Hemen zaude: Hasiera Albisteak Olentzeroren bisita eta agiantza onenekin Rosarioko Zazpirak Bat-en azken agurra Mendeurren urteari

Olentzeroren bisita eta agiantza onenekin Rosarioko Zazpirak Bat-en azken agurra Mendeurren urteari

Luzaz gogoratuko duten urteari eman zioten ‘azken agurra’ Zazpirak Bat Euskal Etxeko lagunek, elkarteak hori ospatzeko aurreratutako festa ikusgarrian. Ospakizuna erabat arrakastatsua suertatu zen eta antolatzaileen esanetan “jai aretoa gainezka zegoen; azken ospakizunetan bezala, lekua txikiegia geratu zitzaigun”. Olentzerok ere ez zuen jai hau galdu nahi izan eta afalostean, opariz betetako poltsa eskuan, agertu zen guztien poztasunerako. Topa egiteko momentuan, erakundeko lehendakari Enrique Otañok kopa altxa eta 2013an, aurten bezala, lan egiten jarraitzera animatu zituen bertaratutako guztiak.

Rosario, Argentina. Urte berezia izan da aurtengoa Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxea osatzen dutenentzat. Izan ere, 2012an zehar, ospatzeko arrazoi ugari izan dituzte Rosarioko euskaldunek: Argentinako banderaren bigarren mendeurrena, euskal etxearen ehungarren urtebetetzea, eta euskal astea, batzuk aipatzearren.

Eta erritmo biziko urtea erritmo biziarekin iritsi zen bukaerara. Izan ere, lagun mordo bat bildu zen joan den abenduaren 15ean etxeko aretoan urte amaiera ospatzeko. Nobedade bat ere izan zuen festak. Antolatzeko ardura, txikien gurasoen esku egon zen eta gonbidatuek adierazi dutenaren arabera, “ondo baino hobeto bete zituzten euren betebeharrak. Apaingarriak, menua zein jai giroa, dena bikain egon zen”.

Argentinako bere ibilbidean, eta Gabonak iragarriz,Olentzero maitagarriak Rosarioko Zazpirak Bat-en ere egin zuen geldialdia. Bertan opariak banatu zituen umeen artean eta behin opariak eskuratuta Rosarioko euskaldunekin geratu zen festaz gozatzera.

Topa egiteko momentuan, Enrique Otaño lehendakariak bere kopa altxatu zuen eta hitz batzuk zuzendu zizkien bildutako guztiei. Urtean zehar egindako lanaren arrakasta eta kide guztien lan eta ahaleginak azpimarratu zituen. Horrez gain, zorion agurrak luzatu zizkien euskal etxeko lagun guztiei eta animatu zituen datorren urtean euskal etxearen alde lan egiten jarraitzera. Jai giroa, musika eta dantzak ordu txikiak arte luzatu ziren, Rosarioko ehun urteko Zazpirak Bat Euskal Etxean.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita