Hemen zaude: Hasiera Albisteak Olentzero Mari Domingi lankide aritu zen Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeko Urte Amaiera Jaian

Olentzero Mari Domingi lankide aritu zen Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeko Urte Amaiera Jaian

Argentinako hainbat euskal etxe bisitatu ditu ikazkin mitologikoak 2012ko bere ibilbidean. Bisitaldi bakoitzean, pozez bete ditu erakundeetako txikiak eta hain txikiak ez direnak ere. Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxera, gainera, nobedade batekin iritsi zen. Instituzioko Kultu Azpibatzordeak antolatutako urte amaierako jaian Olentzerorekin batera etorri zen Mari Domingik ere hartu zuen parte oparien banaketan. Mari Domingi, izen bereko euskal gabon kanta ezaguneko protagonista da eta azken urteotan Euskal Herriko leku batzuetan finkatu den ekinbidean, Olentzeroren lankide agertzen da opari-banaketa lanean. Bi pertsonaia hauen eskutik, ‘agur’ esan zioten badoan urteari Iparraldeko Euskal Etxeko kideek, gabon giroa gailendu zen topaketa batean.

Buenos Aires, Argentina. Urteko egitarauaren azken ekintza publiko esanguratsua burutu zuten Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeko arduradunek abenduaren 8an. Olentzero Pesta Moreno kaleko egoitzako kintxoan burutu zen eta urtero bezala, lagun anitz bildu zituen.

IEE urte amaierako jaia 2012 01
[Jaiarekin hasteko, ardo, kalimotxo eta garagardo batzuk partekatu zituzten antolatzaile eta gonbidatuek. “Freskagarri batzuk ere eskaini genituen izpiritu ‘ahula’ dutenentzat”, azaldu dio txantxa artean irribarretsu Norma Rios-ek EuskalKultura.com-i (argazkiaIEE)]
 

Afalostean eta Euskal Herriko ikazkinaren etorrerarekin bat eginez, ustekabe bat zeukaten prestatuta anfitrioiek. Carlos Martinez etxeko Olentzerok bere lankidea aurkeztu zion bildutako jendeari. Mari Domingi (Rosa Isabel Misciagna-k antzeztua) lagundu zion opariak egiten eta ‘errieta bota zion mutilari etxeko lanak ez egiteagatik’, bertan azaldu zutenez. Mari Domingi, izen-bereko euskal gabon kanta ezagunaren proptagonista da eta, azken urteotan Euskal Herriko hainbat lekuetan gailentzen ari den ekinbidearen arabera, Olentzerorekin batera haurren artean opari-emate lanaren ardura hartzen duen emazte-figura da, askotan Ertaroko euskal jantzi herrikoiez dotore beztitua.

IEE urte amaierako jaia 2012 02

[Olentzerok eta Mari Domingik Gobonetako izpiritua ekarri zuten Moreno kaleko etxera (argazkiaIEE)]

Taularatzeaz gain, Emilio de Candidok kontatu zien gonbidatuei bi pertsonaia hauen istorioa eta zeregina euskal Eguberrietan. Antzezlana bukatutakoan, opariak banatu zituen Olentzerok betiko tradizioari jarraituz: gozokiak zintzo portatu zirenentzat eta ikatza gaizto edo kixkun-kaxkun jardundakoentzat.

IEE urte amaierako jaia 2012 02b

[Guztiek gehien espero zuten momentua: Olentzero gozokiak eta ikatza banatu zituen publikoaren artean (argazkiaIEE)]

Jaiarekin segitzeko, Juan Carlos Ibarrolak egindako eskulanak zozketatu ziren eta horren ondoren Cristina Cordararen zuzendaritzapean euskal errepertorioko zenbait kantu interpretatu ziren.

IEE urte amaierako jaia 2012 03

[Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Batzordeko zenbait kide: Juan Carlos Ibarrola, Carlos Bordagaray, Norma Rios, Carlos Martinez eta Cristina Cordara (argazkiaIEE)]

 ‘Hator Hator’ abestia kantatu eta gero, bildutako guztiek euren kopak altxatu zituzten topa egiteko. Jaia euskal dantza eta erromeri giro nabariko aire eta alegrantziaz bukatu zen Moreno kale buenosairestarreko euskal etxearen trinketean.

 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita