Hemen zaude: Hasiera Albisteak Rio Cuartoko Gure Ametza berriak hilero bidaltzeko harpidedunen bere datu basea eguneratzen ari da

Rio Cuartoko Gure Ametza berriak hilero bidaltzeko harpidedunen bere datu basea eguneratzen ari da

2013/02/11

Rio Cuartoko eta Argentina osoko euskal gizataldearen ekintzen berri izan nahi duzu? Cordoba probintziako herri honetako euskal etxeko kideak datu-base berria egiten ari dira beren hileroko buletin digitala ahalik eta jende gehienari helarazteko. Ondorioz, helbide elektronikoa bidaltzera gonbidatzen dituzte informazioa jasotzeko interesa duten guztiak. Bide batez, eta 2013ko agenda antolatzen hasi ahal izateko, aurtengo ekintzen egitararua plazaratu dute. Lehenengo aktibitatea proiekzio bat izango da, martxoaren 14an.

Rio Cuarto, Argentina. Hilabetero kaleratzen du Guru Ametza Euskal Etxeak bere aldizkaritxoa. Buletina paperezko edizioan eta formatu digitalean ateratzen da eta euskal kolektibitateak gauzatzen dituen proiektu eta aktibitateen berriak biltzen ditu, batez ere Rio Cuarto bertoko euskal etxeak gauzatzen dituenak.

Gero eta jende gehiagorengana iristea da egileen aurtengo asmoa. Kari horretara ordenagailuan buletina jaso nahi dutenek euren datuak bidaltzera gonbidatzen dituzte gureametza@gmail.com helbidera hala eskatuz. “Baten batek badaki bere ahaide edo lagun batek jaso nahi duela, haren datuak pasa eta berehala bidaliko diogu. Eta norbaitek helbide elektronikorik ez badu, bere inguruko batena eman diezaiguke eta horrela kontaktua ez da galduko”, proposaten dute.

2013ko agenda

Otsailaren lehenengo egun hauetan, 2013an zehar euskal etxeak burutuko dituen aktibitateen programa ere jakinarazi dute Rio Cuartoko euskal kolektibitatearen ordezkariek.

Martxoan Urteko Biltzar Nagusia egingo da. Martxoan ere, 14ean, ostegunez, eta gaueko 9etan, ‘Segoviako ihesa’ proiektatuko dute. Apirilaren 12an, gaueko 10etan, urteko lehenengo Euskal Taberna gauzatuko da etxearen egoitzan. Maiatzean, berriz, Kimuak bildumako laburmetraien emanaldia eskainiko da Teatrino de la Trapalanda antzokian (Colon kaleko 149an).

Hurrengo ekintza ekainaren 16an izango da. Igande horretan euskal etxeko sukaldariek euren emaitza onena prestatuko dute --paella-- puskaka saltzeko. Neguko hotzari aurre egiteko eta San Inazio eguna ospatzeko askari berezia antolatuko dute riocuartotarrek uztailaren 28an, tea eta txokolatearekin.

Irailean, eta komunitatearen eskaerari erantzunez, beste paella erraldoi bat prestatuko dute etxeko chefek, 15ean, igandea. Urrian, berriz, erakundearen urtebetetzea ospatuko dute. 15ean, asteartez, gaueko 9etan hain zuzen, burutuko da urtebetetze jaia. Urte amaierarekin batera, 2013ko azken Euskara Tabernan hartuko dute parte instituzioko ikasle, irakasle eta oro har lagunek. Hitzordua abenduaren 7an izango da, gaueko 11etan.

“Datorren buletinean, euskara eskolen eta Banco Nacion klubean emango diren euskal pilota klaseen ordutegiak jakinaraziko ditugu. Hauek dira orain arte baieztatuta ditugun ekintzak baina ziur aski urtea aurrera joan ahala beste proposamen batzuk izango ditugu, tartean Santa Eufrasia Kolegioan antolatuko dugun Kimuak laburmetraien bigarren emanaldia eta abenduko meza, San Francisco elizan”, diote Gure Ametzako arduradunek.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita