Hemen zaude: Hasiera Albisteak 11 eta 15 urte artekoa bazara, zatoz urtarrilaren 4tik 8ra egingo den Chascomuseko Udalekura

11 eta 15 urte artekoa bazara, zatoz urtarrilaren 4tik 8ra egingo den Chascomuseko Udalekura

2012/12/11

Zabalik dago jadanik Zingirako Euskaldunak euskal etxeak antolatutako laugarren udalekuan parte hartzeko izenematealdia. Deialdia 11 eta 15 urte bitarteko gaztetxoei dago zuzenduta eta helburua euskal giroko oporraldi bat pasatzea da. 2013ko Chascomuseko Udalekua urtarrilaren 4ean hasiko da eta 8an bukatuko, agur ekitaldi batekin. Egonaldiaren kostua 350 pesokoa izango da eta 300koa Chascomusetik 500 kilometro baino urrunagora bizi diren partaideentzat. Izena emateko epea abenduaren 21ean itxiko da, eta tramitea gauzatzeko urratsak segidako artikulu honetan argituko ditugu.

Chascomus, Argentina. Azken hiru urteetan arrakastaz plazaratu den proposamena luzatu diete aurten ere Zingirako Euskaldunak-eko lagunek Argentinako euskal diasporako gazteei. Udalekuaren IV. edizio hau urtarrilaren 4tik 8ra burutuko da Chascomusen eta epe horretan Euskal Herriaren kulturarekin lotura duten hainbat ekintzetan arituko dira neska-mutilak, tartean, pilota, arrauna, dantza, musika, euskara, euskal joko tradizionaletan eta sukaldaritza tailerretan. Nerabeak ez dira bakarrik jardungo aktibitate hauetan: euskal etxeko eta Euskal Herritik etorritako monitoreek lagunduko dituzte gazteak.

Izena emateko epea irekita dago jadanik eta abenduaren 21era arte luzatuko da. Ordainketa baldintzei dagokienez, parte hartzeko 350 peso ordaindu behar dira. Hala ere, salbuespen bat egingo dute antolatzaileek Chascomusetik 500 kilometro baino urrunago bizi diren gazteekin. Kasu honetan 300 peso ordaindu beharko ditu parte hartzaileak. Inskripzioa burutzeko, 150 pesoko fidantza moduko depositoa egin behar da eta pausoak hauexek dira:

1) Ordainketa “Banco de la Provincia de Buenos Aires”en egin behar da

-Kontu Korrontearen zenbakia: 6942-7322/8
-CUIT: 30665097524
-CBU: 0140331001694200732282

2) Ordainketa egin ondoren, egiaztagiria euskal etxera bidali behar da eskaneatuta eta e-mail bidez, parte hartzailearen izena adieraziz. Helbidea, cvchascomus@yahoo.com.ar da.

3) Parte hartzailearen datu guztiak bidaliko dira, izen-emate formularioan. Formularioa e-mailez bidaliko da baina ekitaldia hasteko momentuan berriro aurkeztu behar da, neska edo mutilaren gurasoek sinatuta. Parte hartzeko ezinbesteko baldintza da hau.

Beste alde batetik, Udalekuaren arduradunek aholkatzen dute gauza hauek ez ahaztea:

-kirola egiteko zapatilak (pare bat)
-igeri lekura joateko oinetakoak (pare bat)
-bainujantzia (bi)
-toalla
-anoraka
-jertsea
-txandala, praka motzak, praka luzeak
-galtzerdiak eta barruko arropa bost egunerako
-nikiak eta niki zuri zahar bat
-txanoa
-eguzkitarako krema eta eltxoak uxatzeko produktua 
-higiene pertsonaleko produktuak

Edozein kontsulta egiteko, aipatutako helbidera idatz daiteke. Proiektua gauzatu ahal izateko emandako laguntzagatik, euskal etxetik euren esker ona adierazi nahi diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, bereziki Kultura, Gazteria eta Kirol diputatua den Ikerne Badiolari.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita