Beasain

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Beasain

 Gipuzkoa
Beasainen ikuspegi orokorra, Loinazko Andre Mariaren baselizatik begiratuta: hurbilean Loinatz auzoa, ezkerrean urrunxeago Beasaingo erdigunea, eskuinaldean Indar lantegia, eta urrutira Txindoki mendia.
Beasainen ikuspegi orokorra, Loinazko Andre Mariaren baselizatik begiratuta: hurbilean Loinatz auzoa, ezkerrean urrunxeago Beasaingo erdigunea, eskuinaldean Indar lantegia, eta urrutira Txindoki mendia.

Beasaingo armarria

Izen ofiziala Beasain
Estatua
Erkidegoa
Lurralde Historikoa
Eskualdea
Espainia
Euskal Autonomia Erkidegoa
Gipuzkoa
Goierri
Alkatea Koldo Agirre Mujika (Bildu)
Herritarra beasaindar
Koordenatuak 43°02′50″N 2°11′46″W / 43.04722°N 2.19611°W / 43.04722; -2.19611

Gipuzkoa municipalities Beasain.JPG

Eremua 30,02 km2
Garaiera 159 m
Distantzia 42 km Donostiara
Posta kodea 20200
Biztanleria 13.717 bizt (2011)
Dentsitatea 456,93 bizt/km²
Sorrera 1615
http://www.beasain.org/

Beasain Gipuzkoako Goierri eskualdeko udalerria da, Oria ibaiaren ertzean kokatua. Goierriko udalerri jendetsuena da, 13.680 biztanle baitzituen 2010ean. Hiriburutik, Donostiatik, 42 kilometrora dago, eta itsas mailatik 159,2 metro gorago.

Eduki-taula

[aldatu] Geografia

[aldatu] Mugakide dituen udalerriak

Erlojuaren orratzen noranzkoan:

[aldatu] Erliebea

Beasaingo ia udalerri osoa Oriaren arroan dago. Oria da, gainera, Beasaingo ibairik urtsuena eta herrigunea zeharkatzen duena. Udalerriaren zatitxo bat, ipar mendebaldean, Urolaren arroakoa da. Hauek dira Oria ibaira isurtzen diren ibai, erreka eta errekatxoak: Eztanda, Arriaran, Larrebarrena, Muruerreka, Igartetxeerreka, Basakaitz, Mariarats, Ezkierdierreka, Arkabe, Pasazabal, Zagaitzerreka eta Agauntza. Urola ibaira, berriz, beste hauek isurtzen dira: Ibaieder, Errekaundi, Otoerreka, Erroitz-erreka, Sustatxoerreka eta Eulaerreka.

Beasaingo punturik altuena Murumendiko gailurra da (867 m); baxuena, berriz, Oria ibaiaren ibilgua, Ordiziara igarotzen den tokian. Udalerri menditsua da, hegoaldean dituen Oria eta Eztanda ibaien aldameneko lur lau emankorrak izan ezik. Hona hemen mendi garaienak: Murumendi, Usurbe, Pagokabar, Zormendi, Mallutz, Urresparatz, Murutxiki, Portamosegi, Txoritegi, Atxabal, Ekuneta eta Zarate.

[aldatu] Natura ingurunea

Hurbil ditu Aizkorriko eta Aralarko mendilerroak.

Udalerrian bertan, Arriarango urtegia, herrigunetik joanda ibilbide ederra duena. Orobat, txangoak egiteko oso egokia da Usurbe mendia, udalerriko ia edozein bazterretatik ikusgai diren gurutze handia eta telebista nahiz irrati uhinetarako antenatzarra dituena. Eta, Usurbetik iparralderaxeago, Mariren bizilekuetako bat, Murumendi.

[aldatu] Auzoak

Beasainek hamabi auzo ditu:

Auzoa Biztanleak
(2004)
Altamira 15
Antzizar 4
Aratz-Matxinbenta 31
Arriaran 68
Astigarreta 13
Beasaingo herrigunea 12.032
Beasainmendi 87
Garin 24
Gudugarreta 38
Loinatz 91
Salbatore 30
Ugartemendi 9

[aldatu] Historia

Beasaingo Igartza jauregia.

Historiaurreko aztarnak aurkitu dira Beasainen: Murumendi eta Matxinbentan trikuharriak daude. Erdi Aroan, XIII. mendean, Igartzako eta Arriarango leinuak ziren nagusi herrian; Igartzatarren nagusigoak mende askoan iraungo zuen. Arriarangoaren dorretxea, 1456an eraitsi zuten Gipuzkoako anaiarteek.

1399an, Beasain Ordiziari uztartu zitzaion, gaizkile, bidelapur eta ahaide nagusiengandik defendatzeko. Hala ere, autonomia ekonomiko eta administratiboa mantendu zuen. 1615ean hiribildu titulua lortu zuen. Orduantxe ere hiribildu bilakatu ziren Astigarreta eta Gudugarretarekin (biak gaur egun Beasaingo auzoak dira) muga arazoak izan zituen XIX. mendearen hasiera arte.

1619an Ataun eta Idiazabalekin elkartu zen, Gipuzkoako Batzarretarako ordezkariaren gastuak murriztearren. 1639an batasunetik irten eta 1644an Ordiziarekin elkartu zen hamar urterako. Batasun horrek aurrekoaren helburu bera zuen: Batzarretara bien artean ordaindutako ordezkari bakarra bidaltzea, alegia. 1682an Zaldibia, Ordizia eta Aramarekin elkartu zen, eta 1710ean Ataun batu zitzaien. 1818an Beasain, Ataun eta Zaldibiak Atazalbeako Batasuna sortu zuten, betiere Gipuzkoako Batzarretarako gastuak murrizteko helburuz. Batasun horrek 1852 arte iraun zuen.

Burdinolek garrantzi handia izan zuten Beasainen Erdi Aroaz geroztik, eta, Industria Iraultza iritsi zenean, hemen eraiki zen Gipuzkoako lehen labegaraia, 1860an. Hor du jatorria gaur egun trengintzan diharduen eta Beasaingo enpresa nagusia den CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) konpainiak.

[aldatu] Ekonomia

Beasaingo ekonomiaren ardatz metalgintzaren inguruko industria izan da XV. mendean Igartzako jaunak Igartzako burdinola eraikiarazi zuenetik behintzat,[oh 1] eta halaxe da gaur egun ere. Herriko fabrika nagusiak:

  • CAF (inguruko goierritarren artean, Fabrika Haundie): trenak eta trenbideetako materialak egiten ditu. Beasaingo eta Goierri osoko enpresa nagusia, alde handiz. Inguruko beste enpresa txikiago askok harentzat lan egiten dute.
  • Indar Maquinas Electricas (Ingeteam taldekoa): material elektrikoa, elektromekanikoa eta hidraulikoa egiten du.
  • Fundiciones del Estanda: erresistentzia handiko altzairuak egiten ditu.
  • Industrias Electromecánicas GH: garabiak, polipastoak eta haientzako osagaiak egiten ditu.

Merkataritza- eta zerbitzu-gune ere bada.

[aldatu] Demografia

Beasaingo biztanle kopuruak maila berdintsuan iraun zuen hainbat mendez, harik eta, XIX. mendearen bukaerarekin, herria industrializatu zen arte. Geroztik, eta bereziki CAF enpresaren sorrera eta hazkundearekin, immigrazio handia izan zen,[2] batez ere 1970. urteraino.

XIX. mendearen bukaeraz geroztik, bilakaera hau izan du Beasainek, biztanle kopuruaren aldetik:

Biztanleriaren bilakaera
(Iturria: Beasaingo Udala[3])
1900 1910 1920 1930 1940 1950 1960 1970 1980 1990 1995 2000 2005
1.932 2.973 3.775 5.260 4.986 5.487 7.689 10.095 11.731 12.461 12.412 12.227 12.586

Gaur egun, Beasain Gipuzkoako 15. udalerria da, biztanle kopuruaren aldetik.[4] Hona hemen azken urteotako bilakaera:

Biztanleriaren bilakaera
(Iturria: INE[5])
1996 1998 1999 2000 2001 2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010
12.331 12.297 12.171 12.134 12.144 12.257 12.326 12.442 12.586 12.682 12.932 13.510 13.557 13.680

[aldatu] Politika

[aldatu] Udalaren egungo osaera

Egungo Beasaingo Udalbatza 2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetan erabaki zen. Hona hemen emaitzak:[6]

Beasaingo udalbatza

Izena Zinegotziak Boto kopurua Botoen ehunekoa
Bildu
6
1.949
% 31,63
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
6
1.905
% 30,92
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE-PSOE)
2
861
% 13,98
Hamaikabat
1
462
% 7,50
Alderdi Popularra (PP)
1
372
% 6,04
Aralar
1
319
% 5,18
Ezker Batua - Berdeak (EB-B)
-
181
% 2,94

[aldatu] Alkateen zerrenda

Agintaldia Alkatea
2011- Koldo Agirre Mujika (Bildu)
2007-2011 Patxi Plazaola Muguruza (EAJ)
2003-2007 Patxi Plazaola Muguruza (EAJ)
1999-2003 Jon Jauregi Bereziartua (EAJ)
1995-1999 Jon Jauregi Bereziartua (EAJ)
1991-1995 Jose Luis Arriola Trueba (EAJ)
1987-1991 Jose Antonio Imaz Insausti (EAJ)
1983-1987 Jose Antonio Imaz Insausti (EAJ)
1979-1983 Juan Lasa Jauregi (EAJ)

[aldatu] Kultura

[aldatu] Euskara

Beasaingo euskara eta etnografia proiektuan elkarrizketaturiko beasaindarrak, Astigarreta auzoan

Beasaingo euskalkia gipuzkeraren aldaera da, eta Goierriko hizkeraren ezaugarri gehienak edo denak biltzen ditu. Indartsu daude gipuzkeraren bereizgarri gehienak; hala ere, Euskal Herriko erdigunetik zabaldu diren hainbat berrikuntza ez dira Beasaina iritsi, eta nabaria da mendebaleko euskararen zenbait ezaugarri, indartsuago edo ahulago, Beasaina ere iritsi izana. Beasaingo kalean eta auzoetan, Goierriko hizkera gehientsuenen artean bezala, batasun handia dago. Salbuespen bakarra Aratz-Matxinbenta da.[7]

Beasaingo Udalak 2005. urtean abiatutako Beasaingo euskara eta etnografia proiektuaren bidez, herriko hizkera eta ahozko ondarea bildu zituzten, 45 bat beasaindar elkarrizketatuta.[8]

[aldatu] Ondasun nabarmenak

Historiaren aldetik nolabaiteko balioa duten Beasaingo eraikinen zerrenda osoa hementxe duzu: Beasaingo ondare higiezinaren inbentarioa (2001). Nabarmenenak aipatuko ditugu hemen.

[aldatu] Igartzako eraikin multzoa

Igartzako zubia, eta Igartzako multzoak Oria ibaiaren eskuinaldean dituen eraikinak: burdinola, errota, jauregia eta baseliza
Igartzako zubia, eta Igartzako multzoak Oria ibaiaren ezkerraldean duen eraikina: Dolarea

Igartzako jaun-andre boteretsuei lotua, Behe Erdi Arokoak dira aztarnarik zaharrenak. Eraikin hauek ditu osagai:[9]

  • Igartza jauregia: Igartzako jaun-andreen oinetxea. Jauregia XVI. mendean eraikiarazi zuten Igartzako jaun-andreek, Henrike IV.a Gaztelako erregeak XV. mendean suntsiarazi zien Erdi Aroko dorretxearen gainean.
  • Igartzako zubia: harrizko zubia eraikitzeko agindua eman zuen Alfontso X.a Gaztelakoak 1256. urtean. Igartzari buruzko estreinako aipamena, beraz, zubiarena da; ez da harritzekoa, dorretxea hura zaintzeko eraikiko baitzuten, Erdi Aroan egin ohi zenez. Kokaleku estrategikoa baitzen: hortxe elkartzen ziren Gipuzkoara Lizarratetik eta Leintz-Gatzagatik sartutako bideak, Oria arroko bidea hartzeko. Eta bide horrekin gurutzatzen zen, Igartzan, Nafarroatik Bizkairantz zihoan bidea. Beraz, Nafarroako, Gaztelako eta Frantziako erresumen arteko komunikazioetarako gune garrantzitsua zen. Igartzako zubiaren jabe zen Igartzako jauna, eta 1480. urte arte bidesaria ordaindu behar izan zion zubia igarotzen zuen orok.
  • Igartzako burdinola: lehenengo aldiz XV. mendean eraikiarazi zuten Igartzako jaun-andreek; geroztik hainbat aldiz suntsitu, berreraiki eta berritu da.
  • Igartzako errota: 1431koa da haren lehendabiziko aipamena.
  • Igartzako gurutzea: hareharrizko gurutzea, bost bat metrokoa. Oinean, metalezko bi plakatan, San Martin Loinazkoak bere idazkariari 1596an diktatu ziona jasotzen duen esaldi hau du (euskaraz eta gaztelaniaz): «Igartzakoa naiz, Tolosatik lau legoatara». Martin Albisu apaizak eman zuen gurutze hori eraikitzeko agindua, 1599an; Beasaingo parrokiako apaiza zen, eta hura eraikitzeko behar adina diru utzi zuen ondaretan.
  • Dolarea: etxe horrek sagardoa egiteko dolarea zuelako du izen hori. Ostatutzat ere erabili zen. Gaur egun, Dolarea izeneko hotela eta jatetxea dago hor.
  • Errementariaren etxea.
  • Baseliza (Belengo Andre Mariaren kapera): jauregiaren aurrealdean dago.

[aldatu] Loinazko Andre Mariaren baseliza

Loinazko Andre Mariaren baseliza XVI. menderako eraikia zegoen, eta dirudienez XIII. mendekoa da hango Andre Mariaren zurezko irudi polikromatua.

[aldatu] Letamendi baserria

Letamendi baserria XVII. mendekoa da. Beasaingo herrigunearen gaineko muino batean dago, Beasainmendi auzoaren beheko aldean.

[aldatu] Jasokundeko Andre Mariaren eliza

Jasokundeko Andre Mariaren eliza Erdi Aroan eraiki zuten, baina garai hartakoak pulpitu azpiko arkua eta Igartzako jaun-andreen kapera baino ez dira. XVI. eta XVII. mendeetan hainbat berrikuntza lan egin ondoren hartu zuen eraikuntzak ia erabat gaur egungo itxura. 1660an arkupea eraiki zitzaion, eta herriko gune publiko garrantzitsu bilakatu zen. Kanpandorrea XVII. mendekoa da, eta sakristia XVIII. mendekoa. Barnealdean hiru ataleko erretaula dago. Nabe bakarreko eliza da; atzealdean korua eta hainbat gela ditu erantsirik. Gurutze gangak ditu estalkian.

[aldatu] Olaran fabrika

Olaran fabrika 1939an eraiki zuten, eta arkitektura arrazionalistaren erakusgarri da. Orduz geroztik larrugintzan aritu zen, harik eta 2009. urtean —nazioarteko krisialdiak jota— enpresa itxi zuten arte.

[aldatu] Beasaindar ospetsuak

Jaiotegunaren hurrenkeran:

[aldatu] Garraiobideak

Beasaingo geltokiaren irudia, 2000. urtearen ingurukoa; geroztik asko aldatu eta hobetu da trenbidearen aurrealdeko plaza

Esan bezala, Erdi Aroaz geroztik behintzat bide garrantzitsuak igaro dira Beasaindik. Gaur egun, herritik igarotzen dira A-1 autobidea eta Madril-Irun trenbidea. Beasaingo tren geltokia da Goierriko tren geltoki nagusia. Probintzia arteko hainbat autobus lineak ere bidaiariak hartu eta uzteko geldialdia egiten dute Beasainen.[10]

Herri barruko eta inguruko herrietako joan-etorrietarako garraiobide publiko nagusia autobusak dira,[10] eta trena ere erabiltzen da inguruko zenbait herritara joan-etorriak egiteko.[11]

Goieki (Goierriko garapen agentzia) Autoa Elkarrekin ekimena bultzatzen ari da.[12] Euskal Autonomia Erkidego osoan hainbat erakunde publikoren artean aurrera eramaten ari diren ekimen horrekin, ordu bertsuan bide bertsua egiten duten herritarren artean autoa partekatzea bultzatu nahi da, autoa modu arrazoizkoago batean erabil dadin, eta kutsaduraren eta auto ilaren arazoei aurre egitearren.[13]

[aldatu] Oharrak

  1. Garai hartan, XV. mendean, lanean zen Igartzaola izeneko burdinola ere, Aratz-Matxinbentan. Igartzako jaun-andreena zen hura ere.[1]

[aldatu] Erreferentziak

  1. «Igartzako multzoa: XIV. mendetik bultzatutako egitasmoa», Igartzako monumentu multzoaren webgunea.
  2. «Biztanleria», Beasaingo Udalaren webgunean.
  3. «Bilakaera», Beasaingo Udalaren webgunean. Eskuratze-data: 2011-07-20.
  4. Iturria: INE, Espainiako Estatistika Erakundea (2008-01-01).
  5. (Gaztelaniaz) Beasaingo biztanle kopuruak, Espainiako Estatistika Erakundearen (INE) webgunean. Eskuratze-data: 2011-07-20.
  6. 2011ko udal hauteskundeek Beasainen izandako emaitza ofizialak, Espainiako Barne Arazoetako Ministerioaren webgunean.
  7. Aintzane Agirrebeña, Itziar Alberdi, Xabier Mendiguren Elizegi eta Asier Sarasua Aranberri: Beasaingo Euskara, Beasaingo Paperak bildumako 15. liburukia (Beasaingo Udala, 2007). Egileek haren iruzkina egin zuten Goierriko Hitzan, 2007-11-08an.
  8. Beasaingo euskara eta etnografia proiektuaren web orria, Ahotsak.com, Euskal Herriko Ahotsak egitasmoaren webgunean.
  9. David Zapirain (Aranzadi Zientzia Elkartea): Igartzako monumentu multzoaren webgunea. Beasaingo Udala.
  10. a b «Garraioa», Beasaingo Udalaren webgunea.
  11. Renfe konpainiaren Donostiako aldiriko trenen ordutegia, Renferen webgunea.
  12. «Autoan elkarrekin», Goiekiren webgunea.
  13. Nagore Irazustabarrena: Auto-ilarak: Gasolina eta pazientzia galtzen, Argia, 2005-10-16.

[aldatu] Ikus, gainera

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Beasain
Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko Wikiatlasa

[aldatu] Kanpo loturak


Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak