Hemen zaude: Hasiera Albisteak Antartidarako bidean darrai Pakea Bizkaia ontziak, Puerto Madryn-en izan ostean

Antartidarako bidean darrai Pakea Bizkaia ontziak, Puerto Madryn-en izan ostean

Pasa den ostiral arratsaldean, abenduraren 7an, iritsi zen Unai Basurkok gidatutako belaontzia Puerto Madrynera. Uste baino gehiago kostatu zitzaion ontziari portura sartzea, kontrako haize gogorrak ez baitzuen sobera laguntzen. Esfortzuak merezi izan zuen, ordea, kaian ongi etorri beroaz gozatu ahal izan zutelako beste behin. Oraingo honetan, Puerto Madryngo “Etorritakoengatik” euskal etxeko kideek harrera paregabea eskaini zieten marinelei. Indarrak berreskuratu asmoz, euskal etxeak gonbidatuta, tripulazioak inguruko jaki preziatuenetako bat dastatzeko aukera izan zuen, patagoniar arkumea.

Puerto Madryn, Argentina. Larunbatean “Ecocentro” fundazioaren egoitza ezagutu zuten marinelek. Erakunde honek, hezkuntza ardatz nagusi hartuta, ozeanoek duten garrantzia helaraztea du helburu. Bertako erakusketa bisitatu ostean, Unai Basurkok hitzaldia eskaini zuen Jose Manuel Eliçabe aretoan.

Hitzaldiaren aurretik, euskal etxeko dantza taldeak agurra eskaini zien bertaratutakoei. 40 pertsona inguru elkartu ziren Pakea Bizkaia proiektua bertatik bertara ezagutzera eta aurreko espedizioetako irudiez gozatzera. Euskal etxeko kideek oroigarriak banatu zizkieten marinelei eta ekitaldiari amaiera emateko dantzariek zein eskifaiak kalejira alai bat osatu zuten.

 Pakea Bizkaia Puerto Madryn 2012 (2)

  [Unai Basurkok Pakea Bizkaiaren bidaiaren berri eman zien Etorritakoengatik Euskal Etxeko bazkideei Puerto Madrynen]

  Pakea Bizkaia Puerto Madryn 2012 (3)

  [Euskal Etxeko dantzariek erakustaldi batekin omendu zituzten Pakea Bizkaiako bidaiariak]

Igande arratsaldean marinelek belaontziaren ateak ireki zizkioten gerturatutako guztiei, euskal komunitateko kide, bela zale zein turistei. Gainontzeko egunak, aldiz, Valdes Penintsula inguruan dauden animaliaei buruzko informazioa pilatzen eman zituzten. Patagonia Natural fundazioko kideen laguntzari esker inguruko itsas faunako hainbat espezie grabatzeko aukera ere izan zuten: baleak, itsas txakurrak, pinguinoak… Helburua ahalik eta material gehien lortzea da, gero, euskal gaztetxoei haien berri emateko.

   Pakea Bizkaia Puerto Madryn 2012 (4)

 [Pakea Bizkaia ontziko marinelak Patagonia Natural fundazioko adituen azalpenak entzuten adi-adi ]

Hurrengo geldialdia, Punta Arenas

Asteazken honetan berriz itsasoratzeko asmoa dute Basurkoren neska-mutilek. Magallanes itsasartetik pasa ostean Punta Arenasen (Txile) egingo dute geldialdia. Punta Arenasen euskal etxerik ez dagoen arren, bertan bizi diren zenbait euskaldunekin harremanetan jartzea lortu dute Pakea Bizkaiakoek eta haiekin elkartuko dira. Gainera, inguru horietan nabigatzeko baimenak eskuratuko dituzte.

Antartidaruntz irten aurreko azken geldialdia Ushuaian izango da. Argentinako hegoaldean ontzia egokituko dute bidaiaren zati honetarako eta Kepa Acero surflaria batuko zaie. Acero anaien artean gazteena “Bost itsaso” proiektua personal berrian murgilduta dabil eta Antartidan olatuak hartzen saiatuko da.

Penintsula antartikora iritsi ostean, iparralderuntz joko dute pixkanaka etxeruntz hurbiltzeko. Bidean, Uruguaiko euskal komunitatea ezagutu asmoz, Montevideon geratuko dira. “Haize Hegoa” euskal etxearekin harremanetan daude jada bertan egin beharreko ekintzak antolatzeko. Brasilen geldialdia egingo duten edo ez oraindik ez dute erabaki. Hala ez bada, Uruguaitik zuzenean ekingo diote Euskal Herrirako bideari.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita