Hemen zaude: Hasiera Albisteak Uruguaiko San Joseko Euskaldunak Euskal Etxeak Jose Mendiague bertsolaria gogora ekarri zuen

Uruguaiko San Joseko Euskaldunak Euskal Etxeak Jose Mendiague bertsolaria gogora ekarri zuen

Uruguaiko San Jose herrian bizi izan zen XIX. mendean Jose Mendiague euskal bertsogile famatua eta San Joseko Euskaldunak Taldeak hitzaldi batekin gogora ekarri zuen berriki 'Diasporako Bertsolaria' bezala ezaguna dena. Horrez gain, elkarteak Rosarioko Argentinako Euskal Aste Nazionalean parte hartu zuen eta urriaren 17an Montevideon ere izan zen, Eusko Indarra dantza taldearen 30 urteurrena ospatzeko. Horien guztien berri ematen du elkarteak bere buletinaren azken alean.

San Jose, Uruguai. 2009an sortu zen egungo San Joseko Euskaldunak Taldea, eta 2010eko abenduan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak euskal etxe ofizial bezala. Tarte labur honetan ekimen ugari abiatu ditu elkarteak, horien artean euskara, euskal kultura eta dantza ikastaroak. Berrien zabalkuntzan ere lan esanguratsua egiten du euskal etxeak, eta larunbatero herriko irrati batean egiten duen irratsaioaz gain, bi hilabetero barne buletina bidaltzen die bazkideei. Azken alean urritik hona egindako ekimenak jasotzen dira, horien artean Rosarioko Euskal Argentinar Astera eta Montevideoko Eusko Indarra dantza taldearen 30. urteurren festara eginiko bidaiak.

Horrez gain, buletinak Sergio Posada genealogia adituak Jose Mendiagueri buruz urriaren 5ean eman zuen hitzaldiaren berri ere badakar. Arrokiaga herri xiberotarrean Mendiagueri buruzko pastorala prestatzen ari zirela-eta informazio eske idatzi zioten Posadasi, eta horren haritik Alduden jaio eta Argentinan, Txilen eta Uruguain bizi izan zen poetaren bizitzari buruz ikertzen hasi zen. "Jose Mendiague hiri honetako bizilagun oso ezaguna izan zen XIX. mendeko bigarren erdialdera, eta bere sendiak ere arrasto sakona utzi zuen gure gizartean", dio buletineko artikuluak.

Urrian bertan beste hitzaldi interesgarri bat izan zen San Josen, "La invasión pacífica de los vascos del siglo XIX. Por qué vinieron a Uruguay" izenburuarekin. Hizlari, Hernán Sorhuet kazetari euskal-uruguaitarra, genealogian aditua eta Montevideoko Euskal Erria elkarteko kidea. Amaitzeko, aipatu, San Joseko euskara, euskal kultura eta dantza ikastaroak iragan abenduan amaitu zirela aurtengoz, baina datorren urteko ikastaroetarako izena emateko epea abenduan zehar irekita izango dela. Ikastaroak martxoan berrabiatuko dira.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita