2013/01/30 00:21
2013
Urtarrila
29
 Euskalerria irratiari ez dio lizentziarik eman Nafarroako Gobernuak
Europako Batzordeak joan den urrian zioenez, Hizkuntza Gutxituen Ituna urratzen du Nafarroako Gobernuak, besteak beste Euskalerria irratiari lizentziarik ez emanda. Hala, Nafarroan euskarazko irrati bat bermatzeko eskatu zion Europak. Baina Nafarroako Gobernuak berriro muzin egin dio eskaera orori, eta ez dio lizentziarik eman Iruñerriko euskarazko Euskalerria irratiari, Edurne Elio exekutiboko komunikazio arduradunak gaur jakinarazi duenez.
 
Ser eta Cope Espainiako irratiei jarduera baimena eman die Nafarroako Gobernuak.
 
Europako estatu kideek Hizkuntza Gutxituen Itunaren konpromisoak betetzen dituzten aztertzen du Europako Batzordeak aldian-aldian. Espainiako Gobernuak 1992an sinatu eta 2001ean berretsi zuen itun hori.
 
Euskalerria Irratiak 25 urte bete berri ditu, eta sekula ez du izan lizentziarik. Epaileek foru gobernuaren jokaera salatu izan dute, baina auzibidea ez da amaitu oraindik.
 
"Iruñerriko beste edozein irratik baino tokiko programazio gehiago eskaintzen dugu: astean, 40 ordu baino gehiago", dio irratiak. CIESen arabera, zortzi mila entzule ditu egunero. "Bazkideek, kolaboratzaileek, iragarleek, entzuleek emititzeko zilegitasuna ematen digute, Nafarroako Gobernuak behin eta berriz ukatu digun arren".
 
Bazkide kanpainarekin segitzen du hedabideak. Ia mila dauzka.
Berria / 2013 / Urtarrila / 29
+ info