Hemen zaude: Hasiera Albisteak Limako Euskal Etxeko bazkide ugari bildu ziren Euskararen Eguna eta San Frantzisko Xabier ospatzeko

Limako Euskal Etxeko bazkide ugari bildu ziren Euskararen Eguna eta San Frantzisko Xabier ospatzeko

Perun, Limako Euskal Etxea bete egin zen bazkide eta lagunekin joan den abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna eta San Frantzisko Xabierren jaia zela eta. Elkarteko presidente Raul Noblecillak gogora ekarri zuenez, Euskararen Eguna historian izan den euskaldun ospetsuenetariko baten jaiarekin batera ospatzea ez da kasualitatea, santuak euskara munduan zehar eraman baitzuen bere misioetan; India, Malaisia, Japonia eta Txinara, kasu. Limako ekitaldia Euskal Etxeko abesbatzaren kantaldi batekin eta lagunarteko afari batekin osatu zen.

Lima, Peru. Limako Euskaletxeak bazkide eta lagun asko bildu zituen iragan astean ospakizun bikoitz bat zela eta; batetik, Euskararen Nazioarteko Eguna, eta bestetik San Frantzisko Xabierren jaia. Bi hitzordu horien karira elkarteak afaria egin zuen Miraflores auzoko egoitzan.

Ekitaldia Raul Noblecilla presidentearen ongi etorriarekin hasi zen. Noblecillak gogora ekarri zuen Euskal Gizataldeen aurreneko Mundu Batzarrean (Gasteizen, 1995ean) erabaki zela munduko euskal etxeek bat egingo zutela abenduaren 3an Euskararen Egunarekin. Jaia Eusko Ikaskuntzak sortu zuen 1949an, eta San Frantzisko Xabierren egunarekin batera ospatzea erabaki zen, izan ere santuak euskara munduan zehar eraman zuen bere misioetan.

Noblecillak San Frantzisko Xabierren bizitza aipatu zuen hitzaldian: 1506ean jaio zela Xabier gazteluan, Iruñetik gertu; Macaon hil zela 1553ko abenduaren 3an eta Loiolako Inaziorekin batera Jesusen konpainia sortu zuela 1534an. Azken urteak misiotan eman zituen santuak: India, Goa, Malaisia, Japonia eta Txinan.

Día del Euskera 2012 Lima (1)

[Raul Noblecilla, Limako Euskal Etxeko presidentea, elkarteko bazkideei ongi etorria egiten (argazkia LimaEE)]

Noblecillak beste euskaldun unibertsal bat ere ekarri zuen gogora: Pedro Arrupe, "laurehun urte ondoren misio lan garrantzitsua egin baitzuen Japonian. Hiroshimako bonbardaketaren ondorioak pairatu zituen, eta bertan izan ziren biktimei lagundu zien".

Euskal Etxeko presidenteak Euskara ere izan zuen mintzagai, azpimarratuz "adituek Paleolitikoan sortu zela uste badute ere, hizkuntzaren jatorria ez dagoela argi". "Iberiar penintsulatik igaro ziren inbasio guztiei aurre egin zien, baina antzinatik inguruko hizkuntzen maileguak hartu zituen", esan zuen Noblecillak. "Euskal nortasunaren ikurtzat hartua, gerra zibilean eta frankismo garaian jazarpen latza jasan zuen".

Día del Euskera 2012 Lima (3)

[Euskal Etxean egin zen afarian giro bikaina izan zen (argazkia LimaEE)] 

Ekitaldiaren ondoren Euskal Etxeko abesbatzak euskal kantuek osaturiko kantaldia eskaini zuen, eta eguna bukatzeko lagunarteko afaria egin zen elkartearen egoitzan.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita