Hemen zaude: Hasiera Albisteak Pierra Lako, Euskal Argentina elkartea eta Iparralde-Argentina harremanak, Norma Riosen aburuz

Pierra Lako, Euskal Argentina elkartea eta Iparralde-Argentina harremanak, Norma Riosen aburuz

2013/01/02

Norma Riosek artikulu hau sinatzen du Euskal Argentinaz, aurten elkarte honen orain arteko lehendakari Pierra Lakok lekukoa Monika Legartori pasa diola-eta. Pierra 1990etan bidaiatu zen Argentinara lehen aldikoz, hara joana zen osabaren arrastoaren gibeletik. Arrakasta ukan eta kusiak eta bere familia argentinarra ezagutu zuen Pierrak. Horrek egoera berean dauden jendeei laguntzeko Euskal Argentina sorrera eragingo zuen. Elkarte honek Ipar Euskal Herriaren eta Argentinaren arteko harremanak sustatu ditu, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxea ere lankide. Hori guztia hartzen du hizpide CVFko idazkari den eta bera ere langintza horretan laguntzaile den Norma Rios emazte atxiki euskal-argentinarrak.

Norma Ríos, Buenos Aires. Azken urteetan ohikoa bihurtu da Iparraldeko lagunak ikustea Argentinako Euskal Asteetan. Horrela izan da ere azken edizioan, Rosarion, Santa Fe probintzian. Orduan euskaldun taldea aurrena Montevideora heldu zen, urriaren 21ean, eta 26ean abiatu ziren Rosario aldera, Euskal Asteko azken hiru egunetan parte hartzeko. Ondotik, Buenos Airesera joan ziren bidaiariak eta handik lau haizetara sakabanatu ziren: batzuk turismoa egitera eta beste zenbait senitartekoen bila. Horien artean hainbatek lehen aldiz ezagutu zituen aurrez aurre Argentinako ahaideak.

Ipar Euskal Herrian egoitza duen Euskal Argentina elkarteko kideak dira bidaia honetako protagonistak eta urtero egiten dute txango hau, elkartearen eta Argentinako euskaldunen arteko zubiak eraikitzen jarraitzeko asmoz. Elkarteak Nafarroa Behereko Izuran du egoitza, eta Argentinako eta Uruguaiko euskaldunen artean elkartekideen senitartekoak topatzea du helburu nagusia.

1997az geroztik

Euskal Argentina 1997an sortu zen, Pierra Lako --gero elkarteko presidente izango zena-- Argentinara heldu zenean, bere osabaren eta aitaren lorratzei jarraiki. Lakoren aita Argentinan bizi izan zen gaztetan, Buenos Aireseko Rawson herrian, harik eta Euskal Herrira itzuli zen arte, ezkondu eta bertan familia sortzeko. Ahaideen bila, Pierrak osabaren semea, Ricardo Lako lehengusua eta argentinar sendi zabala aurkitu zituen. Poza hain izan zen handia, handik aurrera egoera berean zeuden Iparraldeko beste lagunei ere familia bilatzen laguntzea erabaki zuela. Horrela sortu zen Euskal Argentina.

Iparraldeko Euskal Etxea Pierra Laco (1)

[Elkar ezagutu zutenetik, Ricardo (ezker) eta Pierra Lako (eskuin) lehengusuak ia urtero biltzen dira Argentinan (argazkia Norma Rios)]

Harrez geroz, ia urtero bueltatzen da Pierra, Euskal Argentinako hamarnaka lagunen gidari, sendia eta bereziki Ricardo lehengusua ikustera. Ricardo gizon oso gogotsua da eta 85 urterekin idatzi zuen bere lehen liburua: "Dios, Naturaleza, Sistema, Hombre". Bertan maitasunez aipatzen du bere aitaren sorterria, Nafarroa Behereko Jutsi. 

Ricardok festa handi bat antolatzen du beti Pierra agurtzekoi, eta 50 lagundik gora bildu izan ditu mahaiaren inguruan, argentinar erreki tipikoaz gozatuz. Argentinan bizi da ere Leonie bere ezkonarreba, baxenafartarra bere ere, Mendibekoa, gaztetan Argentinara etorri eta familia bertan sortu eta hazi duena.

Elkartze gehiago

Elkarteko diruzain Beñat Minondo lagunarekin batera, Pierrak urtero lortzen du familia gehiago biltzea. Horrela gertatu da Patxika Alfaro, Beñat Chaubadindeguy, Arnaud Mandagaran eta beste askoren kasuan. Eurekin batera, elkartearen bitartez urte hauetan lagun asko egin ditugu: Kepa Etchandy argazkilari baionarra, Herria aldizkariko zuzendari Emile Larre, Alexander eta Bernadette Bordagarai kantariak...

Iparraldeko Euskal Etxea Pierra Laco (4)

[Beñat Minondo, Ricardo Lakoren iloba eta semea, Pierra, Ricardo eta Jean Lako, beste lehengusu bat (argazkia IparraldekoEE)]

Bereziki azpimarratu nahi dut Pierra Lakok Argentinari dion maitasuna, izan ere, bertan bizi baita bere sendiaren eta lagunen parte oso kutun bat. Hori dela eta, 1998an Mar del Platako Euskal Asteko itxiera ekitaldian, Argentinako euskaldun andana baten aurrean, Pierrak bertso eder batzuk bota zituen, euskaraz, gure herrialdeari eskainiak. 

Iparraldeko Euskal Etxea Pierra Laco (5)

[Mar del Platan ezagutu zuen lehen aldiz Pierrak Argentinako Euskal Aste Nazionalen giroa eta emozioa. Irudian, Emile Larre, Betty eta Alberto Ospital , Mariana Fernandez Castelli, Norma Rios eta beste zenbait lagun]

Erreleboa Euskal Argentinan

Aurten Pierra lasaiago itzuli da Argentinara, elkartearen zuzendaritzaren lekukoa Monika Legartok hartu diolako. Legarto senitartekoak Argentinan aurkitu dituen beste euskaldun bat da, eta Pierrak bezala, ederki ezagutzen du immigrazioaren mundua eta Iparraldeko milaka emigrantek bizi izan dituzten istorioak, beti antzekoak eta beti desberdinak. Bere ere Argentinan izan da hainbat alditan eta gure herrialdeko euskal gizataldeekin harreman gero eta sakonagoa du.

Iparraldeko Euskal Etxea Pierra Laco (2)

[Monika Legarto, Euskal Argentina elkartearen presidente berria eta Pierra Lako, elkartearen sortzaile eta sustatzailea (argazkia IparraldekoEE)]

Asko eta asko dira urte hauetan zehar guregana heldu diren pertsonak, denak ilusio eta amets askorekin, batzuek senitartekoen helbide eta datu zehatzekin, eta beste zenbait abiapuntu bezala dokumentu bakarra baino ez zutela. Asko pozarren itzuli dira Euskal Herrira, itsasoaz bestalde familiaren zati bat aurkitu dutelako; beste batzuk, aldiz, atsekabez, etxera sekula itzuli ez zen senitarteko haren edo bere ondorengoen berririk topa ezinik. 

Pozez hartu ditugu denak gurean, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean. Abegitsu harrera egiten saiatu gara, gure gonbidatuak izan dira, elkarrekin afaldu dugu eta une ederrak bizi izan ditugu. Bisitari hauetako askorekin harreman estua mantentzen dugu eta urteetan zehar adiskidetasun zintzoa sortu da. 

Iparraldeko Euskal Etxea Pierra Laco (3)

[Pierra eta Monika Iparraldeko Euskal Etxeko lagunekin, Frantxua Juanikotena bankarra ere kantari. Juan Carlos Ibarrola, Agustin Errotabehere gibelean eta Norma Rios aitzinean, besteak beste (argazkia IparraldekoEE)]

Horrela berritzen dira urtero Argentinaren eta Iparraldearen arteko harremanak, urrian Euskal Argentinak gure euskal etxera egiten duen bisitarekin. Horregatik urtero gogotsu izaten gara euren zain, euren ametsak, ilusioak eta kezkak elkarrekin bizitzeko prest, eta urtero gure euskal etxea enbaxada txiki bat bihurtzen da, itsasoz bestalde Iparraldeko euskaldunak etxean bezala hartzeko.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Pierra Lako, Euskal Argentina elkartea eta Iparralde-Argentina harremanak, Norma Riosen aburuz

Pierra Lako eta Beñat Minondo Iparraldeko Euskal Etxean, argentinar elkarteko lagunekin, euretako bat iritzi artikulu honen egile den Norma Rios EEko idazkariarekin (argazkia IparraldekoEE)

E-postaz harpidetu albisteetara

bisita