Ordizia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Ordizia

 Gipuzkoa
Ordizia
Ordiziako ikuspegi orokorra Usurbe menditik ikusita.
Atzealdean, Txindoki eta Aralarko mendilerroa daudelarik.
Izen ofiziala Ordizia
Estatua
Erkidegoa
Lurralde Historikoa
Eskualdea
Espainia
Euskal Autonomia Erkidegoa
Gipuzkoa
Goierri
Alkatea Igor Eguren Izagirre (Bildu)
Herritarra ordiziar
Koordenatuak 43°03′14″N 2°10′46″W / 43.05389°N 2.17944°W / 43.05389; -2.17944

Gipuzkoa municipalities Ordizia.JPG

Eremua 5,65 km2
Garaiera 150 m
Distantzia 39 km Donostiara
Posta kodea 20240
Biztanleria 9.811 bizt (2011)
Dentsitatea 1.736,46 bizt/km²
Sorrera 1256
http://www.ordizia.net/

Ordizia Gipuzkoa erdi-hegoaldeko udalerria da, Goierri eskualdeko hiriburua. Mugakide ditu iparraldean Itsasondo eta Beasain, ekialdean Itsasondo, Arama eta Zaldibia, mendebaldean Beasain eta hegoaldean Lazkao.

Gipuzkoako biztanle dentsitaterik handienetarikoa du eta Oria ibaiak zeharkatzen du. 1000 metrora iristen ez diren mendiez inguratua dago, Murumendi (848 m), Odeta-Goeña (784 m) eta Paola (734 m).

Eduki-taula

[aldatu] Historia

Ordiziako ikuspegi orokorra, atzealdean Txindoki mendia eta Aralarko mendilerroa ikusten direla.

Alfontso X.a Gaztelakoak sortu omen zuen herria 1256an, herriak sortzeko plangintza orokor bati jarraituz; Segura eta Tolosa ere modu berean sortu ziren.

Hasiera batean, San Bartolome baselizaren ondoan kokaturik zegoen herria, eta "Ordizia" zuen izena. Aurreraxeago, aipaturiko errege horrek berak aldatu zion izena eta Villafranca ipini, Sevillan 1268ko ekainaren 30ean emandako eskubide berezi baten bitartez. Horrez gain, Gasteizek zituen abantailak eta Foruak ere eman zizkion, eta erregeari ordaindu beharreko zergak ez ordaintzeko baimena ere bai. Antso IV.a Gaztelakoa, Ausarta, izan zen Alfontsoren ondorengoa, emandako eskubide berezia berretsi eta zergak ez ordaintzeko eskubide gehiago ezarri zituena Valladoliden sinatutako beste agiri bat zela medio.

Badakigu 1397an, Getariako Batzarretan parte hartu zuela Ordiziak, hala baitio gorde den partaide zerrendarik zaharrenak.

1467an, beste lege berezi bat jaso zuen, Madrilen urtarrilaren 14an emandakoa; bertan, Henrike IV.a Gaztelakoak urteko bi mila marai eta bestelako zerga batzuk ordaintzetik libre utzi zuen herria, herriak erregeri ematen zizkion zerbitzuen ordainetan. Inguruko herrixkek, Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Legorreta, Zaldibia, eta Lazkaoko zenbait etxek, gaizkile eta herriko jauntxoen ondorioz beren lurretan zegoen ziurtasun falta zela eta, Ordiziarekin bat egiteko eskaera egin zuten babesa lortu eta herriek zituzten abantailak eskuratzeko.

1399ko apirilaren 8an Villafrancak auzolagun bezala onartu zituen. Adiskidetasun Idatzi bat sinatu zuten guztiek, Henrike III.a Gaztelakoak Tureganon 1402ko abuztuaren 5ean, gero Errege-erregina Katolikoek Kordoban 1492ko maiatzaren 27an berretsi zutena. Inguruko herriak auzolaguntzat hartuz, Ordiziako alkateak eskumen bereziak jaso zituen, bai auzibide arlokoak, bai zibilak eta baita kriminalak ere; herri horietan lehen zeuden alkateak auzo-alkate bihurtu ziren. Hala ere, herri horiek beren udalei eta batzar irekiei eutsi zieten, beren lurraldea zedarrituta, beren mendi eta jabegoak eta beren ekonomia administrazioa gorde zuten.

Batasun horrek berrehun urte baino gehiago iraun zuen, baina batasun-behar horren arrazoiak desagertu zirenean, beren udal askatasuna lortzeko irrikitan, herri-amak irainak egin zizkiola eta, banaketa eskatu zuten. Filipe III.ak eman zien ontzat eskaera, errege kutxek dirua behar zutelako eta, herrien arteko banaketen ondorioz, zerga ederrak jasotzen zituztelako. Lazkaoko etxeek, berriz, Ordiziarekin bat eginik jarraitu zuten 1648ko otsaila arte, urte horretan izan baitzuten berriz beren udala.

Muxika dorretxea eta Andra Maria Jasokundeko elizaren irudia.

Villafranca bakarrik gelditzerakoan, Probintziako Batzarretan prokuradorearen gastuak oso altuak zirela eta, Beasainekin bat egin zuen, eta Villafrancako Batasuna izena ezarri. Batasuna, 1644an sinatu zen eta 1687ko maiatzaren 4an, Arama eta Zaldibia ere batasunean sartu ziren. Arrazoiak berberak izan ziren, ordezkapen gastuak beste herri batzuekin erdi bana egitea. 1710eko apirilaren 10ean Ataun sartu zen batasunean, baina Batzar Nagusiek ez zuten 1712 arte onartu. 1741ean tirabirak hasi ziren Zaldibiarekin, 1768an Aramarekin eta 1818an Ataun eta Beasainekin. Ordutik aurrera, Villafranca bakarrik egon zen. Ordizian 27 sukalde-zerga ordaintzen ziren; eta Probintziako Batzarretan, Korrejidore-Lehendakariaren ondoan hamabosgarren jarlekuan esertzen zen Ordiziako ordezkaria.

XVIII. mendean, sute ugari izan ziren. (1738, 1751 eta 1794an), baina ez ziren garrantzi handikoak izan, horietatik batek ere ez baitzuen lortu 1512ko martxoaren 18an gertatutako suteak adinako larritasuna; sute hark, erabat suntsitu zuen herria. 1859an beste sute bat izan zen eta herriaren zati bat hondatuta gelditu zen haren ondorioz.

Herria liberalen alde jarri zenez gero, Lehen Gerra Karlistan Zumalakarregik eraso egin zion, 1835ean hain zuzen ere. Maiatzaren 25etik ekainaren 3ra arte iraun zuen erasoak, orduan eman baitzuen amore herriak, irabazteko aukera gutxi zituela konturatu zenean. Bitxikeria bada ere, Don Karlos erregegaiak -Karlos VII.a izan nahi zuenak- Ordizia aukeratu zuen, zenbait urte geroago 1875ean, euskal foruak zin egiteko.

Antzina-antzinatik herria Bozue Txiki edo Villafranca izeneko Komunitateko partaide izan zen. Komunitate hori lehenengo aldiz 1027 urteko Nafarroako Antxo Handiaren agiri batean agertzen da. Aralar eta Enirioko mendien etekinen hogeita zortziren bat jasotzen zuen herriak, 1409an "Komenio eta Ajusteagatik" ezarritako diruaren zatia, hain zuzen ere. Komunitateak oraindik ere bizirik dirau eta Ordiziako alkatea da lehendakari.

1970eko apirilaren 17an aldatu zen izen ofiziala, "Villafranca de Oria" izatetik "Villafranca de Ordizia" izatera igaroz. 1982ko urtarrilaren 4an behin betiko izena jarri zitzaion: Ordizia.

[aldatu] Ondasun nabarmenak

Ordiziako hiri-morfologia suteen, gerren eta herriaren beraren aurrerapenaren ondorioz, eraldakuntza handia jasan du. Halere, ordea, oraindik ere Erdi Aroko tipologia gordetzen du neurri handi batean, bide-trazadurari eta lurzatiketari dagokienez.

Herriaren oinplanoa erregularra da, forma obala eta itxia du. Kale nagusiak hiru dira eta ekialdetik mendebalderako orientazioa dute. Erdikoa —Kale Nagusiaa— zuzena da, eta bertatik igarotzen zen Behobiako Errege-bidea. Honek, gainera, harresiaren ateetako bi lotzen zituen. Alboetako kaleek, alegia Santa Maria kaleak eta gaur egun Goenkalek eta Elkano kaleak osatzen dutenak, harresiaren trazadura eliptikoa itxuratzen zuten; eta honen hegoaldean eliza —parroki gotorlekua— zegoen kokatuta. Hirigunearen zati honetan Etxezarreta kaleak markatzen du hesiaren kanpoko lerroa. Zeharkako arteria batek —egungo Goitia kaleak eta Kale Nagusiak okupatzen dutenak— herriko beste bi ateak lotzen zituen.

Hirigunearen barruan, Kale Nagusiaren, Goenkaleren eta Elkano kalearen artean Plaza Nagusiaren erdiko espazio handia irekitzen da, eta honen aurrean Udaletxea dago. Beste espazio publiko aipagarri bat Barrena jauregiaren aurreko lorategiak dira, antzinako barrutiaren muturrean aurkitzen direnak. Lurzatiketak Erdi Aroko zenbait ezaugarri gordetzen ditu: esate baterako, fatxada estuko oin sakon tipikoak, herriaren barneko etxadi bikoitzak, eta herriaren muturretako etxadi bakunak.

Eraikuntzak tipologia askotarikoa du, bertan XIX. eta XX. mendeetako jarduketak nagusitzen dira. Garrantzi berezia duten eraikin aipagarrienak ondokoak dira:

1996ko martxoaren 12an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen Ordiziako Hirigune Historikoa, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2].

[aldatu] Ordiziako armarria

1989ko urtarrilean erabaki zuen Ordiziako Udal Osoko Bilkurak herriko armarria zein zen zehazteko espedienteari ekitea, behin betirako udal erakundearen sinboloa zein izango zen erregulatzeko.

Udalerrian hainbat armarri zeudenez, horri buruzko xehetasunak emateko eta txostena egiteko agindu zitzaion aditu bati. Hari horretatik, Borja de Aginagalde, Eusko Jaurlaritzako Agiri Ondarearen arduradunak gutun bat bidali zuen Udaletxera, eta honako hau adierazi zuen: "Lurralde osoan salbuespen osoko posizioa du Ordiziak: herriko armak datatuta ditu, 1568an hain zuzen ere, monumentu izaera duen testigantzaz, gainera, hau da, parrokiako eskulturan...". Parrokiako agiritegian dauden armarriak dira, aldaretik sakristiara sartzeko ate gainean daudenak zehazki.

Eusko Ikaskuntzak ere egin zuen txostena, eta udal armarria aldatzea onartu zen (1989ko maiatzaren 2ko Osoko Bilkuran), eta honelaxe idatzi zen armarri horren itxura:

"Hondo urdin batean urrezko almenaz apainduriko urrezko gaztelu bat, lauki urre koloredun eta beltzen gainean. Ingurua, Erdi Aroko eredu espainiarra mako erpinez amaiturik".

[aldatu] Politika

2011ko udal eta foru hauteskundeak Ordizia udalerrian Bildu alderdiak irabazi zituen. Hori horrela izanik, udalean gehiengo absolutua lortu zuten eta Igor Eguren alkate izendatu zuten.

Ordiziako Udaleko alderdi politikoak

Alderdia Zinegotziak Botoak Ehunekoa
Bildu
7
1.949
%41,66
Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
5
1.419
%30,33
Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE)
1
546
%11,67
Euskadiko Alderdi Popularra (PP)
-
222
%4,75
Aralar
-
219
%4,68
Hamaikabat (H1!)
-
127
%2,71
Ezker Batua-Berdeak (EB-B)
-
114
%2,44

[aldatu] Euskara

Ordiziako euskara Goierriko hizkeraren barnean sartzen da.

Euskara Ordiziako biztanleen lehen hizkuntza izan zen XX. mendera arte. Ordiziari buruz datu zehatzik ez badugu ere, Gipuzkoako eta Ordiziako egoera soziolinguistikoak antzeko samarrak zirela emanda, esan daiteke XIX. mendearen erdialdean ordiziarren %96k euskaraz zekiela. Garai horretan oso gutxi izango ziren gaztelaniaz bakarrik zekiten ordiziarrak. Handik ehun urtera, hainbat faktoreren eraginez, Ordiziako euskaldunen portzentajea erdira etorrita zegoen.

Gaur egun Ordiziako biztanleen %62 dira euskaldunak, 2005ean Eustatek egindako erroldaren arabera.

[aldatu] Demografia

Biztanleriaren bilakaera
1900 1910 1920 1930 1940 1950 1960 1970 1981 1991 2001 2009
1.452 2.122 3.141 4.416 4.456 4.853 6.790 9.465 9.724 9.325 8.938 9.732

[aldatu] Jaiak eta ospakizunak

[aldatu] Ordiziar ezagunak

2007ko Santanazaleen esku-dantza, Ordiziako plaza nagusian, azokapean.
Joseba Rezolaren jaiotetxean ezarririk dagoen oroitarria.

[aldatu] Erreferentziak

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Ordizia
Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko Wikiatlasa
Tresna pertsonalak
Izen-tarteak
Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak