Hemen zaude: Hasiera Albisteak Herriari so eginiko ekintza batzuen artean, Hezkuntza Erakusketa batean aritu zen Izatez Harro EEa

Herriari so eginiko ekintza batzuen artean, Hezkuntza Erakusketa batean aritu zen Izatez Harro EEa

Oso gaztea da Buenos Aires probintziako Mar Chiquita partiduko euskal etxea; eta gazteen indarrarekin burutu ditu 2012 urteko proiektu guztiak. Euskal Herriaren kultura zabaltzea helburu nagusia badu ere komunitatearen beharrak eta kezkak gogoan izaten ditu Izatez Harrok. Engaiamendu horrek builtzatuta, Mar Chiquita-ko II. Hezkuntza Erakusketan hartu zuten parte euskal etxeko kideek, joan den azaroan. Partaidetza urrian gauzatutako ‘Gernikako Bonbardaketa, 75. urteurrena’ erakusketaren jarraipena bihurtu zen, eta Bizkaiko herriari buruzko aurkezpenean izan ziren eskoletako neska eta mutilek oraingo kultur ekitaldian euskarazko hitz eta agur batzuk ikasteko aukera izan zuten.

Mar Chiquita, Argentina. Hiru urte baino ez ditu Izatez Harro Euskal Etxeak baina hiru urte hauetan urrats handiak eman ditu. Eta dudarik gabe, urrats garrantzitsuenak jendearengana hurbilarazi dituztenak dira.

Azaroaren 16an eta Udaletxeko Kultur Idazkaritzak gonbidaturik, Mar Chiquita-ko II. Hezkuntza Erakusketako protagonistetako bat izan zen bertoko euskal erakundea. Urtean zehar ikasleek garatutako proiektuak eta oro har, kultur ekimenak sustatze aldera antolatzen den erakusketa honetan euskal stand bat bisitatu ahal izan zuen publikoak. Standean, abizenei buruzko informazioa emateaz gain, euskarazko hitz batzuk irakatsi zizkieten euskaldunek eskoletako neska-mutilei.

“Ikasleek ez ezik, gurasoek ere erakutsi dute jakin-min handia. Eta azpimarratu nahi dugu, standean geundela, euskal arropa tradizionala jantzita zeramaten bi ume etorri zitzaizkigula euskarazko hitzak ikastera. Bi ume horiek Gernikako Bonbardaketari buruzko erakusketa ikusi zuten euren eskolaVivorata-ko 10 zenbakiko eskolan, eta horrek bultzatuta gai hori hartu zuten erakusketara eramateko”, azaldu dute Izatez Harro euskal etxetik.

‘Gernikako Bonbardaketa, 75 urteurrena’

Erakusketa ibiltariari dagokionez, urriaren 15ean inauguratu zen Coronel Vidal-en. Aurkezpen ekitaldia Udalaren Kultur Etxean burutu zen eta bertara abiatu zen Elvira Kortajarena, Euskadiko Mercosur-erako ordezkaria. Berarekin batera, euskal etxeko lehendakaria den Fernando Mandagaranek eta Jorge Paredi herriko alkateak osatu zuten agintarien taldea.

‘Gernikako Bonbardaketa, 75 urteurrena’ inauguratzeko, bideo bat aurkeztu zuen Cesar Correa irakasleak. Ondoren, aipatutako agintariak ikasle, irakasle eta publiko osoarekin mintzatu ziren. Bi egun egon zen ikusgai erakusketa Cnel. Vidal herrian eta 500 bat pertsonak ikusi zuten.

Gernika 75 erakusketa Izatez Harro EEan 2012 01
[Gernikako Bonbardaketari buruzko erakusketa urriaren 15etik 19ra arte egon zen Mar Chiquitan eta milatik gora ikaslek ikusi zuten (argazkiaEE)]
 

Cnel. Vidaleko egonaldia bukatu eta gero, partiduko beste herrietara eraman zuten euskal etxeko kideek Gernikari buruzko erakusketa, egitarau honi jarraituz: urriaren 17an, General Piran-en; urriaren 18an, Vivorata-n; urriaren 19an, Mar de Cobo-n eta Santa Clara-n. Herri bakoitzean eskola eta kultur erakundeak gonbidatu zituzten. “Guztira milatik gora lagunek bisitatu zuten erakusketa eta hori pozik egoteko arrazoi ona da. Leku guztietan oso ondo hartu gintuzten, umeak oso zintzo portatu ziren gurekin, oso maitagarri. Harreta handiz entzun zituzten azalpenak eta oso galdera egokiak egin zituzten. Esperiantzia erabat arrakastatsu izan zen”, adierazi dio Fernando Mandagaranek EuskalKultura.com-i.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita