Elhuyar Fundazioa

Elhuyar Fundazioa 

Itzuli orriaren hasierara

Zientziaren Komunikazioa

Zientzia eta teknologia gizarteratzea eta horiekiko jakin-mina sortzeko baliabideak eta zerbitzuak eskaintzea dugu helburu. Zientzia-dibulgazioko baliabideak eskaintzen ditugu, hainbat formatutan eta hartzaile mota askorentzat: publiko orokorra, haurrak eta gazteak, eta publiko espezializatua. Zerbitzu espezializatuak eskaintzen ditugu.

Ikusi gehiago

Hizkuntza Zerbitzuak

Euskara garatzeko eta normalizatzeko hizkuntza-baliabide, -tresna eta -zerbitzuak sortzea eta eskaintzea da gure helburua. Itzulpen-zerbitzuak, hizkuntza-kalitateko zerbitzuak eta hiztegigintza-zerbitzuak eskaintzen ditugu. Hizkuntza-teknologietan, I+G+Bren aldeko apustu sendoa egiten dugu.

Ikusi gehiago

Albisteak

2013/01/02
Txikia ikusgarri Elhuyar aldizkariaren urtarrileko zenbakian
Elhuyar aldizkariaren urtarrileko zenbakiaren gai nagusian, Nikon Small World lehiaketaren azken edizioan sarituak izan diren argazkiak bildu dira. Biziaren edertasuna eta konplexutasuna mikroskopioaren laguntzarekin bilatzen duten argazkiek parte hartzen dute Nikon Small World lehiaketan. Artearen eta zientziaren artean dauden irudiak dira. Txikia ikusgarri da Nikon Small World lehiaketan. Hori guztia dagoeneko irakurgai dago Elhuyar aldizkariaren 2013ko lehen zenbakian.
Ikusi gehiago
2012/12/20
Euskal I+G+Baren urteko hamar albisterik arrakastatsuenak

Basque Research webguneak (www.basqueresearch.com) 2012an argitaratutako albiste irakurrienen hamarreko zerrenda prestatu du. Euskal ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren arloko 525 albiste argitaratu ditu Elhuyar Fundazioaren webguneak aurten eta 10.000 lagunek baino gehiagok irakurri dute BCBL zentroaren bertsolarien gaitasunaren inguruko ikerketari buruzko albistea. Rankingean bigarrena izan da Mutrikuko olatuen bidezko energia-instalazioaren inguruko Energiaren Euskal Erakundearen albistea eta hirugarrena UPV/EHUren saguzarren inguruko ikerketa bat.


Ikusi gehiago
2012/12/14
Ukitu euskara: nola erabili Elhuyar hiztegiak smartphone eta tabletetan
Abenduaren 18an zatoz "Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean" erakusketara, eta, bide batez, ikasi nola erabili Elhuyar hiztegiak smartphone eta tabletetan eta ezagutu euskara ikasteko kxo! aplikazioa. Ukitu euskara!

Elhuyarrek parte hartuko du San Telmo Museoko "Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean" erakusketan eta euskaraz eskaintzen diren teknologia-tresnen eta zerbitzuen aurkezpen gunean parte hartuko du. Gune horretan bi motatako aplikazioak aurkeztuko dira: batetik, Elhuyar hiztegiak smartphone eta tabletetan eta bestetik, kxo! euskara ikasteko smartphoneetarako aplikazioa. Aplikazio horiek nola deskargatu eta nola erabili erakutsiko da.

Ikusi gehiago
2012/12/10
2012ko CAF-Elhuyar Sarietara lanak aurkezteko epea, zabalik urtarrilaren 31ra arte
CAF enpresak eta Elhuyar Fundazioak irailean abiarazi zuten aurtengo CAF-Elhuyar sarien prozesua, helburu hauekin: zientziaren eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa eta kazetaritza bultzatzea, saritzea eta aintzatestea. Ohiko atalez gain (dibulgazio-artikulu originalak eta zientzia-kazetaritzako lanak), aurtengoan kategoria berri bat izango dute Sariek: “Zientzia gizartean” sorkuntza-beka. 2013ko urtarrilaren 31ra arte aurkez daitezke lanak.
Ikusi gehiago
2012/12/03
Sexuaren arrazoiak, Elhuyar aldizkariaren abenduko zenbakiko gai nagusia
Elhuyar aldizkariaren abenduko zenbakiaren gai nagusia sexuari eskaini zaio, eboluzioaren, genetikaren eta giza izaeraren ikuspegitik azalduta. Sexuaren emaitza da jaioberria; hori bezain erraza, eta aldi berean, konplexua. Konplexutasun horren adierazle dira sexuak duen arrakasta, kasu eskandalagarriak, maitasunaren usaina, sexuaren nahi gabeko albo-ondorioak, zakilaren eboluzioa, hermafroditismoa, Oteloren arrazoiak, poligamia, orgasmoa, homosexualitatea, maiteminaren iraupena... Hori guztia, dagoeneko irakurgai dago Elhuyar aldizkariaren 2012ko azken zenbakian.
Ikusi gehiago
2012/11/30
Elhuyar hiztegiak tabletetan eskuragarri jarri ditu Elhuyar Fundazioak

Elhuyar Fundazioak bost hiztegi jarri ditu eskuragarri tabletetan, Android eta iOS (iPad) plataformetan. Duela urtetebete, bost hiztegi horiek smartphoneetara egokitu zituen Elhuyarrek, eta, orduan agindu bezala, bostak jadanik tabletetan kontsultatu daitezke. Elhuyarren hiztegi hauek daude eskuragarri bai smartphonetarako eta bai tabletetarako: Elhuyar hiztegia (euskara-gaztelania/castellano-vasco); Elhuyar hiztegia/dictionary (euskara-ingelesa/english-basque); Dictionnaire Elhuyar hiztegia (euskara-frantsesa/français-basque); Elhuyar Sinonimoen Kutxa; eta Elhuyar ikaslearen hiztegia. Elhuyar ikaslearen hiztegia kenduta, gainerako lau hiztegiak off line dira; beraz, instalatu ostean ez dute Interneterako konexio beharrik. Proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza jaso du.

Oraingoz, Elhuyar hiztegiak smartphoneetarako eta tabletetarako App Store eta Google Play dendetan daude salgai, 3 euroan. Doako demoak deskargatu ahal izango ditu erabiltzaileak aplikazioa probatzeko.

Informazio gehiago


Ikusi gehiago
2012/11/21
Hekimen sortu da, Euskal Hedabideen Elkartea
Gaur goziean HEKIMEN elkartea, euskal hedabideen elkartea aurkeztu dugu Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Bizi genuen egoera gaitzak bultzatuta, duela bi urte harremanetan jarri ginen euskaraz dihardugun hainbat hedabide. Harrez gero, eta GipuzkoaBerritzenen laguntzarekin, lanean aritu gara elkarrekin eta elkarte hau da haren fruitu. Jakitun gara, bakarka baino elkarrekin hobeto egingo diogu aurre bizi dugun krisi latzari. Euskal hedabideen elkarlana bideratzera dator HEKIMEN, gaur eratu da eta euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatibo sendoa garatzera dator.

Gure ezaugarri nagusiak: gure hedabideetan euskara hutsez jardutea eta publikoak ez izatea. Ezaugarri horiekin bat egiten duten hedabide guztiak deitzen ditugu gurekin bat egitera, gurekin elkarlanera. Dokumentu honen bukaeran duzue elkartea gaur-gaurkoz osatzen duten hedabideen zerrenda. Tokikomen izenean, Iban Arantzabal da HEKIMEN elkarteko presidentea (postu hau urtero behin txandatuko da) eta zortzi kideko zuzendaritza izango du (gaurkoan mahaian daudenak): Argia, Berria, Euskal Irratiak, Gaur 8, Gazteberri, 11amaika Telebista, Tokikom eta Xaloa Telebista.
Ikusi gehiago
2012/11/13
Stephen Hagen: “Arrakasta izan dute kudeaketa linguistikoko estrategiak martxan jarri dituzten enpresek”
“Enpresak eta nazioarteratzea: nola kudeatu hizkuntza-aniztasuna” jardunaldia egin da gaur goizean Gipuzkoako Merkataritza Ganberan (Donostia), Elhuyarrek antolatuta. Jardunaldiaren helburua: Elhuyar Taldeak, Elay eta Tecnaliak hizkuntza-aniztasunaren kudeaketari buruz abiarazitako proiektu pilotu baten ondorioak gizarteratzea, eta nazioartean izan diren esperientzien berri ematea.
Stephen Hagen katedraduna, Galesko Unibertsitateko errektoreordea, mintzatu da gaur, jardunaldiaren hasiera-ekitaldian. Hizkuntza-aniztasunaren kudeaketan aditua da Hagen, eta Europako enpresetan negozio-hizkuntzak nola erabiltzen diren aztertzen du.
Ikusi gehiago
2012/11/06
"Kodeen liburua. Kodeen eta kodeak hausteko sistemen historia sekretua" dibulgazio-liburua argitaratu berri du Elhuyar Fundazioak

Elhuyar Fundazioak Simon Singh zientzia-idazlearen Kodeen liburua, kodeen eta kodeak hausteko sistemen historia sekretua (The Code Book) dibulgazio-liburua euskarara itzuli eta argitaratu berri du. Elhuyarren “Z izpiak” serieko laugarrena da, publiko orokorrari zuzendua dago, eta enkriptazioari buruz dihardu, historia, misterioa eta dibulgazioa uztartuz. Liburu honetan, kodetzeko lehenengo sistemetatik hasi eta gaur egun erabiltzen diren kodetzeko sistemetara arteko historia kontatzen da.

Liburu hau hainbat hizkuntzatara itzulia izan da; besteak beste, portugesera, txinerara, frantsesera, alemanierara, gaztelaniara, italierara…, eta kasu askotan best seller bat izatera iritsi da. Orain, Elhuyar Fundazioak euskaraz jarri du eskuragarri, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Sailaren laguntzarekin.  


Ikusi gehiago
2012/10/18
Dictionnaire Elhuyar hiztegia euskara-frantsesa / français-basque aurkeztu da gaur Baionan

Elhuyar Fundazioak Dictionnaire Elhuyar hiztegia, euskara-frantsesa / français-basque hiztegiaren edizio berria prestatu du eta gaur aurkeztu du Baionako Elkar Megadendan. Han izan dira Josu Aztiria, Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak saileko arduraduna, Elixabete Etxeberria, hiztegiaren arduradun eta Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak saileko kidea, eta Irati Bereau, hiztegiaren egileetako bat.

Elhuyarrek argitaratzen duen euskara-frantsesa / français-basque hiztegiaren bigarren edizioa da eta frantsesa zein euskara ikasten ari den edozeinentzat erabilgarria da, eta adin guztietarako egokia.


Ikusi gehiago
2012/10/16
Martxan da Elhuyar Fundazioaren Teknoskopioa, Euskal Herriko proiektu-lehiaketa

Urtero legez, Elhuyar Fundazioak Teknoskopioa lehiaketa abiarazi du. 14-18 urteko gazteentzako lehiaketa bat da, eta parte-hartzaileek bi modalitatetan har dezakete parte: Ikerketa-proiektuan edo Proiektu teknologikoan. Ikerketa-proiektua modalitatean, aukeratutako arazoari konponbidea emateko ikerketa-lan bat garatu behar dute gazteek; Proiektu teknologikoa modalitatean, berriz, aukeratutako arazoari konponbidea emateko produktu teknologiko bat diseinatu behar dute. Teknoskopioa lehiaketan izena emateko epea azaroaren 5ean hasiko da. Izen-emateak http://teknoskopioa.elhuyar.org webgunean egin behar dira.

Sariei dagokienez, modalitate bakoitzeko proiektu onena egiten duten taldeetako kideek tableta bana eta Tecnalia korporazioko zentro bateko egonaldia irabaziko dute, eta benetako ikertzaileekin lan egiteko aukera izango dute. Bestalde, proiektuen komunikazio onena ere sarituko da, eta modalitate bakoitzeko irabazleek tableta bana eta Elhuyarren produktu-sorta bat eskuratuko dituzte.  


Ikusi gehiago
Itzuli orriaren hasierara
facebook twitter

Buletina

Elhuyarreko albisteen berri izan nahi duzu?

Itzuli orriaren hasierara

 

Copyright © 2009 Elhuyar Fundazioa | Lege-oharra | Web-mapa

webmaster@elhuyar.com

Diseinua: Blanco

Itzuli orriaren hasierara