz jarraitu zuen: 1995ean Caracasko biztanleen % 10ek, gutxi gorabehera, armak zituela esan zen. 1994. urtetik aurrera ekonomia- eta finantza-krisiak larriagotu egin ziren. Caldera presidenteak ondasun mugiezinen, jabetza pribatuaren eta merkataritzaren gaineko konstituzioaren bermeak indarrik gabe utzi zituen. Bestalde, atzerrirako bidaiak mugatu zituen eta baita biltzeko eskubidea ere. Biltzarrak eskubide horiek berriz adieraztearen alde eman bazuen ere botoa, presidenteak mugak jarri zituen kapitala atera ez zedin eta espekulaziorik gerta ez zedin. 1995ean gobernuak atzerriko inbertsioak erakartzeko egin zituen ahalegin guztiak alferrekoak izan ziren, eta, azkenean, petrolioa ekoizteko bertakoei eta atzerritarrei aukera berdinak ematea erabaki zuen gobernuak. 1997an hainbat ekonomia erreforma jarri zen abian, industria elektrikoen pribatizazioa, aluminioa eta burdinarena, sistema judizialaren berrikuntza, eta finantza publikoen antolakuntza berria. 1998an Venezuelak, Saudi Arabia eta Mexikorekin batera, eguneko petrolio-ekoizpena txikitzea erabaki zuen, upelaren prezioa igoarazteko asmoarekin.

Hugo Chávez

1998an, Hugo Chávez (hainbat estatu-kolpetan buruzagi izandakoa) hautatu zuten lehendakari (botoen % 56,5). Polo Patriótico zeritzan alderdien batasun baten buru aurkeztu zen hautagai Chávez, eta, ideia sozialista lausoak adieraziz eta jarrera populista erakutsiz, konstituzio berri bat egitea zen haren helburu nagusia, berak Bolivartar Iraultza esaten zion proiektuaren barnean. Konstituzio berria 1999an onartu zen erreferendumean. 2001ean, lurren administrazioari buruzko lege batzuk eman ondoren liskar handiak izan zituen oposizioarekin, eta, azkenean, lanuzte-deialdia egin zuten sindikatu nagusietako batek eta enpresaburuen ganberak. 2002an, protesta handiak egin ziren Chávezen aurka. Manifestazio baten ondoren, tiroak izan ziren eta bi aldeetako hildakoak izan ziren; oposizioak eta gobernuak elkarri egotzi zioten gertatutakoaren errua. Kolpe militar batek Chávez espetxeratu eta Pedro Carmona enpresaburua izendatu zuen lehendakari, baina berehala hartu zuen oposizioak hura diktadoretzat, eta handik bi egunera Chávez berriz izendatu zuten lehendakari, haren jarraitzaileek erreakzionatu, hura askatu, Carmona boteretik egotzi eta Chávezi itzuli baitzioten agintea. Oposizioak greba orokorrera deitu zuen, eta, 2004an, erreferedum bat eskatu zuen Chávez agintetik botatzeko, baina erreferendumak Chávezi eman zion garaipena, nahiz oposizioak iruzurra salatu zuen.

Chávezek joera ezkertiarra du. XXI. mendeko sozialismoa esaten dio berak bere programari, eta garapenerako eta gizarte-laguntzako programak sortu ditu. Inperialismoaren eta Estatu Batuen etsai agertu da, eta Kuba, Iran, Siria, Errusia eta Txinaren adiskide. 2006an, Chávez berriz aukeratu zuten lehendakari. Konstituzioa aldatuko zuela agindu zuen, hainbat erreforma ekonomiko egiteko eta lehendakaritza mugagabea ezartzeko, besteak beste. RCTV telebista-katea ixtea agindu izanak protesta handiak sortu zituen eta bultzada handia eman zion Chávezen aurkako ikasle-mugimenduari. 2007an egin zen konstituzioa aldatzeko erreferenduma, baina Chávezek galdu egin zuen, eta ezin izan zituen bere asmoak bete. 2009ko otsailean, Chávezek konstituzioa aldatuz agintaldi mugagabea lortzeko beste erreferendum batera deitu zuen, eta irabazi egin zuen.

[aldatu] Hiri garrantzitsuenak

[aldatu] Historia

[aldatu] Banaketa administratiboa

Sakontzeko, irakurri: Venezuelaren banaketa administratiboa
Venezuela Division Politica Territorial.svg

Venezuela errepublika federala da, hiru motako banaketarekin: 23 estatu, hiriburu barruti bat (Caracas barne) eta 72 mendeko federal (uharteak, gehienak biztanle gabeak). Gainera, Venezuelako estatuak Guyanako Guayana esequiba delako lurraldea beretzat eskatzen du.

  1. Amazonas (Puerto Ayacucho)
  2. Anzoátegui (Barcelona)
  3. Apure (San Fernando de Apure)
  4. Aragua (Maracay)
  5. Barinas (Barinas)
  6. Bolívar (Ciudad Bolívar)
  7. Carabobo (Valencia)
  8. Cojedes (San Carlos)
  9. Delta Amacuro (Tucupita)
  10. Falcón (Coro)
  11. Guárico (San Juan De Los Morros)
  12. Lara (Barquisimeto)
  1. Mérida (Mérida)
  2. Miranda (Los Teques)
  3. Monagas (Maturín)
  4. Nueva Esparta (La Asunción)
  5. Portuguesa (Guanare)
  6. Sucre (Cumaná)
  7. Táchira (San Cristóbal)
  8. Trujillo (Trujillo)
  9. Vargas (La Guaira)
  10. Yaracuy (San Felipe)
  11. Zulia (Maracaibo)
  12. Mendeko federalak
  13. Hiriburu barrutia (Caracas)

[aldatu] Venezuelar ezagunak

[aldatu] Erreferentziak

[aldatu] Kanpo-loturak


Amerikako herrialde eta lurraldeak
Ipar Amerika eta Karibea
LocationNorthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu BatuakAntigua eta BarbudaBahamakBarbadosBelizeCosta RicaKubaDominikaDominikar ErrepublikaEl SalvadorGrenadaGuatemalaHaitiHondurasJamaikaKanadaMexikoNikaraguaPanamaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakTrinidad eta Tobago


Dependentziak: Groenlandia (Danimarka) • GuadalupeMartinikaSaint BarthelemySaint MartinSaint Pierre eta Mikelune (Frantzia) • Aruba · Holandarren Antillak (Herbehereak) • Angila · Bermuda · Birjina uharte britainiarrak · Kaiman uharteak · Montserrat · Turks eta Caicos uharteak (Erresuma Batua) • Puerto Rico · Birjina uharte amerikarrak (Ameriketako Estatu Batuak)

Hego Amerika
LocationSouthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: ArgentinaBoliviaBrasilTxileKolonbiaEkuadorGuyanaParaguaiPeruSurinamUruguaiVenezuela


Dependentziak: Frantziar Guyana (Frantzia) • Falkland Uharteak (Erresuma Batua)

Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak