Edurne Pasaban

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Edurne Pasaban
Edurne Pasaban
Edurne Pasabanen irudia, 2009ko maiatzaren 20a
Datu pertsonalak
Izen osoa Edurne Pasaban Lizarribar
Jaio 1973ko abuztuaren 1a
(39 urte)
Euskal Herria Tolosa, Gipuzkoa (Euskal Herria)
Webgunea www.edurnepasaban.net http://www.edurnepasaban.net/ www.edurnepasaban.net

Edurne Pasaban Lizarribar (Tolosa, Gipuzkoa, 1973ko Abuztuaren 1a - ) alpinista gipuzkoarra da, munduko hamalau zortzimilakoak igo dituen lehen emakumea. Hasiera batean Oh Eun-Sunren atzetik bazegoen ere azken honek Kangchenjunga ez zuela igo esan zuen Hego Koreako federazioak. Hori dela eta Edurne Pasaban izendatu zuten 14 zortzimilakoak igotzen lehenengo emakumea.[1]

2008ko urriaren 5ean, Manaslu igo zuen, bere hamaikagarren zortzimilakoa (14 dira denera) eta Gerlinde Kaltenbrunner austriarra eta Nives Meroi italiarra berdindu zituen.

2009ko maiatzaren 18an Kangchenjungara igo zen, Juanito Oiarzabal eta Kinga Baranowska poloniarra ere berarekin zirelarik. 12 zortzimilako egin dituen lehen emakumea izan zen une hartan. Oh Eun-Sunek 3 egun lehenago egin zuen mendi hura, baina bere 10. zortzimilakoa zuen. Gerlinde Kaltenbrunnerrek, berriz, 2 egun barru berdindu zuen Pasaban, Lhotse igo zuenean. Nives Meroi ere bere 11.aren bila zebilen Kangchenjungan, baina uko egin behar izan zion, bere senarra, Romano Benet eskalatzailea, gaixotu zelako. Badirudi italiarrak, oraingoz, igoerekin jarraitzeko asmoak alboratuta dituela.

Edurneren babesle nagusia Televisión Española (TVE) da eta Al filo de lo imposible programak bere azken 8 igoeratan lagundu dio. 2011. urtean Euskal Herria eta euskaldunak munduan zehar egoki ordezkatzearen ondorioz Euskal Herritar Unibertsala Saria bereganatu zuen.

Eduki-taula

[aldatu] Biografia

Ingeniaritza Tekniko Industriala ikasi zuen Donostian eta gero master bat egin zuen Bartzelonako ESADEn (Escuela Superior de Administración y Dirección de Empresas).

Ikasketak bukatu eta, 4 urtez, etxeko enpresan aritu zen lanean, makinak ekoizten zituzten lantegian, aldi berean, Lazkaoko Kemenek planifikatutako entrenamenduak burutzen zituelarik.

Gaur egun, Bartzelonan bizi da, eta hitzaldiak eman ohi ditu ESADEn. Entrenatzaile izateko ahaleginetan ari da eta berak 3 edo 4 bat ordu entrenatzen ditu egunero San Cugateko Errendimendu Goreneko Zentroan.

Horretaz gain, Zizurkilen (Gipuzkoa) dagoen Abeletxe izeneko landa turismoko etxe-jatetxearen jabe ere bada.

[aldatu] Hasiera alpinismoan

Bere zaletasuna eta interesa mendiarekiko oso goiz hasi zen eta familiak lagundu zion horretan. 14 urterekin, Tolosako mendi elkartearekin hasi zen arroka eskalatzen eta, pixkanaka, alpinismoan sartzen joan zen, Pirinioak, Alpeak, Andeak, Himalaia...

1989an, 16 urte besterik ez zituen eta Alpeetara joan zen lehenengoz. Mont Blanc (4.810 metro), Cervino (4.478 metro) edo Monte Rosa (4.614 metro) egin zituen.

Hurrengo urtean, Chimborazo sumendia egin zuen, 6.310 metroko tontorra.

1994an, 21 urteko neska, berriro zen Ekuadorren eta Chimborazori (6.310 metro), Cotopaxi (5.897 metro), Tungurahua (5.016 metro) eta Guagua Pichincha (4.971 metro) erantsi zizkion.

1996an, Peruko Mendilerro Zurira joan zen eta Nevado Ishinca (5.530 metro) eta Urús (5.495 metro) egin zituen beste batzuren artean.

1998an, Himalaiara joan zen lehen aldiz. Tolosako mendi elkartearekin joan zen eta bere lehen zortzimilakoa, Dhaulagiri (8.167 metro), egiten saiatu zen. Alferrik, ordea, 272 metro bakarrik falta zirenean, amore eman behar izan zuen zegoen elur pilagatik. 10 urte geroago lortuko zuen helburu hura, 2008ko maiatzaren 1ean.

[aldatu] Zerutik gertu

Behin baino gehiagotan saiatu zen Everestera igotzen. 1999an eta 2000n, eguraldiak zapuztu zizkion ametsak, eta asmoak bertan behera utzi beharrean izan zen. Mallory bidea hartu zuen eta oxigeno artifizialik gabe joan zen. 2000koan, Mondinelli eta Merelli berarekin ziren.

Hirugarren saiakeran, 2001eko maiatzaren 23an, iritsi zen bila zebilen lehen zortzimilako horretara, Everest (8.848 metro). Oxigeno artifizialaren laguntza behar izan zuen eta Hegoaldeko Muinotik egin zuen. Silvio Mondinelli, Mario Merelli, Iván Vallejo eta Dawa II Sherpa izan ziren berarekin.

2001eko urrian, berriro saiatu zen Dhaulagirin (8.167 metro). Carlos Soria, Pepe Garcés, Silvio Mondinelli eta Mario Merellikin joan zen, baina ez zuen lortu. Iparraldeko lepotik egin zuten eta okerrena itzulera izan zen, Garcés irristatu eta amildu zenean. Hantxe hil zen mendigoizalea.

Ekipo bera saiatu zen 5 mendigoizale euskaldunen gorpuak erreskatatzen. Pumorin zeuden, Himalaian, baina utzi behar izan zuten luizi arrisku izugarria baitzegoen.

2002ko maiatzaren 16an, bigarren zortzimilakoa etorri zen, Makalu (8.465 metro). Silvio Mondinelli, Mario Merelli eta Carlos Paune joan ziren berarekin. Frantsesen bidetik igo ziren eta, kanpamendu basera iristear zeudenean, gerrillari maoista talde batek bahitu zituen, erreskatearen demandan.

Berriro ere saiatu zen Annapurnan, Hegoaldeko ormatik eta Mondinelli, Merelli, Pauner, Abele Blanc eta Kristian Kuntnerren laguntzaz, baina alferrikakoa izan zen bigarren hau ere.

2002ko urriaren 5ean, Cho Oyu (8.201 metro) egin zuen, Juanito Oiarzabal, Iván Vallejo eta Joxe Ramon Agirre ''Marron''. Zortzimilako gehien zituen emakumea zen Espainian.

2003a urte emankorra izan zen:

Azken bi hauetan, Al filo de lo imposible programako ekipoak lagundu zion lehen aldiz.

Oiarzabalekin batera programatu zuen hurrengo urterako helburua: K-2 (8.611 metro). Al filo de lo imposible programarako dokumentala ere grabatuko zuten. Edurneren zazpigarren zortzimilakoa zen eta Juanitoren hogeita batgarrena. Juan Vallejo eta Mikel Zabalzarekin lortu zuten 2004ko uztailaren 26an, Abruzzoseko Espoloitik barrena. Jaitsiera oso zaila izan zen eta Edurneri bi falange izoztu zitzaizkion oinetan. Juanitori, berriz, oinetako 10 hatzak galduko zituen. Zaragozako Ixtripu Mutuan (MAZ) egon behar izan zuten bi mendigoizaleak errekuperatzen.

Gaur egun, Edurne K-2 eskalatu duten eta bizirik dirauten 5 emakumeetako bat da, Nieves Meroi italiarra, Yuka Komatsu japoniarra, Oh, Eun-Sun korearra eta Cecilie Skog norvegiarrarekin batera. Iritsi zirenetako asko mendian hil dira, Wanda Rutkiewicz poloniarra bezala.

2005eko uztailaren 20an, berriz ere Himalaian zen eta Nanga Parbat (8.125 metro) igo zuen Josu Bereziartu, Marianne Chapuisat, Ester Sabadell eta Iván Vallejorekin. Hasiera batean, Broad Peak ere lortu nahi zuten, baina Nanga oso gogorra egin zitzaien eta eguraldi txarra zegoen iragarrita eta beste baterako utzi zuten.

Itzuli zenean, depresioan erori zen eta urte eta erdian abandonatuta izan zuen 14 zortzimilakoak egiten zituen lehen emakumea izateko ametsa.

Errekuperatu zen, ordea, eta 2007ko uztailaren 12an, bere bederatzigarren zortzimilakoa etorri zen: Broad Peak (8.047 metro). Ezin izan zuen Shisha Pangma (8.046 metro) lortu.

2008ko maiatzaren 1ean, Dhaulagiri (8.167 metro) igo zuen eta 2008ko urriaren 5ean, Manaslu (8.156 metro) batu zuen bere kontura, Alex Txikon, Asier Izagirre, Mikel Zabalza, Ester Sabadell (behatz batzuk izoztu zitzaizkion), Ferrán Latorre, Juanjo Garra eta Muktu (1998az gerozko Pasabanen espedizioetan ohiko laguntzailea zen hau) eta Pemba sherpak.

Shisha Pangma (8.046 metro) igotzeko aukera izan zuen, baina ez zuen oraingoan ere lortu, aldrebesko eguraldia zelako berriz ere. Edurneren 12. zortzimilakoa izan nahi zuena Britainiarren Bidetik igo nahi zuten, hegoaldetik, ifarraldeko aurreko saiakerek porrot egin zutelako.

2009ko martxoaren bukaeran, Edurne Nepalerantz atera zen Kangchenjunga igotzeko asmoz. Juanito Oiarzabal, Ferrán Latorre, Alex Txikon, Asier Izagirre, Jorge Egocheaga, Pasang Sherpa y Zangmu Sherpa joan ziren berarekin. Trakeobronkitisak harrapatu zuen Pasaban eta izugarri sufritu zuen jaitsieran. Latorre iritsi zen lehenengo maiatzaren 18ko 14:45 inguruan eta Oiarzabal, Pasaban, Izagirre eta Pasan bi ordu geroago igo ziren. Beranduegi arazorik gabe jaisteko. Txikonek atzera egin zuen gauak harrapatuko zituela konturatu zenean eta Egocheaga ere aurreko egunean jaitsi beharrean izan zen kanpamendura 7.700 metrotara zegoenean, bronkitisa zuela-eta.

Edurne izan zen tontor hura igo zuen 4. emakumea, Ginette Harrison ingelesa (1998), Gerlinde Kaltenbrunner austriarra (2006) eta Hego Koreako Oh, Eun-Sun (2009ko maiatzaren 7an lortu zuen bere 10. zortzimilakoa, eztabaida artean bada ere) zirelarik beste heroinak.

Ez zuen lortu Wanda Rutkiewicz poloniarrak, 1992an desagertu baitzen hego-mendebaldetik saiatu zenean mendi arriskutsu honen gailurra lortzen. Beste 40 mendigoizale ere erori ziren saiakera berean, gehienak maiz izaten diren elur-jausi ikaragarrien azpian.

Gailurra lortu ondoren, Kanpamendu-4an pasatu zuten gaua, 24 orduko lanaren atsedena. Hurrengo egunean, ekin zioten jaitsierari berriro eta Edurne indarrik gabe geratu zen. Lagunei eta Oriol Ribak emandako oxigenoari esker lortu zuen bizirautea. Berak eta Alex Txikonek izozteak jasan zituzten eta berriro MAZ klinikan ingresatu beharrean ikusi ziren.

2009ko udazkenean, Pasaban, Ferrán Latorre, Alex Txikon, Asier Izagirre, Pasang Sherpa eta Zangmu Sherparen laguntzaz, laugarren aldiz saiatu zen Shisha Pangma (8.046 metro) lortzen, berriro alferrik, eguraldia kontran zutelako. Erabaki berri zuten bertan behera uztea saiakera hura, Roberto Piantoni hil zenean, kanpamendua beraiekin partekatu zuten italiar mendigoizaleetako bat. Edurneren espedizioko kideak ere Piantoniren kideekin batera aritu ziren haren gorpua errekuperatzeko lanetan.

[aldatu] Igotako zortzimilakoak

Hauek dira Edurnek igo dituen zortzimilakoak (dauden guztiak):

  1. 2001eko maiatzaren 23a - Everest (8.848 m.), Txina/Nepal
  2. 2002ko maiatzaren 16a - Makalu (8.465 m.), Txina/Nepal
  3. 2002ko urriaren 5a - Cho Oyu (8.201 m.), Txina/Nepal
  4. 2003ko maiatzaren 26a - Lhotse (8.516 m.), Txina/Nepal
  5. 2003ko uztailaren 19a - Gasherbrum II (8.035 m.), Txina/Pakistan
  6. 2003ko uztailaren 26a - Gasherbrum I (8.068 m.), Txina/Pakistan
  7. 2004ko uztailaren 26a - K2 (8.611 m.), Txina/Pakistan
  8. 2005eko uztailaren 20a - Nanga Parbat (8.125 m.), Pakistan
  9. 2007ko uztailaren 12a - Broad Peak (8.047 m.), Txina/Pakistan
  10. 2008ko maiatzaren 1a - Dhaulagiri (8.167 m.), Nepal
  11. 2008ko urriaren 5a - Manaslu (8.156 m.), Nepal
  12. 2009ko maiatzaren 18a - Kangchenjunga (8.598 m.), India/Nepal
  13. 2010eko apirilaren 17a - Annapurna (8.091 m.), Nepal
  14. 2010eko maiatzaren 17a - Shisha Pangma (8.046 m.), Txina

[aldatu] Sariak

[aldatu] Erreferentziak

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Kanpo loturak