Hemen zaude: Hasiera Albisteak Renoko Zenbat Gara Euskal Kultura eta Dantzari Taldea bere 20. urtebetetzea ari da ospatzen aurten

Renoko Zenbat Gara Euskal Kultura eta Dantzari Taldea bere 20. urtebetetzea ari da ospatzen aurten

2009/08/20

Bere hogeigarren urtebetetzea ari da ospatzen aurten Renoko (Nevada, AEB) Zenbat Gara Euskal Dantzari Taldea. Nevada-Renoko Unibertsitatearen baitan 1989an euskal kultura eta dantzari talde gisa sortua, Lisa eta Enrike Corcostegui senar-emazteek gidatzen duten talde honek Renon egin berria den NABO Biltzar eta Jaia hautatu zuen bere lagun eta jarraitzaileak bildu eta urteurrena festa giroan ospatzeko. Lagunen artean, propio bertaratu ziren Euskal Herritik euskal dantza eremuan arras ezagunak diren Juan Antonio Urbeltz, Marian Arregi, Mikel Urbeltz, Ane Albisu eta Fernando Aristizabal, beste hamaika euskaltzalerekin batera Zenbat Garakoekin bat egin eta hogei urtez egin duten lan ederra errekonozitu eta eskertzeko. (Ikus bideoa)

Reno, Nevada, AEB. Aipatutako lagun gonbidatuen luxuzko partaidetzarekin, eta ehunda berrogeita hamarren bueltan ibiliko zen jendetza partzuer, Zenbat Garak uztailaren 24an, ostirala, egin zuen bere 'urtebetetze festa', Renoko McKinley Arts and Culture Center delakoaren antzokian, lehenik dantza ikuskizun bat eskainiz --eta horren barnean hogei urtetotako ibilbidea irudi eta bideo bidez eginez-- eta ondoren festa ohikoago batez. Esan daiteke bildutakoek errekonozitu eta eskertu nahi izan zutela Lisa eta Enrike Corcosteguik gidatzen duten taldearen lana, eta aldi berean Zenbat Garak itzuli nahi izan ziola Renoko jendeari urte hauetan guztietan emandako sostengua. Elkarri txaloka, alegia.

[Zenbat Gara dantzari euren 20. urteurreneko festan]

Hogei urteotako lana aipatzerakoan, esan beharra dago Zenbat Gara ez dela dantza talde soil bat izan, kultur talde baten baitango ideia izan baitzen Zenbat Gara sortu zutenena. Dantza emanaldiak eskaintzeaz gain, taldeak kultur hedapen lana egin du, ikerketa garatu du, dokumentazioa bultzatu, irakaste lana egin, aholkularitza, dantzarako jantziak goitik behera egin eta josi ditu, eta hau guztia hainbat talderentzat. Ororen buru, kultur animazio lana egin du, engaiamendu handikoa, ordu eta asteburu eta gau asko tartean, jantziak prestatzen eta josten, entsaiatzen, ikertzen, idazten, gaztetxo eta helduei irakasten... Euskal kultur zabalkundea izan da eurena, tradizioari eta euskal dantzari begira gehienbat.

Euskal lekukotasuna eskaintzen

Hogei urteko ibilbide honetan, aipatzen zion Lisa Corcosteguik buletin honi, ehun bat izan dira euskal dantzetara hurbildu eta dantzari bilakatu dituzten jendeak. Euren izenak ekitaldian eman zen bideo batean agertu ziren, banan bana. 1989an orduan Basque Studies Program izena zuenaren baitan sortua, lehenengo dantzariak Donostiatik ikastaroren bat egitera pasatutako bi euskal amerikar, eta Renon ikasle edo irakasle ari ziren beste hiru Euskal Herriko euskaldun izan zituen. Hortik aurrera, Renoko Unibertsitateko euskara ikasleen artean eta bestelako lagunen artean joan ziren biltzen jendea --tartean euskaldundu zen japoniar bat-- eta, denborarekin, ikasle euskaldun zein ez-euskaldunak, Euskal Herrian eta euskal dantzetan interesatuak.

Ekitaldian lore-sorta bat eman zioten Lisa Corcosteguiri, baina seguruenik berarentzat eta taldeko gainerakoentzat saririk ederrena jendea biltzea izan zen, eta txalotzeko bildu izana gainera. Publiko erraza zen, lagun eta adiskideak, bestela esanda lagun baten urtebetetzea ospatzera doan jende multzoa, hein handi batean bederen. Eta bertaratutakoek hunkitu eta txalotu zuten bezala, geuk ere, EuskalKultura.com-etik, lerro hauek baliatu nahi ditugu errekonozitzeko eta eskerrak emateko hogei urteko lanagatik, lan entusiasmatuagatik, honelako lana eta dedikazioa ez baita beste gisa batez egiten ahal. Zorionak, Lisa, Enrike eta Zenbat Garako lagun guztiei!

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.