2013/01/30 00:22

Sarea

Gizarte

Txepetxek 1970ean zioen euskararen atzerapenak ez zuela itzulerarik izango Iruritan (Zaldi Ero)
Galdua zirudiena nola berreskuratu duten Iruritan

 

Iruritako egoera aztertu du Paula Kasares soziolinguistak, euskarak Baztango herrian egin duen bidea, karrikan galtzera joatetik biziberritzera. Horretarako, gurean ezohiko ikuspegia baliatu du, hizkuntz sozializazioa.
 
Iruritako (Baztan, Nafarroa) kasua aztertzera datorren artikulua ondu zuen 2011n Paula Kasares ikertzaileak Euskararen belaunez belauneko jarraipena hizkuntza sozializazioaren paradigmatik izenburupean. Idazlanak Euskal Soziolinguistika Saria jaso zuen eta han eta hemen hizpide izan dira Kasaresek lan hartan jaulki zituenak.
 
Hizkuntza ordezkatzeko prozesuak itzulerarik gabea zela ematen zuen Iruritan, baina joan den 40 urtean bertako neskatiko-mutikoak euskaldun hazi dira. Ikertzaileak, beraz, haur horiek euskaldun haz daitezen gertatu den aldaketa aztertu du, gurean ezohiko den ikuspegi teorikoa baliatuz, erran nahi baita, hizkuntzaren sozializazioa, orain arteko transmisio eredua –hots, familia bidezkoa–, gainditzen duena. Kasaresek esango duenez, “hizkuntza sozializazioa prozesu holistikoa da, familiara mugatzen ez dena; dinamikoa eta baldintza soziohistorikoei lotua, ez mekanikoa; elkarreragilea, ez norabide bakarrekoa; malgua eta denboran aldakorra, ez monolitikoa”.
 
Dakigunez, egun, hainbat hiztun komunitatek arazo larria du belaunez belauneko hizkuntza jarraipena ziurtatzea eta, inondik ere, euskarak ere horixe du erronka. Eta, orduan, zer gertatu da Iruritan, duela 40 urte beste ikertzaile batek, Sánchez Carrión Txepetxek aurreikusi zuena gauzatu ez dadin? Eta zioen Txepetxek: “30 urtetik gorako bizilagunek oraindik badakite euskaraz, baina gehiago erabiltzen dute gaztelania.
 
Gazteagoetan, baten batek ulertuko du, baina ez dira euskaraz mintzo. Etxean haurrei ez diete erakusten. Badira euskaldun huts direnak, oso adin handikoak…”. Eta ondoko iruritarren artean atzerapenak ez zuela itzulerarik izango zioen. Kasaresen ikerketak bestelako errealitate bat erakutsi du: “40 urteren buruan, aldiz, euskararen bilakaera ez da joan Txepetxek iragarri zuen galbidetik... Txepetxek Iruritako familiek haurrei euskaraz egiten ez zietela ikusi eta euskararen desagerpena iragarri zuen. Hark atzemandako hizkuntza egoerak mintzaira ordezkapena gertatzen ari zela pentsatzeko bide ematen zuten alderdi anitz zeuden: hizkuntza erabilera sozialean gaztelaniak ordura artio euskarak zuen lekua hartu izana –karrikan ez ezik, baita etxeetan ere–, gazteen artean euskara ez erabiltzea, gaztelaniak egoera formaletako eta prestigiodunetako komunikazio funtzioak hartuak izatea eta euskaraz egiten zuten hiztunak gutxiestea ohikoa izatea...“Eta, batik bat, guraso elebidunek seme-alabei euskaraz ez egitea”. Horrexek esanarazi bide zion Txepetxi Iruritako euskara ordezkapen prozesuaren azken urratsetan zegoela. Alabaina, eta hemen da errealitatea, lau hamarkada igaro direnean, euskara bizirik da Iruritan, Kasaresek erakutsi duenez: “Euskaraz, gutxi-asko, aditzen da herrian, euskaraz egiten ohi diete gurasoek haurrei eta euskaraz aritzen dira neska-mutikoak beren artean jostetan”. Joan den 40 urtean euskararen egoera moldatu duten aldaketa handiak gertatu direla aitortuagatik ere –horra hizkuntzaren estatusa, horra euskarazko irakaskuntza–, baina horiekin batera, eta Kasaresi interesgarrien zaiona, “iruritarren belaunaldi bat izan da deliberatu duena bere seme-alabak euskaraz haztea, nahiz eta mintzaira hori guraso horien gehienen lehen hizkuntza ez izan”.
 
“1945 inguruan karrikan hazitako haurretan, hamarretik lauk euskaraz ikasi zuen etxean. 1970 aldera sortutakoetan hamarretik batek edo bik baino ez” Paula Kasares
“70eko eta 80ko belaunaldi hura guraso egin delarik, seme-alabekin mintzatzeko bere lehen hizkuntza –gaztelania– ez baina bigarrena hautatu du, euskara” Paula Kasares
Euskara eskolan sartzeak berebiziko ondorioak izan ditu hizkuntzaren erabilera ohituretan, eskolan, familian eta karrikan
 
Belaunez belauneko jarraipena, oinarri
Orain artean nagusitu diren teoria eta usteen arabera, eta euskararen historia soziolinguistikoan askotan nabarmendu den ideia hona aldatuz, hizkuntz komunitateak hautatzen eta erabakitzen duelako hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipena. Hiztunen hautua da, beraz. Hizkuntza atxikitzea edo galtzea, ikuspegi soziologikotik eta antropologikotik aztertu izan da, gehienbat. Oro har, familia bidezko transmisio informala, eta irakaskuntza bidezko formala aztertu izan dira. Berrikiago, dena den, euskararen transmisioa eta jarraipena aztertzeko paradigma berria hasi da garatzen gurean, emozioen garrantzia nabarmenduz, adibidez, “giza taldeetako kideen arteko harreman gozoen eremuan sortu zen hizkuntza, eta horri atxikirik darraio egun, milioika urte geroago”.
 
Baztango 15 herrietako bat da Irurita, Elizondorekin batera XX. mendean euskararen gizarte galerarik handiena izan duena, Kasaresen esanetan. Ikertzaileak familia hartu du azterketa unitatetzat, eta bi irizpide jarraitu. Batetik, 12 urte bitarteko seme-alabaren bat duten gurasoak hartu ditu, eta bestetik, familiako kideen hizkuntza gaitasuna hartu du kontuan. Hamar familiako lagina baliatu du: bi familia euskaldun bete (belaunaldi guztietan kide euskaldunez osatuak) eta zortzi familia euskaldun ez oso (belaunaldi ezberdinetan kide euskaldunez eta erdaldunez osatuak).
 
 
Irurita, karrika eta borda
 
Hizkuntza elkarbizitza zinez heterogeneoa du Kasaresek Iruritakoa. Familia euskaldun beteak, urri karrikan, nagusi dira bordan, belaunez belauneko jarraipenak etenik izan ez duelarik. Familia euskaldun ez osoak, gehienak karrikan, haurretan euskara ikastera heldu ez ziren gurasodunak dira. Familia euskaldun berriturik bat ere Iruritan denik ez du ezagutu Kasaresek.
 
Espainiako Gerra zibilaren osteko giroak euskararen gibeleratze handia ekarri zuen Euskal Herrira. Isekak eta burlak ere ez ziren eskas. Beste hainbat lekutan bezala, Iruritako herrian euskara baserriari lotu zitzaion, euskaraz mintzo zena bordari zen Baztanen. Eta, hain zuzen, bordari haiei esker eutsi zion euskarak Iruritan. “Baserrietako iruritarrek, horietako anitz euskaldun hutsak zirenek, euskara eramaten zuten karrikara eta horrela herriaren erabateko erdalduntzea galarazi zuten, tarteka herrikoei euskaraz eginarazten baitzieten”. Alabaina, euskara bereizketa seinale eta gutxiespen bide bihurtu zen. “Euskaragatik izandako bizipen mingarri horiek beren ondorioak izan dituzte subjektuen ondoko hizkuntza hautuetan. Erdara ez ongi jakiteagatik mespretxua jasan zutenek kosta ahala kosta seme-alabek erdara ikastea ziurtatu nahi zuten eta horretarako erdara hutsezko eskola hautatu zuten, beren umeak gutxiespenetik babestearren”. Herriko iruritarren eta bordakoen arteko bereizketa egun guraso diren belaunaldiraino iritsi da, nahiz eta bereizketa gainditua den orain. “Oraingo iruritar gazteendako euskara/erdara ez da herritarren elkarbizitza bereizten duen dikotomia”.
 
 
Etena
 
Kasaresek osatutako glotohistoriek erakutsi dutenez, 1945 inguruan karrikan hazitako haurretan, hamarretik lauk euskaraz ikasi zuen etxean. Aldiz, 1970 aldera sortutakoetan, hamarretik batek edo bik baino ez. “Oraingo aitatxi-amatxik beren seme-alabekin (oraingo haurren gurasoekin) nola jokatu zuten aztertuta ikusi dut herrigunean bizi zirenek ez ohi zietela beren umeei euskara egin, nahiz eta aita-amak euskaldunak izan. Guraso bakarra euskalduna zen kasuetan, batean ere ez zuten seme-alabek euskara etxean ikasi”. Hau da, Txepetxek 1970eko hamarkadan esan zuena: “Umeei ez zaie erakusten etxean”.
 
Oraingo haurren gurasoak Iruritako karrikan hazi ziren 70eko eta 80ko hamarkadetan, erabat giro erdaldunean. Berriemaileek ikertzaileari esana da: “Ez zen euskaraz solasten, ez etxean, ez kanpoan, ez eskoletan, ez inon”.
 
Edukiak partekatu