ALDAHITZ: Euskara ikasi dutenen hizkuntza-ohitura aldaketak lan munduan

Aldahitz

Aldahitz proiektua izaera aplikatua duen ikerketa da, lan munduan kokatua, eta tipologia jakin bateko langileen kasuak aztertu dituena: heldu zirela euskara ikasi eta lankideekin euskaraz egiterainoko ohitura finkatu duten langileena, hain zuzen.

Ikerketa modu kualitatiboan egin da eta bi arreta-gune nagusi izan ditu: bata langile horiek lankideekin harremaneko hizkuntzan gaztelaniatik euskarara egin dituzten ohitura-aldaketa prozesuak ikertzea, eta bestea, horrekin batera, langile horiek euskara ikasteko nolako prozesuak jarraitu dituzten aztertzea.

Soziolinguistika Klusterrak proiektu hau helduen euskalduntzean zein lan munduko euskara planetan ezagutza zabala duten erakundeekin lankidetzan garatu du: AEK-Ahize, Elhuyar Aholkularitza, Emun Koop. E., Hernaniko Udala eta Eusko Jaurlaritzako HPS; eta Pello Jauregi irakaslea (EHU) izan da zuzendaria.

Ikerketa hau hizkuntza ohituren aldaketaren fenomeno konplexu eta zabalean kokatzen da eta neurri batean jarraipena ematen dio Klusterrak aldaketa prozesu horiei buruz beste azterlan batekin hasitako bideari (Bikoteen artean hizkuntza-ohituren aldaketa. Ikerketa-lana. 2009).

Aldahitz proiektua 2010 eta 2011. urteetan zehar garatu da, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuodertzaren finantziazioarekin.

pdf

Aldahitz (2011). ONDORIOEN SINTESIA txostena (10 orr.)

 

pdf

Aldahitz (2011). ONDORIO NAGUSIEN txostena (56 orr.)

 

Bideoa

Aldahitz: Pello Jauregi eta Pablo Suberbiolarekin elkarrizketa (LanTaLan bloga)

 

Aldahitz taldea