Hemen zaude: Hasiera Albisteak John Ysursak NABOko sustatzaile postua utzita, Kate Caminok jasoko du lekukoa, Lisa Corcostegui lankide

John Ysursak NABOko sustatzaile postua utzita, Kate Caminok jasoko du lekukoa, Lisa Corcostegui lankide

Urte aldaketarekin, 2013aren hasierak, besteak beste, aldaketa garrantzitsu bat ekarriko du NABO Ipar Ameriketako euskal elkarteak biltzen dituen erakundearen baitan: azkeneko zazpi urteotan federazioko sustatzaile, edo argiago esatearren, koordinatzaile exekutibo lana egin duen John Ysursak bere postua utzi eta haren ordez Kate Caminok hartuko du, NABOren webgunearekin zerikusia daukaten gauzetan Lisa Corcostegui izango delarik teknikari. Aldaketa urtarrilaren 1ean gauzatuko da, lehenengo asteetan transizioa ezinbestekoa suertatuko bada ere.

Reno, Estatu Batuak. NABOk, Estatu Batuetako eta Kanadako euskal elkarteak biltzen dituen federazioak, aldaketa garrantzitsua izango du 2013a hastearekin batera, azkeneko zazpi urteetan federazioan 'sustatzaile' (euskaraz) edo 'facilitator' (ingelesez) izena hartu duen postua bete izan duen pertsonak --bestela esanda esanda NABOko koordinazio exektutibo lana egin izan duen John Ysursak-- zeregin hori utziko baitu urtarrilaren 1etik aurrera.

Ysursak berak sortu eta orain arte kudeatu eta astean behin bidali izan duen NABOren 'Astero' buletinean Gero arte izenburupeko mezua argitaratu du aste honetan, despedida moduan. Izan  ere, azken aste honetako zenbakia izan da berak jaurti duen azkena, urte berriarekin horren ardura Kate Caminoren eskuetara pasatuko baita.

Sustatzaile postuan John Ysursaren lekukoa hartzeko, NABOk deialdi publikoa egin zuen bere euskal etxe kideen artean eta aurkeztutako izenen artean, federazioak sustatzaile postua aurrerantzean beteko duena Kate Camino izatea bozkatu zuen, Eusko Jaurlaritzarekiko harremanei eta karguaren zati nagusienei dagokienean bederen, tartean Astero buletina ere, NABOren webgunearen kasuan kudeatzaile berria Lisa Corcostegui izango delarik. 

Urte berriarekin eta pixkanaka asumituko dituzte zeregin berriak. Izan ere, NABOk egingo duen hurrengo bileran, otsailaren 2an, Utah-ko Salt Lake Cityn, John Ysursa eta bere ordea hartuko duten pertsonak txostena aurkeztu eta mintzatuko baitira.

Kate Caminok jasoko lekukoa

Sustatzaile postua John Ysursarekin sortu zuen NABOk, Eusko Jaurlaritzarekin akordio batera iritsi ondoren eta Jaurlaritzak emandako erraztasun ekonomikoak medio. Lanaldi erdiko postu profesionalizatua da, nahiz eta bokazio eta bolondrestasun izaera handia ere baduen. John Ysursarekin, NABOk egin dituen programak eta Euskadirekin bat antolatu diren programa amankomunak ugaldu eta zabaldu egin dira. Geroari begira, Ysursa bezala, Kate Camino ere bere bizitza osoa AEBetako euskal komunitatearen baitan aktibotasun handian eman duen pertsona da. 

Euskara eta ingelesarekin batera, Caminok gaztelania eta frantsesa mintzo ditu, eta NABOri dagokionez --adinez oraindik 50 urte ez baditu ere-- ibilbide luzeko hautagaia zen, izana baita, besteak beste eta bolondres gisa, Buffaloko Euskal Etxeko presidentea, Renoko Euskal Etxeko presidentea, zenbait euskal dantza taldetako zuzendaria, NABO ordezkari Munduko Euskal Gizatalde-Batzarrean, gutxienez bi NABO Konbentziotako antolatzailea, zenbait NABO Udalekuetako zuzendaria eta beste hamaika ekimen eta ekitaldi potoloren arduradun nagusi zein kolaboratzailea, gehi maila lokalean etengabeko dedikazioa eskaini duen eta eskaintzen duen pertsona. Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroko idazkaria izatearekin aldiberekotuko du Kate Caminok ardura berria.

Webgunea Lisa Corcosteguik

Aurretik John Ysursak zeraman lanetako beste bat, NABOren webgunea kudeatzearena (NABOk orain artean izan dituen webgune guztien sortzaile eta kudeatzaile izan da Ysursa), berriz, Lisa Corcostegui-k hartuko du bere gain Renotik, urte berriarekin. Lisa Corcostegui ere pertsona ezaguna da oso Estatu Batuetako euskal munduan, batez ere euskal dantzaren munduan egin duen lan garrantzitsu eta oparoagatik, Nevadako Renotik (bertan bizi da) eta Oregongo Ontariotik bereziki. Euskal kultur zabaltzaile handia da eta, webgintzari dagokionez, berak diseinatutakoak dira Renoko eta Boiseko Basque Oral History programen webguneak, eta eskarmentu polita dauka lan horretan sarean euskal alorrean, artikulu honetan aipatutako bere bi adiskideak bezala ibilbide luzekoa baita bera ere Estatu Batuetako euskalgintzan. Hirurak dira Estatu Batuetan jaiotakoak eta euskaradunak.

Eskerrik asko handi bat John Ysursari eta ongi etorri zabal bat Kate Camino eta Lisa Corcostegui-ri!

Mila esker anitx

Joseba — 2013/01/02 18:25
"Mila esker anitx", John, egin duzunagatik, egiten ari zarenagatik eta hemendik aurrera ere egingo duzunagatik; orain, ez gehiago sustatzaile postutik, baina bai (no doubt) zure leku eta zeregin berrietatik, zure lana ez baita sekula izenei eta postuei lotua egon, engaiamenduari eta konpromisoari baizik. Handia zara, John, zure ahalegina, zure bihotza, zure entusiasmo eta dedikazioa handiak direlako. Segi hola-hola zure lan berrietan. Baina ez zaitez urrunegi joan, NABOren Hezkuntza Batzordean ere zure onenak ematen ikusi nahi zaitugu-eta, kete abias pensado. Besarkada bero bat. Eta ongi etorri beroena Kate eta Lisari. Aurrera begira beti! Best wishes!

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

John Ysursak NABOko sustatzaile postua utzita, Kate Caminok jasoko du lekukoa, Lisa Corcostegui lankide

John Ysursa, Kate Camino eta Lisa Corcostegui (argazkiak EuskalKultura.com)

E-postaz harpidetu albisteetara

Erlazionatutako elementuak


bisita