Hemen zaude: Hasiera Albisteak Olentzeroren bisita jaso berri duela, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Udaleku 2013ri ekiteko prest

Olentzeroren bisita jaso berri duela, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Udaleku 2013ri ekiteko prest

2012/12/31

Urtero bezala, Olentzerok Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea bisitatu du. Gabonetan zehar hainbat ekitaldi ospatu dituzte Euskal Etxean. Orain, 2013ko Udalekuari hasiera emateko garaia heldu da: Urtarrilaren 4tik 8ra, Maipú, Chivilcoy, Arrecifes, Mar del Plata, Corpus (Misiones) eta Chascomús bertako euskal etxeetako gaztetxoek hainbat kirol eta aisialdiko jarduera egingo dituzte euskal kulturaren inguruan. Aurtengo parte-hartzea aurreko udalekuena baino handiagoa izan da, 11 eta 15 urte bitarteko 50 gaztetxok parte hartuko baitute.

Chascomus, Argentina. Dantzak, herri kirolak, pilota, gastronomia, mitologia, integrazio eta ezagutza jolasak, talde-jolasak, musika eta kantak, euskara... 2013 Udalekua jarduerez gainezka dator. Gipuzkoatik helduta, Eziko Udalekuak-eko 3 monitorek eta Chascomús bertako beste bostek zainduko eta gidatuko dituzte gaztetxoak eta haiek koordinatuko dituzte gehienbat Euskal Etxean, Gouaillard plazan, Pilota Klubean eta Los Libres del Sur parkean egingo diren jardueretan.

Zingirako Euskaldunak euskal etxeak esker bereziak nahi dizkio eman Gipuzkoako Foru Aldundiari azken lau urteotan emandako babesagatik.

Olentzero

Bestalde, abenduaren 22an 19:30etatik aurrera, Euskal Etxearen egoitzan txikiak, gurasoak eta aiton-amonak bildu ziren Olentzeroren kondaira entzuteko eta hari harrera egiteko. Olentzero iristean, txikiek eta irakasleek urtean zehar egindakoaren bideoa erakutsi zioten eta harentzako propio prestatutako marrazkiak eman zizkioten.

Olentzerorekin dantza eta jolas egin zuten, eta ikazkinak gozokiak eman zizkien haurrei. Amaieran, bildutakoek urteari agur esateko brindisa egin zuten.

Olentzero Chascomuseko Euskal Etxean

[Chascomúseko Euskal Etxeko haurrak Olentzerorekin]

Abenduaren 23an, bestetik, Euskal Etxeak, Chascomúseko beste gizatalde-elkarteekin batera, agintari eta erreginen bidez parte hartu zuen Nuestra Señora de la Merced Katedral Elizak antolatutako jaiotza bizidunean. Eskaintza eta oparien bidez egin zuen, jakiz beteriko saskiekin eta elkarte bakoitzaren Gabonetako tradizioaren bereizgarri diren beste opariekin.

Belén

Chascomús

[Jaiotza biziduna eta eskaintza]

Horrekin batera, Euskal Etxea "Chascomús Bicentenario" antzerki lanean nabarmendu dute abenduaren 27an Escuela Normal Superior-en izandako ekitaldian. Antzerki lana Chascomúseko Instuto de Formación Docente Nº 98 institutuko ikasleek eta Carolina Franciosi eta Ana María Marchetti irakasleek egin dute.

Egindako ikerketa lanean hainbat inkesta egin dituzte eta horietan, chascomustarrentzako elkarterik adierazgarriena Euskal Elkartea dela ondorioztatu dute. Zorionak Zingirako Euskaldunak-i eta Chascomuseko euskaldunei argi baitago lan onetsi eta ezaguna ari direla egiten!

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita